Eduki babestua

Danobatgroup-ek lehiaketa antolatu du Euskaraldiaren amaiera eta euskararen eguna ospatzeko

Erredakzioa 2022ko abe. 2a, 09:30

Euskaraz izango gara lelopean kaleratu du Danobatgroup kooperatiba taldeak lehiaketa, eta kooperatiba taldeak lantegiak dituen herrietako bizilagunei zuzenduta dago. Abenduaren 14ra arte parte hartu ahal izango da lehiaketan, eta erantzun zuzena eman dutenen artean produktu ekologikoz betetako otarre bat zozkatuko da.

Danobatgroup industria taldea espezializatuta dago makina-erreminten fabrikazioan, balio erantsi handiko osagaien fabrikaziorako garapenetan, giltza eskura erako ekoizpen sistemetan eta zerbitzu teknologikoki aurreratuetan. Danobatgroup kooperatibaz gain, Danobat, Soraluce, Goimek, Latz eta Ideko kooperatibek osatzen dute taldea.

Danobatgroup-ek harreman sare zabala du eta lanerako hizkuntza asko erabili eta kudeatzen ditu. Baina Euskal Herriko lantegietako langile, hornitzaile, bezero, ikastetxe, administrazio eta abarrekin euskara erabiltzeko erabakia hartua du, eta horren adierazgarri dira taldeko kooperatiba guztietan euskararen erabilera bultzatzeko dituen planak eta lortutako Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak.

Euskaraz izango gara da Danobatgroup-ek etorkizunerako aurreikusten duen agertokia, eta hori errealitate bihurtzeko lanean ari da, bai eguneroko lanean, ikerketa eta garapenean, teknologia berrietan, elkarren arteko harremanetan… Baina, egunerokotasunetik haratago, gizarteari ere euskararekiko duen konpromisoaren berri eman nahi dio Danobatgroup-ek. Ildo horretan, Danobatgroup-ek inguruan garatzen diren hainbat ekimenetan parte hartzen du, eta ekimen sozial horietako askoren sustatzailea ere bada, Euskaraldia kasu. Euskararen Nazioarteko Eguna eta Euskaraldiaren amaiera ospatzeko aurten berriz ere lehiaketa antolatu du, Danobatgroup kooperatiba taldeak enpresak dituen herrietara zein gizarte osora zabalduta.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek honako lotura honetan sartu behar dute, eta erantzunak Danobatgroup-eko webgunean aurkitu ahalko dira.

Abenduaren 14ra arte parte hartu ahal izango da lehiaketan, eta erantzun zuzena eman dutenen artean produktu ekologikoz betetako otarre bat zozkatuko da.

Euskaraz izango gara!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide