Sanandresak 2022

Baserritarren azoka, ehoziri lana, elkartasuna, musika eta dantza, San Andres aurreko iganderako

Mailo Oiarzabal 2022ko aza. 27a, 15:39

Plazan eta Kontzejupean izan da gaur goizean zer ikusi eta zer erosi, eta Bizkargiko dantzariek, trikitilariek eta txistulariek girotu dute gau luzearen osteko festa giroa.

Helduen danborrada (hemen, argazkiak eta bideoa) eta gau luzearen ostean, San Andres aurreko festak jarraipena izan du gaur goizean eta eguerdian Azkoitian. Aje gozoarekin esnatu da herria eta gutxika joan dira betetzen kaleak, baina plazan egon da zer ikusia eta zer erosia goizetik.

Batetik, herriko eta inguruetako zenbait baserritarrek etxeko onena atera dute sanandresetako azokarako: barazkiak, lekaleak, ogia, sagardoa... aukeran izan dituzte herritarrek, eta erosketak egiteko baliatu dute aukera batek baino gehiagok. Beste era bateko azoka baten postuak zituzten gertu baserritarrek, Garapenean Bidelagun azoka solidarioan parte hartu duten zortzi elkarteenak, hain zuzen ere. Eta Kontzejupean, berriz, Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako ia ehun emakume elkartu dira ehoziri-lanean aritzeko; bolill lanarekin lotutako materiala saltzeko postuak ere jarri dituzte plazan.

Eguerdian, plazako ekintzei musika eta dantza gehitu zaizkie alde zaharreko kaleetan. Gaztaneneatik abiatuta, kalejiran eta han eta hemen erakustaldiak eginez ibili dira Bizkargi musika eta dantza eskolako dantzariak, tritikilariak eta txistulariak, Txalkor taldekoekin batera.

Festa ekitaldiek eta jai giroak atseden hartuko dute asteazkenean, San Andres egunez, indarrez itzultzeko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide