Haurren artean euskararen kale erabilerak nabarmen egin du behera Azkoitian

Andoni Elduaien 2022ko abe. 3a, 10:12
Hizkuntza erabileraren kale neurketaren aurkezpenean herritar ugari elkartu zen Elkargunean. (Andoni Elduaien)

Haurren euskararen kaleko erabilerak hamar puntu egin du behera Azkoitian azken lau urteetan. Dena den, gazteen artean egiten da kalean euskaraz gehien, eta sexuaren arabera, emakumeek gizonek baino gehiago baliatzen dute euskara. Euskararen kale erabilera Urola Kosta eskualdeko batez bestekoaren goitik dago Azkoitian.

Euskararen erabileraren kale neurketen datuak aurkeztu zituen atzo, ostirala, Soziolinguistika Klusterrak Azkoitian. Belen Uranga Soziolinguistika Klusterreko teknikariak egin zuen aurkezpena, Marijose Arregi Euskara zinegotzia alboan zuela. Datuen arabera, ia hamarretik zazpi lagunek egiten dute Azkoitiko kaleetan euskaraz (%66,9). Gaztelania da herrian gehien entzuten den bigarren hizkuntza, hamar elkarrizketatik bi pasatxo (%24) baitira hizkuntza horretan. Aldiz, hamarretik ia bat (%9,1) beste hizkuntza batzuetan aritzen da.

2022ko maiatzaren 11tik 28ra bitartean egin zituzten Azkoitian kale neurketak, eta guztira, 4.217 solaskide eta 1.472 elkarrizketa neurtu zituzten. Euskararen erabileraren bilakaerari ere erreparatu zion Urangak atzo, eta hark jakinarazi zuen nola euskararen erabilerak hala gaztelaniarenak behera egin dutela herrian. Euskararen erabilera bi puntu jaitsi da 2018az geroztik, eta gaztelaniarena bi puntu eta erdi. Beste hizkuntzen erabilera, berriz, lau puntu eta erdi igo da herrian.

Datu horien aurrean, Sozionlinguistika Klusterreko kideak nabarmendu zuen beherakada ez dela izan "oso esanguratsua" Azkoitian. "Hurrengo neurketak ematen duen emaitzak berretsi artean, joera baten zantzua dela esan daiteke". Hala eta guztiz ere, 2014tik gaurdaino igo egin da euskararen kaleko erabilera, %61,3tik %66,9ra, hain justu. Aldiz, euskararen ezagutza edo euskaraz hitz egiteko gaitasuna %76,9koa da Azkoitian; hau da, hamarretik ia zortzik dute euskaraz aritzeko ahalmena. 

Eremu geografikoekin ere egin zuen alderaketa Urangak. Euskararen kale erabilera %66,9koa da Azkoitian; Urola Kosta eskualdean, %63,7koa; Gipuzkoan, %30,6koa; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %15,7koa, eta, Euskal Herrian, %12,6koa. 

Ezaugarrien eta egoeren arabera

Uranga teknikariak bestelako datuak ere eman zituen atzo Elkargunean. Hain justu, euskararen erabilera sexuaren, adinaren eta haurren presentziaren arabera zein den azpimarratu zuen. Sexuaren arabera, zortzi puntuko aldea dago emakumeen eta gizonen artean; emakumeen artean, erabilera %70,3koa da, eta gizonen artean, %62,1ekoa.

Adinari so eginez gero, berriz, euskara gehien gazteek erabiltzen dutela nabaritu dute. 15 eta 24 urte bitarteko gazteak dira kalean euskara gehien erabiltzen dutenak (%83,1); haurrek (2-14 urte) eta heldu gazteek (24-44 urte), %67,5eko eta %67,9ko erabilera dute, hurrenez hurren. Adinekoek (64 urte baino gehiago) eta heldu nagusiek (45-64 urte) gutxiago erabiltzen dute, %64 eta %60,1 da haien erabilera, hurrenez hurren.

Urangak nabarmendu zuen aipatzekoa dela gazteek egiten duten euskararen erabilera, baina, bestetik, kezka eta ardura sortu zituen haurren artean izan duen jaitsierak; izan ere, hamar puntu egin du behera 2018tik hona. Gazteen kasuan, erabilera ia gaitasun mailara hurbiltzen da, %89,2koa baita gaitasuna. Haurren kasuan, aldiz, gaitasunaren eta erabileraren artean tarte handia dago: %93koa da gaitasuna, eta %67,5ekoa kaleko erabilera.

Ondorioak eta aurrera begirakoak

Aurkezpenaren amaieran, Urangak eta Elkargunean bildutako herritarrek zenbait ondorio atera zituzten datuak interpretatu ostean. Lehena da, euskararen zein gaztelaniaren erabilerak behera egin dutela; bi puntu eta 2,5 puntu, hurrenez hurren. Dena den, beste hizkuntzen erabilerak, 4,5 puntu egin du gora herriko kaleetan.

Haurren artean euskararen erabilerak izan duen jaitsiera ere tentuz aztertu beharreko puntua dela nabarmendu zuten. Parte hartzaileek azaldu zuten haurren erabileraren jaitsierak eragina izan duela horiek nagusiekin izaten dituzten elkarrizketetan. Bestalde, sexuari erreparatuta, emakumeek nabarmen gehiago egiten dute euskaraz kalean gizonek baino; emakumeen artean, erabilera %70,3koa da, eta gizonen artean, %62,1ekoa.

Horrez gain, atzoko aurkezpenean erakutsitako grafikoei begiratuta, argi ikusi zuten ez dagoela desberdintasun handirik adin berekoen arteko elkarrizketak beste adinetakoenekin alderatuta. Haurren artean euskararen erabilera handiagoa da haurrak beste adin talde bateko elkarrizketa batean daudenean baino. Beste kasu guztietan, hau da, norbanakoa bere adin taldetik kanpoko norbaitekin ari denean hitz egiten, euskararen erabilerak gora egiten du, nahiz eta datua antzerakoa den. 

Ondorio horiek atera ostean, aurrera begira arreta non jarri identifikatu zuten aurkezpenean. Hain zuzen, haurren eta gazteetan joeretan arreta jarri beharko dela nabarmendu zuten, "profila aldatu" delako. Horren aurrean, eta ikusita Azkoitian euskara gehien erabiltzen dutenak gazteak direla, horiek haurren erreferente bihurtzeko ideia plazaratu zuten herritarrek. Era berean, hizkuntzaren erraztasunerako euskaraz lasai aritzeko aukerak nahiz guneak beharko direla, eta herritar guztien zeregina, ilusioa, erabakimena, enpatia eta ulerkuntza sortzea izango direla nabarmendu zuten.

Ondorengo argazkian klik eginda ikus daitezke Azkoitiko hizkuntza erabileraren kale neurketaren ondoren Soziolinguistika Klusterrak egindako grafikoak, datuak eta ondorioak. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide