Plaza Ondo elkarteak Salamancara bidaia antolatu du martxorako

Anartz Izagirre 2022ko abe. 3a, 08:50
Salamanca hiriaren irudi bat. (Wikipedia)

Lau eguneko bidaia antolatu du Plaza Ondo jubilatuen elkarteak martxorako, eta dagoeneko eman daiteke izena. Salamanca, Alba de Tormes, La Alberca eta Valladolid bisitatuko dituzte, martxoaren 4tik 7ra.

Azkoitiko Plaza Ondo jubilatuen elkartea dagoeneko hasi da 2023ko ekintzak prestatzen, eta martxoan egingo duten txango baten berri eman dute. Hain zuzen ere, martxoaren 4tik 7ra lau eguneko irteera egingo dute Gaztela eta Leonera (Espainia); Salamancatik barrena ibiliko dira, eta Alba de Tormes, La Alberca eta Valladolid ere bistatuko dituzte.

Dagoeneko irekita dago izena emateko epea, 250 euroren truke. Prezio horren barruan sartuko dira Salamanca eta Valladolid hirietako bisita gidatuak, hiru gau Salamancako hiru izarreko Sercotel Las Torres hotelean  —gosaria barne—, eta bidaiako asegurua.

Izena eman nahi dutenek Plaza Ondo elkartearen Kultur Etxeko bulegoan izango dute horretarako aukera, abenduaren 30era bitartean. Asteartetik ostegunera ireki ohi dute bulegoa elkarteko kideek, 10:30etik 12:00etara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide