Fernando Prado Gipuzkoako gotzain berriaren izendapen ekitaldira joateko autobusa antolatu du Azkoitiko Parrokiak

Andoni Elduaien 2022ko abe. 1a, 15:55
Fernando Prado Gipuzkoako gotzaina. (Vatican News)

Sakristian eman behar da Donostiara bidaia autobusez egiteko izena. Horretarako azken eguna abenduaren 10a izango da. Fernando Prado Gipuzkoako gotzainaren izendapen ekitaldia abenduaren 17an, larunbatez, egingo dute, Donostiako Artzain Onaren katedralean.

Fernando Prado Gipuzkoako gotzainaren izendapen ekitaldira joateko autobusa antolatu du Azkoitiko Parrokiak. Abenduaren 17an, larunbatez, hartuko du gotzain kargua Bilboko apaiz klaretarrak eta kazetariak Donostiako Artzain Onaren katedralean, 11:00etan. Jose Ignacio Munilla aurreko gotzainak joan den otsailetik utzitako hutsunea beteko du aurrerantzean Prado gotzainak. Geroztik, Francisco Perez Iruñeko artzapezpikuak hartu ditu behin-behinean Gipuzkoako apezpikutzari dagozkion lanak. 

Azkoitiko Parrokiak adierazi du, Gipuzkoako Elizbarrutiarentzako "une itxaropentsua" dela, eta horregatik, autobusa antolatuko dute ekitaldira joateko. Donostiara joan nahi dutenek sakristian izango dute izena emateko aukera. Dena den, Azkoitiko Parrokiak ez du zehaztu oraindik autobusaren irteeraren ordua noiz izango den; izena-ematean jakinaraziko zaio bakoitzari ordua. Abenduaren 10era arte egongo da izena emateko aukera.

Prado Bilbon jaiotakoa da, nahiz eta haren familiak Getxoko Areeta auzoan (Bizkaia) izan jatorria. 1992an klaretarren kongregazioan sartu zen hura, eta kazetaritza eta teologia ikasketak egin zituen. 2000ko maiatzean apaiz izendatu zuten, eta gaur egun Salamancako Eliz Unibertsitateko katedratikoa da (Espainia).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide