'Ibilbidea' itzulpen liburua kaleratu du Maite Lopez idazleak

Andoni Elduaien 2022ko abe. 14a, 09:00
Maite Lopez Durangoko Azokan, 'Ibilbidea' liburua eskuetan duela. (Utzitakoa)

Latinetik euskaratu du itzulpen lana idazle azkoitiarrak. IV. mendean, Iberiar penintsulako Egeria lehen emakume idazleak egindako ibilbidea jaso du Lopezek aurten kaleratu duen bere hirugarren lanean.

Maite Lopez idazle azkoitiarrak Egeriaren Ibilbidea itzulpen liburua (Testu Zaharrak) aurkeztu zuen joan den ostegunean, Durangoko Azokan. 2022. urtean kaleratu duen hirugarren liburua da Ibilbidea, eta IV. mendean Iberiar penintsulako lehen emakume idazleak, Egeriak, egindako ibilbide bat jaso du obran. Hain justu, Egeria izan zen Mendebaldetik Ekialdera egindako bidaiaren kontaketa egiten lehena, eta Lopezen hitzetan "ez da nolanahikoa" emakume hark egin zuena. "Garai hartan ezagutzen zen mundu osoa zeharkatu zuen, Gallaecia probintziako zehaztu gabeko herri batetik, munduaren beste muturretik, Lur Santura".

Idazle azkoitiarrak dio "sekulako bidaia" egin zuela Egeriak duela 1.600 urte inguru, eta hark aberrian gelditu ziren lagunei eskutitzen bitartez kontatzen ziela ikusitakoa. "Ibilbidea osatzen, guztira, hiru bat urte iraun zituela uste da, baina guri iritsi zaiguna 381. urtetik 384. urtera bitartekoa da; ez zaigu osorik iritsi". Egeriaren Itinerarium lana mundu zabaleko hizkuntza askotara dago itzulita, besteak beste, frantsesera, ingelesera, alemanera, italierara, gaztelaniara, katalanera eta galegora. "Orain, lehendabizikoz, euskaraz daukagu".

Bidaia bera "goresgarria" izanagatik ere, ez da Egeriaren "kontakizunaren handitasuna bezain garrantzitsua". Idazle azkoitiarrarentzat "adierazgarriena, batik bat, kontaketa" bera da. "Nabarmentzekoak dira bidaiaren xehetasunak azaltzeko gaitasuna eta joan-etorriaz gozatzeko gogoa". Kontaketa hura eginda, Egeria literatura genero baten "aitzindari" bilakatu zela dio Lopezek; izan ere, Erdi Aroko eta Errenazimenduko aurkitzaileen nahiz esploratzaile ilustratuen bidaiari senaren aitzindaria izan zen. "Egeriaren berezitasunik aipagarriena da xehetasunetan erreparatzeko behar adina denbora hartzeko zuen berezko dohaina. Badaki bere burua zukutzen. Nekaldiak izan arren, ez du ezkutatzen bidaiak eragiten dion gozamena. Esperientziarekin aberastea du xede".

Lana, bere kabuz ondua

Testu Zaharrak argitaletxeak kaleratu du Lopezen azken itzulpen lana. Saforen poesia guztia eta Poetandreak literatura greko-latindarrean itzulpen lanak bezala, Ibilbidea liburua ere bere kabuz sortu du idazle azkoitiarrak. "Neure kasa hasi nintzen liburua itzultzen, lana eta idazlea bera asko interesatzen zitzaizkidalako. Beharrezkoa ikusten nuen hura euskarara ekartzea eta jendeak ezagutzea. Argitaletxeari nire itzulpenaren berri eman nion, eta berehala jaso nuen baiezkoa". Lopezek adierazi du Xabier Monasterio editorea "lanaren garrantzia ukaezinaz" jabetu zela, eta hark Ibilbidea liburua "argitaratzeko gogoa" erakutsi zuela.

Edizio lana "oso txukun eta dotore" gelditu da idazlearen iritziz, eta horregatik, "oso pozik" dago azken emaitzarekin. Liburuaren hitzaurrea Uxue Alberdi idazleak eta bertsolariak ondu du, eta gainera, liburuaren zenbait orritan Laura Feijoo diseinatzaile bilbotarrak egindako hainbat irudi aurki daitezke. "Egeriaren erretratua eta ibilbidearen balizko mapa bat ikus daitezke liburuan, horiek testua aberasten eta irakurketa errazten laguntzen baitute".

Lopezentzat testua itzultzea "gozamena" izan da, beretzat "altxorra" baita Egeriaren Itinerarium liburua. "Hizkuntza aldetik ez zait lan zaila iruditu. Egeriak oso hizkuntza freskoa erabiltzen du, zuzena, bakuna. IV. mendeko latin arruntean dago idatzita, baina, hala eta guztiz ere, testu aberats bezain erakargarria da, indartsua". Dena den, zailtasun txiki batzuekin ere egin du tipo idazleak. "Kristau erlijioaren hastapenari dagozkion hitz teknikoen euskarazko baliokidea topatzea eta geografikoki hain urrun dauden tokiak zehaztasunez irudikatzea nahiz kokatzea izan da zailena". Azken lan horietan Loiolako santutegiaren liburutegiko Iñaki Abaunz diakonoaren eta Txema Azurmendi jesuitaren laguntza jaso du Lopezek.

Lana joan den ostegunean aurkeztu zuen Durangoko Azokan Lopezek. Idazlearen hitzetan, azokak "aukera paregabea" dira irakurleekin zuzenean hitz egin ahal izateko. "Izugarri gozatzen dut azoketan, eta, bereziki, Durangon. Giro aparta egoten da eta irakurle asko biltzen dira han". Ibilbidea liburua, ordea, ez da izan Durangon aurkeztu duen liburu bakarra; izan ere, Amatu liburuaren gaineko azalpenak ere eman zituen han. "Bi erakusmahaitan egon naiz liburuak sinatzen, hain justu, Alberdania eta Testu Zaharrak argitaletxeen standetan. Plazera da irakurle potentzialei liburua azaltzea, eta oso aberasgarria dagoeneko lana irakurria dutenen ekarpenak jasotzea". Lopez "pozik" agertu da bi liburu horiek Durangoko Azokan izan duten harrerarekin.

Liburuaren fitxa

  • Izenburua: Ibilbidea (Egeria).
  • Argitaletxea: Testu Zaharrak.
  • Aurkezpena eta itzulpena: Maite Lopez.
  • Hitzaurrea: Uxue Alberdi.
  • Irudiak: Laura Feijoo.
  • Sinopsia: Egeria Iberiar penintsulako lehen emakume idazleak IV. mendean egindako bidaiaren berri ematen du liburuak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide