Joseba Beristainek Goya sarietako izendapen bat lortu du 'Unicorn Wars' filmerako egindako musikagatik

Andoni Elduaien 2022ko abe. 1a, 12:15
Joseba Beristain, bere estudioan. (Andoni Elduaien)

Gaur, osteguna, jakinarazi ditu Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak 37. Goya sarietarako izendapenak, eta musikari azkoitiarrak jatorrizko abesti onenaren izendapena lortu du. Sari banaketa ekitaldia otsailaren 11n egingo dute, Sevillan.

Joseba Beristain musikari azkoitiarrak izendapen bat eskuratu du Goya sarietarako. Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak gaur, osteguna, jakinarazi ditu 37. Goya sarietarako izendapenak, eta Beristainek Unicorn Wars filmerako ekoitzi duen Batalla musikagatik lortu du jatorrizko abesti onenaren izendapena. Dena den, Alberto Vazquezek zuzendu eta Ivan Miñambresek ekoitzi duen filmak Animaziozko film onenaren izendapena ere lortu du.

Urrian estreinatu zuten Unicorn Wars helduentzako animaziozko filma Annecyko Nazioarteko Animazio Zinemaldian eta Sitgeseko Naziarteko Zinemaldian. Halaber, Vazquez, Miñambres eta Beristain bera Los Angeleseko (AEB) Grauman's Chinese Theatre antzoki txinatarrean izan ziren filma aurkezten, Animation Is Film zinema jaialdia aitzakia hartuta. Modu horretan, Oscar sarietarako hautagaitza kanpaina hasi zuten han.

Espainiako Arte eta Zientzia Zinematografikoen Akademiak banatzen ditu Goya sariak. 37. edizioa da aurtengoa, eta 2023ko otsailaren 11n egingo dute sari banaketa ekitaldia, Sevillako (Espainia) FIBES Erakusketa eta Kongresuen jauregian. Azkoitiarrak ordura arte itxaron beharko du ekoitzi duen Batalla abestia jatorrizko abesti onena izendatzen duten edo ez jakiteko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide