Udalak 1,3 milioi euroko dirulaguntza jaso du Europatik, Azoka plaza eta merkataritza biziberritzeko

Anartz Izagirre 2022ko abe. 13a, 10:57
Europako Next Generation funtsetarako proposamena aurkeztu duten instituzioetako eta elkarteetako ordezkariak. (Azkoitiko Udala)

Azoka Plaza biziberritzeko eta herriko merkataritza sustatzeko dirulaguntza jaso du Azkoitiko Udalak Europatik, eta "albiste bikaina" dela nabarmendu du Ana Azkoitia udaleko Merkataritza zinegotziak. Besteak beste, sektorearen berrikuntza, modernizazioa eta digitalizazioa sustatuko dituzte funts horien bitartez.

Azkoitiko Udalak iragarri duenez, Europako Next Generation funtsak jasoko ditu erakundeak zeregin nagusi baterako: Azoka Plaza eta tokiko merkataritza biziberritzeko nahiz sustatzeko. Guztira, 1.362.949 euro jasoko ditu erakundeak, eta adierazi dutenez, behin betikoa izango da ebazpena hamar eguneko epean alegaziorik ez badago.

Ana Azkoitia udaleko Merkataritza zinegotziak "albiste bikaina" dela azpimarratu du: "Aurreikusita genituen inbertsioetarako Europatik jasoko dugun babes ekonomikoa laguntza handia izango da, eta azoka nahiz merkataritza biziberritzeko inbertsio berriak egiten ere lagunduko digute funts horiek".  Udalak, Iraurgi Berritzenen, Denarteanen, Herrixenen eta Urkomeren laguntzarekin, 1.703.688 euroko proiektu proposamena aurkeztu zuen dirulaguntzaren eskaera egiterakoan.

Funts horiek erabiltzeko aurreikusten dituzten jarduerak honakoak dira: Azoka Plazaren biziberritzea, bertako eta bertara iristeko irisgarritasunaren hobekuntza —Floreagako bigarren igogailua barne—, ekipamenduen eta guneen egokitzapena, bilketa-puntu adimendunak ipintzea, produktuen banaketaren optimizazioa, sektorearen digitalizazioa, edota salmenta prozesuaren hobekuntza teknologia berriak txertatzea.

Egiturazko krisiari aurre

Udalak azpimarratu duenez, tokiko merkataritza "egiturazko krisia" ari da jasaten, eta egoera horri aurre egiteko ezinbestekotzat jo du banaketa kanalen lehiakortasuna, berrikuntza, modernizazioa eta digitalizazioa sustatzea. Era berean, Azkoitiko saltokietan eta merkatuan kontsumitzaileen kopurua handitzea eta merkataritza eskaintzarekiko nahiz tokiko produktuekiko "sentsibilizazioa eta hurbilketa areagotzea" dira erronkak.

Azkoitiak dio "aukerak aprobetxatzen eta etekinak ateratzen" jakitea beharrezkoa dela merkataritza sustatzeko: "Merkataritza digitalak eta merkataritza guneen eta frankizien lehiak nabarmen aldatu dituzte kontsumitzaileen erosteko ohiturak. Gainera, testuingurua etengabe eraldatzen ari da, besteak beste, lehiakortasunaren, teknologien, globalizazioaren, pertsonen eta salgaien mugikortasun berrien eraginez".

Europako Next Generation funtsa erabiliko dute erronka horiei guztiei aurre egiteko. Partida hori Europako Kontseiluak adostu zuen, COVID-19ak eragindako krisiaren osteko larrialdi neurri moduan, babes ekonomikoa emateko Europako Batasuneko herrialdeei.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide