Gabonetako ekintzen berri eman dute Gazteria sailak eta Elkarguneak

Ane Olaizola 2022ko aza. 28a, 10:05
Gabon parkea, artxiboko irudi batean.

Gabonetako oporraldian hamaika ekintza izango dira umeentzat eta nerabeentzat. Askotariko tailerrak zein ikuskizunak eskainiko dituzte Elkargunean, eta ohi bezala, Gabon parkea jarriko dute hiru egunez. Aurten, gainera, bideo-jokoen parkea ere zabalduko dute.

Azkoitiko Udaleko Gazteria sailak eta Elkarguneak Gabonetarako prestatu dituzten ekintzen berri eman dute. Ohi bezala, haurrei eta nerabeei zuzendutako Gabon parkea, aisialdirako hamaika ekintza eta ikuskizunak izango dira Gabonetako oporraldian Elkargunean, eta saio batzuetan izena emateko epea zabalik da dagoeneko.

Abenduaren 28an, 29an eta 30ean zabalduko dute Gabonetako parkea Elkargunean. Urtebetetik 12 urtera bitarteko umeentzako askotariko jolasak zein puzgarriak izango dira bertan, eta herritarrek aurrez ere erosi ahal izango dituzte sarrerak, Elkarguneko Gazteria Zerbitzu Bulegoan. Abenduaren 12tik 23ra artean izango da horretarako aukera, eta sarrerek honako prezioa izango dute: egun osoko sarrerak bost euro balioko du; goizekoak, bi euro, eta arratsaldekoak hiru euro. Era berean, hiru egunetarako bonua ere eskuratu ahal izango da, hamar eurotan. Parkea, berriz, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara artean izango da zabalik.

Aurten, gainera, beste parke bat ere zabalduko dute udalak eta Elkarguneak: bideo-jokoena. Herriko Plaza aretoan gozatu ahal izango da horretaz, bi egunetan: abenduaren 29an, LH1-LH6 mailetako umeentzat izango da parkea erabilgarria, eta hurrengo egunean DBHko ikasleei zabalduko diete. Doako sarrera izango du, eta egun batean zein bestean 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara artean zabalduko dute.

Askotariko saioak

Hiru ikuskizun ere programatu dituzte datozen asteetarako. Hodei Magoak, esaterako, Harritzearen abilezia ikuskizuna eskainiko du abenduaren 11n, 17:00etan, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Hilaren 17an, berriz, Kids&Us akademiak Christmas party saioa taularatuko du 18:00etan, eta urtarrilaren 3an, bestalde, Trokolo Teatro konpainiaren Txus & Txu antzezlana ikusteko aukera izango da, 17:00etan. Saio guztiak doakoak izango dira, eta Elkarguneko Herriko Plaza aretoan egingo dituzte.

Ohiko moduan, askotariko ikastaroekin uztartuko dute Gabonetako egitaraua: besteak beste, bideo jokoen programazioa, brikolaje, marrazketa, arteterapia, kirol zein sukaldaritza saioak, birziklatzeko lantegia eta Marrazketa bizia erakusketa egingo dituzte adin tarte desberdinetako umeei nahiz nerabeei zuzenduta. Horrez gain, 2023an sartzearekin batera Negune Bai eta Gazte Astea egingo dituzte Abarketatxo ludotekan zein Artxamendi topalekuan. Ekintza horien inguruko informazio osoa hemen ikus daiteke, eta saioaren arabera, www.elkarguneazkoitia.eus webgunean edo Gazte Zerbitzu Bulegoan eman beharko da izena.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide