Ekitaldi jendetsu batekin ospatu dute herriko ikasleek Euskararen Nazioarteko Eguna

Anartz Izagirre 2022ko abe. 2a, 14:27

Bihar, abenduak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna izango da, baina asteburua tokatzen denez, gaur ospatu dute eguna herriko ikastetxeetako ikasleek. Leporaino bete da plaza, eta bertsoekin nahiz trikiti doinuekin lagunduta ekitalditxo bat egin dute.

Euskara plazara atera dute beste urte batez Azkoitiko ikasleek. Abenduaren 2a da gaur, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezpera, eta era berean, Euskaraldiaren azken eguna. Horren harira, ekitaldi jendetsua egin dute plazan Bizilore Eskola Aktiboko, Floreaga Ikastetxeko, Xabier Munibe Ikastolako, Azkoitia BHIko eta Izarraitz Lanbide Heziketa zentroko ikasleek. Leporaino bete da plaza eskola horietako ikasleekin.

Hainbat herritar trikitiarekin eta panderoarekin iritsi dira plazara, eta beste batzuk, euskararen zein Euskaraldiaren aldeko aldarriak eskuetan zituztela. Plazan bildu dira guztiak, eta ekitaldia hasi aurretik hitz batzuk esan ditu Javier Zubizarreta alkateak udaletxeko balkoitik. Horren ostean, ikasle bertsolarien txanda izan da, eta egun honetarako espreski prestaturiko bertsoak abestu dituzte horiek; plazan begira zeuden gaztetxoek ere izan dute kantatzeko aukera. Imanol Urbietaren Behin betiko abestia kantatuz eman diote amaiera aurtengo ekitaldiari.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide