Blai, hiru hamarkadaz

Anartz Izagirre 2023ko urt. 6a, 09:00
Zubiaurreko igerilariak, artxiboko irudi batean. (Utzitakoa)

Ospakizunetarako motiborik ez zaio falta Zubiaurre igeriketa klubari. Urteurren borobila ospatu zuen iaz, eta hainbat izan dira azken urteetan klubari esker igerian hazi eta hezi diren azkoitiarrak. Beste horrenbeste urte betetzeko indarrik ez zaiela falta erakutsi dute. Atzera begira jarri ditu Maxixatzenek 2022ko abenduko aldizkarirako.

Eroriz ikasten omen da oinez, eta Zubiaurre igeriketa klubak igerian ikasi du bere akatsetatik nahiz lorpenetatik. Ikasturte honetan hiru hamarkada bete dira igeriketa kluba sortu zutenetik, eta joan zen urrian egitarau oparo batekin ospatu zuten urtemuga, festa giroan. Behinola ur tanta zena, itsasoa da orain, eta motxila bete ikaskuntza daramate taldeko kideek soinean; hazten jarraitzeko ilusioz daude.

Datuek erakusten dute, gainera, Zubiaurreren osasun ona. Egun, 225 pertsonaren kudeaketaz arduratzen da igeriketa kluba, eta gutxi gorabehera, 135 familiatako kideek parte hartzen dute taldean. Pablo Dominguez klubeko batzordekidearen arabera, "urtez urte handitzen" joan da elkartea, eta azken urteetan talde nagusia ez da 40 lagunetik jaitsi. "Kopuruak oso altuak dira; klubak bere xumetasunean xume izaten jarraitzen du, baina bolumenean asko handitu da". Haren arabera, klubaren xedea da "herritar guztientzat uretan egiten diren ekintzen erdigune izatea eta horren gozamenerako aukera piztea".

Azken 30 urteetan hainbat izan dira modu batean edo bestean klubaren parte izan diren pertsonak, eta ur azpiko jarduna nahiz klubaren barrunbeak ondo baino hobeto ezagutzen dituzte taldeko lehen entrenatzaile izan zen Mari Jose Sanchezek (Azkoitia, 1969), klubaren lehen egunean ikasle izan zen Maite Urrutiak (Azkoitia, 1983), zortzi urtez entrenatzaile lanetan aritu zen Alazne Esnaolak (Azpeitia, 1974) eta Zubiaurren entrenatzaile lanetan bi hamarkadatik gora daramatzan Alex Herrerok (Deba, 1976).

Egun klub izaera du Zubiaurrek, eta hainbat txapelketatan lehiatzen dira taldeko igerilariak. Hasieran, ordea, oso bestelakoa zen egoera. "Igeriketa klaseak ematen hasi nintzen 1991n, eta ikastaroak amaitu ostean, ikasleen gurasoek zera esaten zidaten: 'Ez al dago jarraitzeko modurik?', dio Sanchezek. Elkarte bat sortzeko eskaria "gero eta handiagoa" zen denborak aurrera egin ahala, eta Azkoitian aukerarik ez zutenez, txapelketetan lehiatzeko Azpeitiko Izarraitz igeriketa klubera jo behar izaten zuten azkoitiarrek. Hala, Zubiaurre kluba sortu zuten. Urrutiak ondo gogoan ditu lehen egunak, 7-8 urte inguru besterik ez zituen arren. "Lehenengo egunean proba bat egitera joan ginen; aurreraka 25 metro egin behar izan genituen, eta ondoren, atzeraka. Akordatzen naiz igerilekuaren erdian gelditu nintzela nahikoa zela erabaki nuenean", dio barrez.

Ezkerretik eskuinera, Alex Herrero, Alazne Esnaola, Mari Jose Sanchez eta Maite Urrutia. (Anartz Izagirre)

Igerilekua homologatu beharra

Zubiaurre eratzea ez zen nahikoa izan herritarren beharrei erantzuteko, eta urte batzuk lehenago inauguratutako igerilekuak ez zeuden homologatuta igeriketa txapelketak hartu ahal izateko. "Aisialdirako igerilekua zen. Igerileku berbera mantendu da sortu zutenetik gaur arte, baina hasieran ez zegoen tranpolinik, ikasleek saltoak egiten-eta ikas zezaten". Esnaolak eta Herrerok gogoan dute igerilekuan anabasa zela nagusi. "Kaleetan ez zegoen kortxo-ilararik, eta orduan, jendea batetik bestera ibiltzen zen igerian. Jendeari apur bat kostatu zitzaion ohitzea", azaldu du Esnaolak. Baietz esan du Herrerok: "Klubak 10 urte bete ostean hasi nintzen ni Azkoitiko igerilekuan lanean; hasieran, sorosle moduan. Bi kortxo-ilara bakarrik zeuden garai hartan, eta jendea libre ibiltzen zen igerian".

Homologazio ezak hainbat konplikazio sortu zizkion klubari. "Talde moduan lehiatzera joaten ginen beste herrietako txapelketetara, baina guk ez genuen igerileku egokirik txapelketak antolatzeko. Gainontzeko klubek homologazioa lortzen saiatu behar genuela esan ziguten, eta azkenean lortu genuen", azaldu du Sanchezek. Behin hori lortuta, aurrerago espazio urritasuna bilakatu zen klubaren buruhauste nagusiena: "Jendea gehitzen ari zen elkartera, eta ez genuen lekurik igerilekuan. Bi kale soilik ematen zizkiguten, eta lortu genuen entrenamenduak eguerdietara pasatzea eta igerileku osoa guretzat izatea". Herrerok dio bost kaleko igerilekua "estutu" egiten zutela, eta sei kale atera, entrenamenduetan jende gehiago sar zedin. "Eta hala eta guztiz ere larri ibiltzen ginen", gaineratu du.

Zubiaurreko hainbat kide, artxiboko irudietan. (Utzitakoak)

Ikasleen kopurua, gorantz

Futbolak eta saskibaloiak Azkoitian zein inguruetan duten indarragatik, klubeko kideen joan-etorria handia izan da, baina hala ere, ez dute kide faltarik izan taldean. "Lehen jendeak errazago uzten zuen igeriketa futbolean aritzeko, eta orain, bi kirolei eusten saiatzen da", esan du Esnaolak. "Malgutasuna" izan da Herreroren arabera jendea klubean mantentzeko gakoetako bat: "Ikasi genuen ezin dugula aukeraketa bultzatu. Igerilariei hala esaten genien: 'Hemen beti titularra izango zara'. Era batera edo bestera jendea Zubiaurren gera zedin lortu behar genuen". Era berean, jendeak igeriketan "bere lekua" topatu duela ere uste du Herrerok. Momentu batzuetan jende gehiago behar izan dute, batez ere txapelketetan lehiatu ahal izateko, baina beste batzuetan, muga jarri behar izan dute inskripzioan: "Urte batzuetan numerus clausus jarri genuen igeri eskolan, ez zelako bideragarria lehen urtean hainbeste umek izena ematea". Urte hauetan guztietan egindako lanaren emaitzak ere igarri dira sailkapenetan, eta Herrerok erreleboen sailkapenak nabarmendu ditu; iaz, lehen aldiz, nesken errelebo talde bat Espainiako Txapelketara sailkatu zen.

Herrero: "Urte batzuetan 'numerus clausus' jarri genuen igeri eskolan"

Denak bat datoz sorreratik hona klubak berebiziko bilakaera izan duela esatean, baina urte guztietan zehar "familia giroa" mantendu dutela azpimarratu dute. Hala dio Urrutiak: "Ume garaian nire bizitza zen kluba. Lagunarte bat nuen bertan, beharbada ikastolakoekin edo adineko jendearekin ez nuena. Akordatzen naiz igeriketa utzi nuenean aspertu egiten nintzela". Orain, bestelako harremana du Urrutiak klubarekin: "Semea igeri egiten hasi zen duela pare bat urte, eta batzordeko kidea naiz. Ni igeriketan ibili nintzenean nire aita batzordean egon zen, eta nik orduan jaso nuena orain eman egin behar nuela ikusten nuen. Erantzukizun moduko zerbait sentitu dut". Sanchezek argi du gurasoak izan direla urte hauetan kluba mantentzearen giltzarria: "Zubiaurre ikasleen gurasoengatik sortu zen; haiek eman dute kluba aurrera".

 

Orain arteko ibilbideaz ahaztu gabe, aurrera egiteko pronto dago Zubiaurre, eta igerileku berria da, guztien esanetan, hurrengo pausoa. "Ilusio hori daukagu, beste era bateko zerbitzua eman ahal izateko herritarrei. Proiektua egon badago, eta hori egiteak aukera asko zabalduko lituzke Zubiaurrerentzat", dio Urrutiak. Hortik haragoko anbizioak ere baditu elkarteak, Herrerok dioenez: "Zubiaurrek buruan eta filosofian darama igerilekuan egiten diren jarduera guztiak bere gain hartzeko ideia". Formatzen ere badabiltza: "Aurten behar bereziak dituzten haurrekin lan egin ahal izateko ikastaro bat egin dugu, zerbitzu hori eman ahal izateko".

Sanchez: "Zubiaurre ikasleen gurasoengatik sortu zen; haiek eman dute aurrera"

Urte zelebreak izan dira azken hirurak Zubiaurre klubarentzat. Izan ere, izurriak goitik behera aldatu ditu, besteak beste, txapelketak. Horren erakusle da, esaterako, aurten bi aldiz egin dutela San Andres igeriketa saria; ekainean iazkoa, eta azaroan aurtengoa. Garaiak ezohikoak izanagatik, ospatzeko motiboak ere izan dituzte aurten urteurren berezia tarteko, eta aurrera begirako ikuspegia dute klubean, hutsegiteetatik zein lorpenetatik ikasten eta hazten jarraitzeko, betiere, uretan bada hobeto, estilo librean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide