Xalome Uriak jaso du Gazteak eta Garapena taldearen zozketako saria

Anartz Izagirre 2022ko aza. 30a, 09:55
Xalome Uria (erdian) eta Gazteak eta Garapena taldeko kideak atzo, asteartea, sari banaketan. (Gazteak eta Garapena)

Gazteak eta Garapena taldeak nahiz Salestar Misioek zozketa antolatu dute Cotonouko umeentzat laguntza biltzeko, eta atzo, asteartea, banatu zuten saria. Xalome Uria izan da irabazlea, 6.216 zenbakiarekin, eta askotariko sariak jaso ditu hark.

Cotonou hiriko (Benin) Mama Margarita aterpeko umeei laguntzeko helburuz zozketa egin dute Gazteak eta Garapena taldeak zein Salestar Misioek, eta dagoeneko eman dute saridunaren berri. Xalome Uria Ubitetxo izan da saridun txartela zuen herritarra: 6.216 zenbakia.

Atzo, asteartea, jaso zuen Uriak sari sorta: Iban Larrañaga erremonte jokalari profesionalaren kamiseta, bere kideen sinadurekin; Julen Alberdi Txikia IV.a aizkolariaren kamiseta sinatua; Migel Zubizarreta Bolante eta Maite Agirre Krispin herriko margolarien koadro eder bana; Joseba jatetxean bi lagunentzat bazkari edo afaria; Elikagune taldeak emaniko janari aukeratuen saskia, eta pare bat Xoxote artzain gazta.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide