Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpena onartu du udalak

Andoni Elduaien 2022ko abe. 3a, 14:55
Azkoitiko udaletxea.

Euskararen Nazioarteko Eguna da gaur, abenduak 3, eta Azkoitiko Udalak egun horren bueltako adierazpena kaleratu du. Herenegun egin zuten azaroko udalbatzarra, eta orduan onartu zuten EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin Adostasuna, etorkizunaren giltzarri izeneko adierazpena.

Ostegunean egin zuen Azkoitiko Udalak azaroko udalbatzarra, eta han onartu zuten adierazpena plazaratu du erakundeak gaur, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna. Aurten, berrogei urte bete dira Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legea bete zela; izan ere, 1982an onartu zuten Euskararen Legea. 

EAJren, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartu zuten testua. Azkoitia Bai herri plataformak, aldiz, aurka botoa eman zuen, mozio gehienekin egin ohi duen moduan. "Hau ere goitik iritsi zaizuen beste adierazpen estandar bat izanik, urteroko tramitea pasatzeko ekarritakoa, beti bezala aurka bozkatuko dugu", azaldu zuen Jose Joakin Etxaniz zinegotziak. Dena den, udalean ordezkaritza duten alderdi guztien artean adostutako adierazpenak osatzearen alde dagoela nabarmendu zuen hark.

Euskararen Legea "adostasun zabal sendo baten gainean eraikitako legea" dela nabarmendu du Azkoitiko Udalak adierazpenarekin, eta, besteak beste, "eraginkortasuna" hortik datorkiola nabarmendu du. "Asko zor dio euskarak adostasunari, eta deus ere adostasun ezari. Adostasuna baitu euskararen etorkizunak giltzarri; hondamendi luke euskarak, ordea, adostasun eza", adierazi dute testuan.

Adierazpena, osorik

Hau da, osorik, Azkoitiko Udalak kaleratu duen Euskararen Nazioarteko Eguneko adierazpena:

"Autogobernuaren eskutik egin du euskarak milaka urteko bere historian ezagutu duen aurrerabiderik sendoena, euskal herritarron ezinbesteko kontzientzia eta ekimena oinarri hartuta.

Gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean hain zuzen ere, datu soziolinguistiko zehatzetan oinarritzen den baieztapen hori lau haizetara zabaltzeko egokieran baldin bagaude, zintzotasunez aitortu behar dugu euskararen eta euskaldunon historian ohorezko tokia duen ekimen bat dagoela aurrerabide horren iturburuan. 

Izan ere, aurten berrogei urte bete ditu Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak, 1982an onartu zenez geroztik Euskararen Legetzat ezagutzen dugunak.

Ugari biltzen ditu urtemuga horrek ospakizunerako arrazoiak, arau nagusi hori baitute berme eta oinarri euskarak alor guztietan egin dituen urratsek. Hartan dituzte sustraiak eta ezinbesteko lege-babesa administrazioaren, irakaskuntzaren, hedabideen, helduen euskalduntzearen, esparru zientifikoaren, lan munduaren eta gizarte erabileraren alorretan, besteak beste, hartu diren neurriek. Hartan du zimentarri gaurko errealitatera ekarri gaituen arautegiaren lege-eraikinak.

Baina Euskararen Legeari zor dioguna agerian jartzerakoan, ezinbestez nabarmendu beharko dugu arau horri benetako indarra eta iraunkortasuna eman dizkion ezaugarria: adostasun zabal sendo baten gainean eraikitako legea da, eta hortik datorkio, besteak beste, eraginkortasuna.

Asko zor dio euskarak adostasunari, eta deus ere adostasun ezari. Adostasuna baitu euskararen etorkizunak giltzarri; hondamendi luke euskarak, ordea, adostasun eza.

Eta adostasunak borondatea du oinarri ezinbesteko. Borondatea, eta eskuzabaltasuna noski, behar baitira buru-bihotzetan abiaburu eta helmuga ezberdinak ditugunon artean diagnosiak eta aurrerabiderako urratsak adostea. Ez da inola ere eginkizun erraza; bai, ordea, euskararentzat ezinbestekoa. Ausardia eta zuhurtzia orekatzea eskatzen du adostasun eraginkorrak, hilda jaiotzen baita neurri bizkorregi zein geldoegi oro. Euskarak bai baitaki aldeko egokierak baliatzen, eta badaki, era berean, behar denean aukera hobearen zain egoten; baina ez du, neurri berean, denbora inoizko larretan galtzerik.

Neurri berean baitu euskarak ezinbestekoa inor ez atzean uztea eta aurrera urrats bizi bezain sendoz egitea.

Euskararen Legeak berak eta haren berrogei urteko garapenak erakutsi digute hori guztia. Eta zinez dira horiek aurrerantzean mamitzen jarraitu behar ditugun ikasgaiak. Euskararen mesedetan. Euskal hiztunon eta euskal herritar guztion onurarako. Euskal gizartearen kohesioaren alde. Euskal Herri izenari izana ematen diolako euskarak.

Norabide ugaritan proiektatu ziren Euskararen Legean adostasunaren ildoak, eta bide horretatik jarraitu behar dugu aurrerantzean ere. Desberdinen arteko adostasunean bilatuko baitugu beti elkarrekin aurrera egiten jarraitzea ahalbidetzen duen konpromisoaren puntu kritikoa, giltzarria. Hortik kanpora, euskarak galbide lukeen liskar soziala baizik ez.

Atzeak erakutsi ohi duenez aurrea nola dantzatu behar den, aukera paregabea dugu esku-eskura adostasunaren baliagarritasun praktikoa egiaztatzeko, Euskaraldia bizitzen ari baikara aurten berriz ere gure inguru osoan.

Izan ere, deigarria da, eta zinez pozgarria, Euskaraldiak biltzen duen adostasun sozial eta politikoaren neurria. Baina pozgarri eta deigarri ez ezik, baliagarri eta bide-erakuslea ere bada adostasun hori, euskararen benetako ardura praktikoa bere gain hartzen duen gizarte eleaniztun bat eraikitzerakoan.

Hori da Euskararen Nazioarteko Egunean aurten aldarrikatu nahi dugunaren mamia: Euskararen Legeak erakusten digunez, hizkuntza ohiturak aldatzea eta euskararen aldeko atxikimendua bilatzen duten ekimenetan frogatu da zein garrantzitsua den adostasunez jokatzea. Euskaraldiak, adibidez, denon begien bistan agerian jartzen duenez, adostasuna du euskarak aurrerabiderako lema, erabileraren aldeko gizartearen eta norbanakoaren konpromiso tinkoarekin batera, ekimen publiko eta pribatuaren arteko lankidetzarekin batera, elkarren onespen zintzoarekin batera.

Euskarak batzen gaituelako, ez inola ere banatzen.

Adostasunean".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide