Erretratua

Jorginho: "Brasilgo musikak lagundu dit doinuei nortasuna ematen"

Naia Arrizabalaga 2022ko abe. 31a, 09:00
Jorge Arzalluz 'Jorginho' musikaria. (Erretratua: Gorka LarraƱaga/Argazkiak: Naia Arrizabalaga)

Jorge Arzallus Jorginho azkoitiarrak gaztetan eman zituen aurreneko pausoak musikagintzan, eta Hego Amerikara egindako bidaia bere estiloa aurkitzeko eta bide berri bati ekiteko abiapuntua izan zen harentzat. Bossa nova doinuetatik urrundu gabe, bigarren diskoa kaleratu du musikariak: Arte do encontro.

Gitarrarekin eman zituen musikan lehen pausoak Jorge Arzallus Jorginhok (Azkoitia, 1970). Lagunei zein ezagunei akordeak eskatzen aritzen zen, orduan ez baitzegoen gaur egun adina erraztasun gitarra ikasteko. Gerora, Uztauek musika taldea sortu zuen bailarako lagun talde batekin. Talde hartan eman zituen musikaren munduko lehen pausoak, pop zein rock estiloak landuz. Azken urteetan, berriz, bakarkako bidea hartua du azkoitiarrak, eta bere egunerokotasunaren parte bihurtu da musika: "Etxean denbora asko igarotzen dut gitarra jotzen, kantuan, konposatzen, moldaketak egiten...". Izan ere, musikak bizitza "erraztu" egiten diola eta bizitza musikarekin "entretenigarriagoa" dela argi du.

Jorginhoren musika ezagutzeko eta ulertzeko, denboran atzera egitea ezinbestekoa da: 26 urte zituenean, Azkoitian zuen bizimodua albo batera laga eta Hego Ameriketara joatea erabaki zuen, hango lurrak ezagutzeko asmoz. Bi urte eta erdi igaro zituen han, eta azken urtea Brasilen pasatu zuen. Herrialde hartako musikarekin lotura handia izan zuen egonaldi hartan: "Asko erakartzen ninduen hango musikak". Are gehiago, azken urteko egonaldiak eragin zuzena izan zuen beragan: "Nire doinuen nortasuna aurkitzen lagundu zidan Brasilgo musikak".

Aurretik ere jotzen zuen gitarra, baina erreferente zituen musikariak imitatu ohi zituen: "Ruper Ordorikaren zein Hertzainak taldearen kanten antzeko abestiak sortu ohi nituen". Hori horrela, oraindik ez zuen bere abestirik sortuta, hori "prozesu zaila" zela iruditzen baitzitzaion. Azkoitira itzuli zenean, ordea, kantak sortzen hasi zen, bossa novaren melodietan. Orduan hartu zuen portugesez abesten hasteko erabakia. Kanta horien fruitua izan zen Ametsen fabrika, bere lehen diskoa. 2010ean argitaratu zuen lana, eta Azkoitiko zein Azpeitiko musikarien laguntzaz grabatu zuen. Diskoa portugesezko, euskarazko zein ingelesezko hainbat kantekin osatu zuen, eta pare bat urtez aritu zen kontzertuak eskaintzen. Alabaina, ordutik bere etxeko estudioan aritu da kantuak grabatzen. Kanta berri asko sortu ditu azken urteotan, baina ez disko berri bat grabatzeko helburuarekin, gustatu egiten zaiolako baizik.

Lehen disko hartatik hamabi urtera, itxialdiaren garaian ordu askotan etxean egon beharra medio, buru-belarri hasi zen musika sortzen, eta horrez gain, etxean duen estudioan grabaturiko kantak moldatu zituen. Orduan egindako esfortzuaren eta eskainitako denboraren fruitua da udan kaleratu duen bigarren diskoa: Arte de Encontro. Kantu berriek zein duela urte batzuk grabatu zituen zazpi abestik osatzen dute diskoa. Abesti guztiak portugesez konposatu ditu, eta denak daude bossa nova doinuetatik hurbil. Beraz, lanak argi islatzen du Brasilgo musikak Jorghinorengan duen eragina. Diskoa osatzerakoan, zailena "kantu batzuk diskotik kanpo uztea" izan dela azaldu du azkoitiarrak.

Tarragonako (Katalunia) George Five ekoiztetxearekin harremanetan jarri zen bigarren diskoari forma emateko. Han egin zituen diskoaren eta ahotsaren grabaketak, eta hango musikarien laguntzaz osatu du lana. Ekoiztetxeak egindako aldaketak medio, "musika modernoaren kutsua" du lan berriak, Arzallusen hitzetan: "Disko hau eguneratuagoa da, kantuak laburrak eta zuzenak dira, elementu berriak daude eta ez dago betelanik". Aurreko diskoarekin alderatuz gero, aldaketak nabariak dira, azkoitiarraren esanetan: "Abestien iraupenari erreparatzea besterik ez dago; lehengo abestiek lau minutu irauten zuten; oraingoek, hiru minutu gehienez".

Abestiak, askotan, hitz bat bururatu eta "hari jarraika" sortu izan dituela azaldu du, testuak nondik datozen zehazten jakingo ez lukeela dioen arren. Gitarra hartu eta nota batetik bestera ibili ostean, melodiaren gainean hitzak jarri ohi ditu musikariak. Lanaren izenarekin, bestalde, zenbait gorabehera izan zituela esan du Jorghinok: "Hasieran beste izen bat izan behar zuen, baina azken orduan erabaki nuen Arte do encontro jartzea; transmititzen zidana gustatu egin zitzaidan".

Diskoa fisikoki ez kaleratzea erabaki du azkoitiarrak, gaur egun dauden aurrerapenekin ez baitio hala egiteari zentzurik bilatzen: "Lehengo batean, lagun bati disko bat eman nion, eta hark erantzun zidan kotxean musika bluetooth bidez entzuten zuela. Horrekin argi geratu zitzaidan diskoak ez zuela indarrik izango". Hala ere, plataforma digital guztietan dohainik dago entzungai: Spotifyn zein Youtuben, besteak beste.

Kontzertuei dagokienez, berriz, musikariak "hasieratik" garbi izan du ez duela zuzenekorik eskainiko, horrek eskatzen duen esfortzuagatik: "Denbora asko eskaini behar zaie kontzertuei: musikoak aurkitu behar dira, entseguak egin, kontzertuak lortu eta beste mila gauza".

Portugesez, bere estiloan

Azkoitiarrak portugesarekin duen lotura zuzena argi islatzen da sortzen dituen abestietan zein diskoetan, eta musikariak ondo gogoan du zenbat pertsonek galdetu izan dioten zergatik kantatzen duen hizkuntza horretan. Azalpena garbia da: "Hego Ameriketatik bueltan, portugesez entzuten nuen musika gehiena; behin eta berriz egiten nuen, eta hori da portugesez konposatzearen arrazoia".

Ez da portugesa, ordea, Arzallusen ama hizkuntza, eta horregatik, musikariak barrez aitortu du batzuetan hiztegian begiratu behar izaten duela. Hala ere, portugesari eta bossa novari esker, bere kantuak "imitazioak ez" direla azpimarratu du. Izan ere, euskaraz abesterakoan, "nahi gabe" bere erreferenteak antzeratzeko arriskua ikusten zuen.

Edonola ere, gitarra jotzea zein abestea gozagarri bezain lagungarri dira Arzallusentzat. Izan ere, melodiak zein letrak sortzeak gozamena emateaz gain, barruan gorderiko buruhausteak uxatzen laguntzen dio maiz. Musika sortzearen helburua zein den argi du Jorginhok: "Nik gozatzen dudan gisan, jendeak ere goza dezan sortzen dut musika".

Motzean

  • Adina: 52 urte.
  • Ikasketak: Akupuntura eta osteopatian diplomatua.
  • Lanbidea: Akupuntorea eta osteopata.
  • Musikaria ez banintz... margolaria izango nintzateke.
  • Kantatzea amaitutakoan... liburu bat irakurtzea edo paseora irtetea gustatzen zait.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide