Sanandresak 2022

Kontzejupeko txapelak banatuta, agur sanandresei

Mailo Oiarzabal 2022ko abe. 1a, 09:15

San Andres arratsaldeko ohiko kirol hitzorduak berotu zituen jaien azken txanpako orduak. Juaristi-Egaña, Galarza, Alberdi-Etxaniz, Juaristi-Aizpurua eta Mendizabal-Iturralde izan dira aurtengo txapeldunak.

Kontzejupeko XLVIII. Pilota Txapelketaren finalekin bukatu ziren atzo San Andres eguneko ekitaldiak. Ohi bezala, ikusmina piztu zuten Oteiza pilota elkarteak antolatutako txapelketaren partida erabakigarriek. 17:00etatik 19:30 aldera arte, ikuslez inguratuta egon ziren udaletxeko arkupeko pilotalekuaren inguruak.

Barruan, bost final jokatu ziren. Benjamin mailakoan (8-9 urtekoak), Oihan Mendizabalek eta Aimar Iturraldek 16-12 irabazi zieten Jurgi Subinasi eta Aitzol Garateri; kimu edo alebin mailan (10-11 urte), Ekain Juaristik eta Jurgen Aizpuruak jantzi zituzten txapelak, Aiur eta Jokin Alkorta 16-8 gaindituta; infantiletan, 18-7 gailendu ziren Mikel Alberdi eta Julen Etxanizen kontra; kadeteena izan zen buruz buru jokatu zen final bakarra, baita arratsaldeko estuena ere, Denis Galarzak 22-21 irabazi baitzion Jon Arregiri; azken finala nahasian jokatu zuten jubenil eta senior mailetako pilotariek, eta Alex Juaristirentzat eta Inhar Egañarentzat izan zen garaipena, 22-15, Jon Oteizaren eta Imanol Lasaren aurrean.

Azkoitiko pilotari ohi ezagunak elkartu ziren beste urte batez Kontzejupean sariak banatzeko, udal ordezkariekin batera, eta taldeko argazki jendetsuarekin bukatu zen San Andres eguneko pilotaren festa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide