Presoen eskubideen aldera, kalera atera dira hainbat lagun

Julene Frantzesena 2022ko aza. 26a, 11:02
Atzoko elkarretaratzeko iruda. (Azkoitiko Sare)

Azaroko azken ostirala izanik, Azkoitiko Sarek eginiko deialdiari erantzun zioten hainbat herritarrek, eta horiek plazan elkartu ziren, hilero legez.

Euskal presoen, iheslariek eta deportatuen eskubideen aldeko elkarretaratzea egin zuten hainbat lagunek atzo arratsaldean. Azaroko azken ostirala izanik, Azkoitiko Sarek eginiko deialdiari erantzun zioten hainbat herritarrek, eta horiek plazan elkartu ziren, hilero legez.

Presoen kartzeletako lekualdatzeak "albiste ona" direla azaldu du Sarek, horrek dispertsioaren eta urruntzearen "behin betiko amaierara hurbiltzea" esan nahi duelako. Dena den, oraindik "lan handia" dagoela egiteko esan du taldeak, hamalau direlako Espainiako espetxeetan preso jarraitzen dutenak, hamabi Frantziakoetan direnak, 25 erbesteratuak eta bost deportatuak. Gainera, joan zen astean Xabier Goienetxea presoarengana bisitan joan zen emakume batek bidaian istripua izan zuela gogoratu du, eta egoera horrekin "bukatu beharra" dagoela salatu. "Konpromisoa, mobilizazioa kalean eta lana. Zabaltzen ari diren aro berri honetarako formula garrantzitsua da hori. Helburu argiarekin: salbuespenarekin behin betiko amaitzea, eta gradu aurrerapenak eta baimenak desblokeatzea, Espainiako Auzitegi Nazionalak horiek geldiarazteko ahalegina deuseztatu arte".

Gainera, Indarkeria Matxistaren Aurkako Eguna izanik, horretan ere jarri du arreta Sarek. Espetxe sistemaren "izaera patriarkalak" emakume presoei "zigor bikoitza" ezartzen diela azaldu du: "Emakume izateagatik eta preso egoteagatik". Halaber, datozen asteetan izango diren hitzorduen berri ere eman du; izan ere, besteak beste, gradu erregresioaren aurka abenduaren 10ean Durangon (Bizkaia) manifestazioa egingo du Sarek. Bestalde, Gabonetan ere egingo ditu mobilizazioak, eta gogora ekarri du urtarrilaren 7an Bilbon egingo den manifestazioa ere.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide