Zabaldu dute XXVI. Gabonetako Erakusleiho Lehiaketan izena emateko epea

Anartz Izagirre 2022ko abe. 1a, 12:07
Aizterri Homek jaso zuen XXV. Gabonetako Erakusleiho Lehiaketaren sari nagusia. (Azkoitiko Udala)

Azkoitiko Udalak eta Herrixen merkatarien elkarteak Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa antolatu dute beste urte batez, eta herriko saltokiek abenduaren 9a bitartean izango dute izena emateko aukera. Hiru sari banatuko dituzte, eta laugarren sari bat ere banatuko dute erakusleiho onena aukeratzeko zozketan parte hartzen duten herritarren artean.

Abenduan sartzearekin batera ate joka datoz Gabonak, eta horrekin batera, bueltan da Azkoitiko Udalaren Merkataritza arloak eta Herrixen merkatarien elkarteak antolatzen duten Gabonetako Erakusleiho Lehiaketa ere. Aurten egingo dutena 26. edizioa izango da, eta herriko saltokiek dagoeneko eman dezakete izena bertan parte hartzeko; abenduaren 9a bitartean —15:30 arte— egongo da horretarako aukera. Antolatzaileek adierazi dutenez, "tokiko merkataritza txikia bultzatzea" eta "Gabon giroa piztea" dira egitasmo honen xede nagusiak.

Izena emateko udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzura edo Herrixen elkartearen bulegora (Kultur Etxeko lehen solairua) jo beharko dute herritarrek, edo bestela herrixen@hotmail.com helbide elektronikora mezu bat bidali beharko dute; horrez gain, 608 31 30 24 telefono zenbakira whatsapp mezu bat ere bidali ahalko da izena emateko. Partaideek hilaren 9rako prest izan beharko dute erakusleihoa, eta horren argazki bat bidali beharko dute Herrixenera. Epaimahaia Gipuzkoako Merkatarien Federazioko ordezkariek osatuko dute, eta horiek honako ezaugarriak baloratuko dituzte, besteak beste: originaltasuna, modernitatea, argiztapena eta sormena.

Hiru sari

Epaimahaiak hiru sari nagusi banatuko ditu: lehen saria, 350 euroko bonua izango da; bigarren saria, 250 eurokoa, eta hirugarrena, 150 eurokoa. Saridunen berri abenduaren 22an emango dute, eta antolatzaileak irabazleen saltokietara joango dira horiek banatzera. Bestalde, lehiaketan parte hartzen duten saltokien erakusleihoen argazkiak Facebooken jarriko ditu Herrixenek, eta herritarrek gehien gustatzen zaien argazkiei Atsegin dut eman ahalko diete. Zeregin horretan parte hartzen duten guztien artean 100 euroko erosketa bonua zozkatuko dute; abenduaren 22an amaituko da parte hartzeko epea, 12:00etan.

Honako lotura honetan ikus daiteke iazko irabazleen argazki bilduma. Aizterri Homek, Ostadar optikak eta Hizki papertegiak jaso zituzten sariak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide