Elkue taldeak irabazi ditu VII. Orbel Jokuek

Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako VII. Orbel Jokuen finalak jokatu dituzte gaur arratsaldean Elkargunean. Azaroan zehar jokatutako astez asteko probetan puntu gehien bildu dituzten hiru taldek jokatu dute Orbel Jokuen proba nagusia. Lehia estua izan dute hiru taldeek, baina onena Elkue izan da.

Elkue taldeak irabazi ditu gaur, larunbata, Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak antolatutako VII. Orbel Jokuek. Euskararen Nazioarteko Egunarekin bat egin du finalak, eta Ezdakiat, Jardunjiran eta Elkue talde finalistek askotariko galderei erantzun behar izan diete, Elkarguneko Intsausti aretoan. Julen Garate eta Ana Zubizarreta Maxixatzen elkarteko kideek zuzendu dute saioa, eta guztira, lau probatan murgildu dituzte lehiakideak.

Lehen proban, euskal musika taldeen nahiz abeslarien doinuak jarri dizkiete entzungai, eta parte hartzaileek abesti horren izenburuak zein diren asmatu behar izan dituzte. Gaurko talderik gazteena, Ezdakiat taldea, moldatu da ondoen lehen proban, guztira 25 puntu batu baitituzte orduan. Jardunjiran taldeak hogei puntu eskuratu ditu, eta bost puntu Elkue taldeak.

Bigarren proban, Azkoitiko hiru idazleren liburuetatik hartutako esaldiak jarri dizkiete nahastuta finalistei, eta horiek ordena egokian jarri behar izan dituzte. Hain zuzen, Gema Lopezen Landa aldeko neskak, Maite Lopezen Amatu eta Anari Alberdiren Gari eta goroldiozko liburuetako esaldiak jarri behar izan dituzte ordena egokian lehiakideek. Elkue taldea orduan hasi da egoera iraultzen, hiru esaldiak zuzen jarrita talde horrek batu baititu puntu gehien (30), Jardunjiran (hamar) eta Ezdakiat (bat ere ez) taldeen aurretik.

Hirugarren proban, herriko eraikinen irudi zatiak erakutsi dizkiete finalistei, eta horiek eraikinekin lotu behar izan dituzte. Besteak beste, Etxebeltz, Intsausti jauregia, Matadeixe, Aizkibel liburutegia, Balda dorretxea, San Juan Zahar baserria, Floreaga jauregia, Idiakez Ederra eraikina eta Gaztanenea eraikina erakutsi dizkiete. Jokoaren atal horretan, Ezdakiat eta Jardunjiran taldeek 42na puntu eskuratu dituzte, eta 30 puntu Elkuek.

Jarunjiran taldea iritsi da sailkapenaren buruan azken probara, 72 punturekin; Ezdakiat taldea bigarren, 65 punturekin, eta Elkue taldea hirugarren, 65 punturekin. Dena den, azken proban Elkue taldeak maila handia erakutsi du, eta azken postutik lehen postura egin du jauzia. Hain zuzen, esaldi bat emanda hari zegokion hitz zuzena hautatu behar izan dute finalistek hiru aukeraren artean.

Amaieran, 128 puntu batu ditu Elkue taldeak; Jardunjiran taldeak, 123 puntu, eta Ezdakiat taldeak, 103 puntu. Elkue taldearentzat izan da aurtengo Orbel Jokuetako sari nagusia; talde horrek irabazi du herriko merkatarien dendetan gastatzeko 450 euroko bonua. Beste bi taldeek ere eskuratu dituzte sariak. Jardunjiran taldeak 300 euroko bonua jaso du, eta 150 eurokoa Ezdakiat taldeak. Gainera, aurten Orbel Jokuetan parte hartu eta finala publikotik jarraitu dutenek, galdera batzuk erantzun behar izan dituzte. Horien artean Martintxotarrak taldeak eman ditu erantzun zuzen gehien, eta talde horrek irabazi du 90 euroko erosketa bonua. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide