"Herria onuradun" izango den energia proiektu baten alde lan egingo duela agindu du Udal Gobernuak

Andoni Elduaien 2022ko abe. 2a, 16:08
Udal ordezkariak eta Oletan ere Ez! plataformako kideak, atzoko udalbatzarrean. (J. Beristain)

Balizko Buruzai eolikoen proiektutik herrirako "ahalik eta onura gehien" atera nahi du Udal Gobernuak. Konpromisoa hartu dute herritarrekin, industriarekin eta energia komunitateekin lan egiteko, eta hitz eman du proiektuaren nondik norakoak jakin bezain laster, herritarrei haren inguruko zehaztasunak jakinaraziko dizkiela. EH Bilduk herri jabetzako proiektu baten alde egin du, eta Azkoitia Bai herri plataformak Oletan ere Ez! plataformaren mozioaren alde egin du.

Azkoitiko Udalak atzo, osteguna, egin zuen azaroko udalbatzarra. Hamazazpi puntuko gai zerrenda zuten aztergai, eta horietako bat zen energia trantsizioen inguruko mozioena. Izan ere, hiru mozio aurkeztu zituzten Buruzai eolikoen proiektua dela eta. EAJk eta PSE-EEk aurkeztutako mozioa onartu zuten, bi alderdietako ordezkarien aldeko botoekin.

Dena den, EH Bilduk eta Oletan ere Ez! taldeak ere mozio bana aurkeztu zuten. EH Bildurenak koalizioko kideen aldeko lau boto jaso zituen —EH Bilduko bost zinegotzi izan ziren udalbatzarrean—, EH Bilduko Anjel Etxeberria zinegotziaren abstentzioa eta aurkako hamar boto —EAJ, PSE-EE eta Azkoitia Bai—. Oletan ere Ez! taldearen mozioak, berriz, Azkoitia Bairen eta EH Bilduko Anjel Etxeberria zinegotziaren aldeko boto bana jaso zituen, EH Bilduren lau abstentzio eta EAJko nahiz PSE-EEko zinegotzien aurkako botoak.

EAJk eta PSE-EEk adierazi zuten energia berriztagarriak eta garbiak erabiltzeko "urrats irmoak" egin behar direla, eta horretarako, politikak sustatu behar direla. Herrian kontsumitzen den energia munduko beste leku batzuetatik datorrela nabarmendu zuen Udal Gobernuak, energia hori "merkatuen menpe" dagoela, eta ondorioz, prezioa "etengabe garestitzen" dela. Udal Gobernuak jakinarazi zuen herri bezala %92ko energia menpekotasuna duela Azkoitiak.

Dena den, EAJk eta PSE-EEk industria ere hizpide izan zuten atzo. "Industria da gure Barne Produktu Gordinean [BPG] eragina duena. Hortik dator gure ongizatea, hortik gerora gizarteari eskaintzen zaizkion zerbitzuak". Industria "elektrointentsiboa" dela eta sektore horrek energia "behar izugarria" duela azpimarratu zuten gobernuko bazkideek. Hala eta guztiz ere, "herri bezala aurrera" egiteko, energia "hemen sortzea" ezinbestekoa izango dela adierazi zuten.

Energia trantsizioaren erronka "premiazkoa" bezain "urgentziazkoa" da Udal Gobernuarentzat. "Trantsizioak iraunkorra, berriztagarria, justua eta inklusiboa izan behar du, inor baztertu edo atzean utziko ez duena, eta herritarren arteko berdintasuna bermatzea bokazio izango duena". Hain zuzen, energiaren erronkari "modu kolektiboan" erantzun behar zaiola uste dute EAJk eta PSE-EEk. "Garrantzitsua da Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala lehenbailehen egitea eta Eolikoen Lurralde Plan Sektoriala berritzea. Energia trantsizioa bera ematea bezain garrantzitsua da hura adostutakoa izatea".

Hori horrela, Udal Gobernuak hainbat konpromiso hartu zituen atzo. Besteak beste, udalak Eusko Jaurlaritzari galdegingo dio Buruzai eolikoen proiektuak eduki ditzakeen ingurumen eta bestelako eraginak nahiz ingurumen inpaktua ahalik eta gehien gutxituko dituen alternatibak aztertzea. Era berean, Eusko Legebiltzarrari eskatuko dio Energia Berriztagarrian Plana "ahalik eta azkarren" gaurkotzea. Halaber, udalak konpromisoa hartu zuen herritarrekin, eguzkiaren zein eolikoen jatorrizko industriarekin eta energia komunitateekin lan egiteko. Horrela, eolikoen proiektuak plangintzarekin eta ingurumen berme handienarekin egitea posible izango dela uste dute. Hala eta guztiz ere, Udal Gobernuak konpromisoa hartu zuen Buruzai proiektuaren nondik norakoak jakin bezain laster, gainerako alderdiekin partekatu eta "herria onuradun" izango den proiektu baten alde lan egiteko, baita proiektuaren zehaztasunak herritarrei jakinarazteko ere.

Herri jabetzako proiektuen alde

EH Bilduk herritarrekin adostutako energia trantsizio baten aldeko mozioa aurkeztu zuen, baina zenbait puntutan bat etorri ziren Udal Gobernuaren eta koalizioaren testua. EH Bilduren iritziz garrantzitsua da Eusko Legebiltzarrak etorkizuneko Energia Trantsizio eta Klima Aldaketari buruzko legean interesa duten herritarren parte hartzea bermatzea, baita Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala egitea ere."Hamar urte baino gehiago dira Eusko Legebiltzarrak Eolikoen Lurralde Plan Sektoriala berritzea aho batez eskatu zuenetik. Hori gutxi ez balitz, 2019ko Jasangarritasun Energetikoko legea ere bi urtean berritzera konprometitu zen Eusko Jaurlaritza".

Koalizioarentzat Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia eta zenbait udal "etxerako lanak egin gabe" iritsi dira egoera honetara, baina nabarmendu zuen ezinbestekoa dela energia trantsizioa gauzatzea eta hori adostutakoa izatea. Koalizioaren aburuz, energiaren deskarbonizazioa eta energia berriztagarrietarako nahiz garbietarako trantsizioa "poliki eta gaizki" egin dira orain arte, eta aurrerantzean ere bide bera hartzeko arriskua ikusten du. Horren aurrean, EH Bilduk "gutxieneko bermeak" eskatu zituen, aurrean dagoen erronkari "garaiz eta dagokion neurrian" erantzun ahal izateko.

Buruzai eolikoen proiektuak eduki ditzakeen ingurumen eta bestelako eraginen "azterketa zorrotza" egitea eskatu zuen EH Bilduk, eta energiaren sozializazioa "termino demokratikoetan eta komunitatearen onurarako eraginez" gauzatzea. Halaber, Buruzai eolikoen proiektuaren aurrean, energia berriztagarriak hedatzeko eta "eredu energetiko demokratiko" baten aldeko apustua egiteko aldarria zabaldu zuen. Beharrezkotzat jo zuten "gutxi batzuen onura dakarren eredu oligopoliotik herritarren interesak lehenetsiko dituen eredura" igarotzea. Hain zuzen, herri jabetzako proiektuak sustatzearen alde agertu zen koalizioa, eta udalari galdegin zion Capital Energy enpresa sustatzaileari hori bermatzeko eskatzea. Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektoriala "ahalik eta parte hartze eta gardentasun gehienarekin" egin behar dela azpimarratu zuen, hala nola norbanakoen, eragileen eta udalen ekarpenak jasota.

Gainera, herritarren partaidetzarako foro edo batzar bat eratzeko eskaera egin zuen EH Bilduk. Hausnarketa eta ezagutza kolektiboa sortzeko "deliberaziozko partaidetza ariketa bat" beharrezkoa ikusten du koalizioak, besteak beste, herritarrei informazioa emateko, eztabaidatzeko eta adostasunak sortzeko. Azkenik, hilabeteko epean "gardentasun ariketa bat" egiteko eskatu zion Udal Gobernuari, horretarako herri batzar informatibo bat deituz eta udalak proiektuaren inguruan duen informazio guztia herritarrei helaraziz.

Oletan ere Ez!, ezezkoan

Buruzai proiektua ez da "onargarria" Oletan ere Ez! plataformak mozioan azaldu duenez, eta Udal Gobernuari nahiz beste alderdi guztiei hura atzera botatzeko eskatu zieten. Taldearen esanetan, herritarren parte hartzea "ezinbestekoa" da energia trantsizioa aurrera eramateko eta "klima nahiz baliabide krisiari" aurre egiteko. Era berean, udalbatzarrean adierazi zuen hango nahiz hemengo gobernuak "argi berdea" ematen ari direla zentral fotovoltaikoei eta eolikoen proiektu pribatuei, horrela “berriztagarrien burbuila” eraginez.

Oletan ere Ez! taldeko kideen esanetan, Oletan gauzatu nahi duten proiektuen antzerakoek bermatu beharko lukete "paisaia babestea, nekazaritza, turismoa nahiz kultura garatzea, eta energia demokratizatzeko nahiz trantsizio justua izateko eskubidea". Dena den, plataformarentzat "eskala handiko proiektu berriztagarriak" dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezartzen ari diren berriztagarrien ereduak. "Eredu hau suntsitzailea da paisaiarentzat eta bioaniztasunarentzat, eta gainera, energia bezalako funtsezko ondasun bat demokratizatzeko aukerak zapuzten ditu". Nabarmendu zuten Europak zehaztutako azken neurriek "lehentasuna" ematen diotela bioaniztasunaren kontserbazioari, "hori delako planetaren bizitzaren bermea". Horregatik, plataformak beharrezkoa eta premiazkoa ikusten du plan autonomikoak onartzea. "Planak ahalik eta gardentasun eta parte hartze handienarekin egin behar dira, energia ekoizpenean herritarrek parte har dezaten eskatzen duten Europako zuzentarauetara egokituz".

Plataformak adierazi zuen mendi lurretan energia berriztagarrien zentralak jartzeak "arrisku larrian" jarriko lituzkeela mendietako landaredia eta fauna. Gainera, Buruzaiko eolikoen proiektuko haize sorgailuetako batetik hurbil Iruarrietako estazio megalitikoa dagoela jakinarazi zuten. Buruzai proiektuak Oletan "nabarmen" kaltetuko dituen puntu batzuk zerrendatu zituzten segidan plataformakoek: tokiko bioaniztasuna, oreka naturalaren egoera, lasaitasun publikoa, inguruko kultur ondarea, ur iturriak, mendizaleen ibilbideak eta hegazti migratzaileen korridoreak.

Horren aurrean, plataformak proiektua "onargarria ez" dela adierazteko eta bildutako 1.000 sinadura baino gehiagok abalatuta, proiektuaren aurka egiteko eskatu zien udalean ordezkaritza duten lau alderdiei. Era berean, proiektuaren aurka egiteko legezko baliabideetan sakontzeko eskatu zieten. Bestalde, energia plan globala izan arte, zentral eoliko handien instalazioei lizentziak emateko izapideak eta baimenak bertan behera uztea galdegin zion Jaurlaritzari. Buruzai proiektuak eragina izango du Zumarragan, Urretxun, Ezkio-Itsason eta Azpeitian, eta hori horrela, herri horietako udalekin lan egiteko proposamena ere luzatu zion plataformak Azkoitiko Udalari, baita proiektuak eragin ditzakeen kalteen aurkako lan tekniko guztia elkarrekin egiteko eskatu ere. Azkenik, beharrezkoa ikusten dute eraikin publiko guztietan energia berriztagarriak ezartzea, kontsumoa murrizteko neurriak hartzea eta herritarrei beharrezko laguntza nahiz erraztasuna ematea.

Alderdi bakoitzaren kokapena

Mozioak aurkeztearekin batera, alderdi bakoitzak gaur-gaurkoz Oletako Buruzai proiektuaren inguruan duen kokapena zein den ere argitu zuen. Javier Zubizarreta alkateak azaldu zuen Udal Gobernua "balizko proiektua lantzen" ari dela. "Proiektua egitera iristen badira, herriak ahalik eta onura gehien izatea nahi dugu, hemen sortzen dena ahal bada hemen gelditu dadin. Oraindik ez ditugu datu guztiak; hitz egiten ari gara eta ez dakigu sortuko litzatekeen energia horretatik guztitik zer portzentaje izango litzatekeen herriarentzat". Alkateak jakinarazi zuen enpresak "derrigortuta" egoten direla energiaren zati bat sare nagusira bideratzera.

Aldiz, EH Bilduko Iraitz Otaño bozeramaileak argitu zuen koalizioak ez lukeela gaur-gaurkoz Buruzai proiektua babestuko. Dena den, argitu zuen enpresak "beste era bateko proiektu bat" aurkeztuz gero, "aztertzeko eta bat egiteko aukera" izango luketela. "Sortzen den energia bertan geldituko dela esaten badigute; energia bidezko prezio batean herritarren esku gelditzen bada; erakunde publikoek eta herritarrek energia kooperatiben bidetik azpiegituren jabe egiteko aukera badute; hipotetikoki sortuko den zentral horrek funtzio soziala bere bizitza guztian zehar beteko duela bermatuz gero, eta, ingurunea bere onera etortzeko, zaintzeko, hobetzeko eta biodibertsitatea berreskuratzeko hobekuntzak egingo dituela ziurtatuz gero, orduan, beharbada, proiektua aztertu eta bat egitea edukiko genuke".

Azkoitia Bai herri plataformak, aldiz, ez zuen moziorik aurkeztu, baina Oletan ere Ez! taldearena babestu zuen, gainerakoei ezezko botoa emanez. Jose Joakin Etxaniz zinegotziak adierazi zuen, egungo energia eredua "sostengaezina" dela, irtenbide bakarra "herritarren burujabetzan" dagoela, eta bide horretan "udalak eredu" izan beharko lukeela. Horren aurrean, Azkoitia Baik 2023. urteko aurrekontuetarako 250.000 euro jartzea aurreikusi du, energia trantsizioarekin "berehala" hasteko. Era berean, gainerako udal taldeei galdetu zien ea "energia trantsizioaren urratsak Capital Energy enpresaren esku" utzi behar al diren. Herri plataformak "egokiagoa" ikusten du energia beharrei erantzuteko herrirako eredu bat osatzea. Hala ere, horretarako Udal Gobernuaren konpromisorik ez duela ikusten adierazi zuen.

Mozioa aurkeztu zuten Oletan ere Ez! plataformako kideak.

Plataforma, gardentasun eske

Udalbatzarraren amaieran, galde-erreguen tartea zabaldu zuten, eta Oletan ere Ez! taldeko hainbat lagunek galderak luzatu zizkieten udal ordezkariei. Hitza hartu zutenek, gardentasuna eskatu zioten Udal Gobernuari. "Buruzai proiektuaren inguruan ez dago inolako gardentasunik. Konparazioak ez dira onak izaten, baina orduan ikusten dugu bakoitzak duen jokabidea zein den. Konparazioak egiten hasita, Zumarragako Udalak proiektu honen aurka egin zuen ekainean aho batez. Arraroa egiten zaigu, informazio berdina izanda, nolatan Azkoitiko Udalak orain arte ez duen ezer esan. Inguruko beste herrietan proiektuen inguruko azalpenak eman dituzte, baina Azkoitian ez dugu inolako azalpenik jaso. Ulertzen dugu horrelako proiektuak ezin direla egun batetik bestera aztertu, baina iruditzen zaigu nahikoa denbora izan duzuela honen inguruan zerbait esateko". Gainera, Capital Energy enpresari eta haren sortzaileari buruzko informazioa ere helarazi zuten. "Capital Energy enpresak Espainia mailan auziak ditu, eta Jesus Martin Buezas enpresaren sortzailea zerga iheslaria da".

Alkateak erantzun zion alde bakoitzak "bere bidea" daramala. "Capital Energy hona etorri eta gero, bi bilera egin ditugu; bat, Lurralde Batzordean, eta bestea, zinegotzi guztiekin. Proiektuak oso bide luzea du eta aldaketak ari dira izaten. Guztiok dakigu 200 metroko haize errotek sortzen duten eragina zein den, baina horien alde onak eta txarrak zein diren ikusi behar ditugu. Oraindik ez dugu informazio guztia, eta lantzen nahiz aurreratzen ari gara".

Zubizarretak Oletan ere Ez! taldeko kideei adierazi zien beraien asmoa dela plataformarekin elkartzea eta orduan enpresa ere han izatea. "Guztiok gaude energia garbiaren alde, beharra ere badago, baina kontu bat da nahia izatea eta beste bat nola, eta horregatik ordaindu behar den prezioa zein diren jakitea. Instalazio batzuk toki horretan jarri eta onurarik jasoko al dugu? Eta onura horiek nahikoa al dira horrelako proiektu bati baietz edo ezetz esateko? Informazio pila bat falta zaigu erantzun bat emateko".

Azkenik, Oletan ere Ez! taldeko kideek nabarmendu zuten energia berriztagarrien eta eolikoen alde daudela, baina modu batean, "ingurumenaren aldetik inpaktu txikiena izatea" eskatzen dute. Horrez gain, proiektua beste era batera egin eta onuradunak Azkoitiko herritarrek izan beharko luketela adierazi zuten. Udalari erreferendum bat egiteko asmorik baduen ere galdetu zioten alkateari, baina hark erantzun zuen gaur-gaurkoz ez dutela horrelakorik planteatuta.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide