Sanandresak 2022

Enrique Tejedor Maisu Handiak irabazi du XXVII. San Andres Xake Txapelketa

Andoni Elduaien 2022ko abe. 4a, 14:28

Sari nagusia Kantabriara (Espainia) joan da, Enrique Tejedor 2018ko Espainiako Xake Txapelketa Azkarraren txapeldunak irabazi baitu gaur Azkoitian. Anaitasuna Kakute xake taldeak antolatutako txapelketan 97 xakelari lehiatu dira guztira. 

Gaur, igandea, XXVII. San Andres Xake Txapelketa jokatu dute Elkargunean, eta txapeldunaren garaikurra Kantabriara (Espainia) joan da aurten. Solvay taldeko Enrique Tejedor Maisu Handiak irabazi du txapelketa, 8 puntu eta erdi eskuratuta, eta haren atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Markel Vesga (Santikutz) eta Andres Iglesias (Solvay); biek ala biek zortzina puntu eskuratu dituzte.

101 xakelari zeuden txapelketan aritzeko izena emanda, baina 97 lagunek jokatu dute txapelketa. Horien artean ziren, besteak beste, bi Maisu Handi: batetik, Tejedor txapelduna, eta bestetik, Iñigo Argandoña donostiarra —hamazazpigarren sailkatu da—. Dena den Carlos Varas Fide Maisuak —laugarren sailkatu da— ere parte hartu du Azkoitian. Parte hartzaileek, guztira, hamar txanda jokatu dituzte gaurkoan.

Sari nagusiez gain, bestelako sariak ere banatu ditu Anaitasuna Kakute taldeak. Hain zuzen, mailaz mailako sariak banatu dituzte, hala nola gazteena, beteranoena eta federatu gabe daudenena. Talderik onenaren saria ere eman dute, eta guztien artean onena Donostiako Gros xake taldea izan da. Anaitasuna Kakute xake taldeak ere banatu ditu bere sariak, eta Juan Carlos Valor izan da lehena, Carlos Sanchezen eta Anibal Fernandezen aurretik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide