Eduki babestua

Marikruz Alberdi: "Zenbait iktus edo garezurreko traumatismo kasuri buelta eman dakieke, itzulgarriak baitira, eta landuz gero, senda daitezke"

Erredakzioa 2022ko abe. 1a, 17:51

Lau urte eta erdi dira Argituz zentroak ateak ireki zituela. Denbora tarte horretan, zainketa kontratazioetara eta estimulazio bakarkako saioetara zuzendu du bere zeregina, baina, orain, Osasunaren Psikologian graduatu da Marikruz Alberdi, eta aro berri batean murgiltzea erabaki du.

"Zainketa kontratazioak alde batera utziko ditut, eta Estimulazio Kognitibo Integralean zentratuko naiz, esklusiboki, taldeka eta indibidualki. Gainera, orain arte adineko pertsonekin aritzen banitzen ere estimulazio kognitiboa lantzen, aurrerantzean adin guztiei eskainiko dizkiet saioak. Azken finean, arazo kognitiboak dituztenentzat terapia eskainiko dut", azaldu du Alberdik.

Baina zertan datza arazo kognitiboa? Garunaren funtzionaltasun egokiari hainbat arrazoik eragin diezaiokete: zahartzeak berak, gogo-aldarteak (depresioak edo antsietateak), gaixotasun neurodegeneratiboek (alzheimerrak edo parkinsonek), iktusek, garezurreko traumatismoek, epilepsiek eta abarrek, eta horiek denak lantzeko Estimulazio Kognitibo Terapia erabiltzen du Argituz zentroak. Estimulazio Kognitiboko Terapia esku-hartze ez-farmakologikoa da, eta zientifikoki bermatzen da narriadura kognitiboa tratatzeko eta prebenitzeko.

"Gaixotasun neurodegeneratiboak frena daitezke, aldiz, zenbait iktus edo garezurreko traumatismo kasuei buelta eman daiteke, itzulgarriak baitira, eta landuz gero, zenbat eta lehenago landuz gero, sendatu daitezke. Neurona berriak sortzen dira, sare berriak osatzen dira, galdu diren neurona horiei laguntzeko. Bide berriak erakutsiz eta irekiz, bizitzeko beharrezkoa den funtzionaltasuna berreskuratzen laguntzea da nire lana", adierazi du.

Saio terapeutikoak jolas bidez eskaintzen ditu Alberdik; adibidez, zenbaki eta hizkien bidez funtzio kognitibo ezberdinak lantzen dira, eta, orain, Taichi eta Mindfulness teknikak gehitu ditu, Estimulazio Kognitibo Integrala osatuz: "Gorputza, emozioak eta kognizioa elkarrekin lotuta baitaude. Alegia, emozionalki gaizki gaudenean, kognitiboki okerrago funtzionatzen dugu, eta, aldiz, barre egiten badugu, hobeto egiten ditugu gauzak eta errazago da arazoei aurre egitea".

Funtzio kognitiboak Estimulazio Kognitiboko Integralaren bidez entrenatzeak eta indartzeak egunerokoan eta ingurunearekin dugun harremanean egiten diren ekintzen kalitatea hobetzea dakar, onura ugari lortuz kognitiboez gain:

  • Ingurunea kontrolatzeko sentimenduak sortzen ditu eta babesgabetasuna murrizten du.
  • Independentzia eta autonomia pertsonala areagotzen ditu.
  • Ongizate emozional, psikologiko eta osasun orokorreko sentimendua hobetzen du.
  • Isolamendu soziala saihesten du, hain arriskutsua dena gure kognizioarentzat.

Informazio gehiago nahi duenak Argituz zentrora joan daiteke, astelehen goizetan edo ostiral arratsaldetan, mezua bidali malberdi@argituz.eus posta elektronikora edota 650 13 72 27 telefonora deitu.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide