Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartea aurkeztuko dute etziko 'Gosaldu eta ezagutu' hitzaldi informatiboan

Andoni Elduaien 2022ko aza. 26a, 10:00
'Gosaldu eta ezagutu' hitzaldi informatiboaren irudietako bat. (Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartea)

Etzi, 11:00etan egingo du Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak hitzaldi informatiboa, Elkargunean. Elkartearen berri emango dute saioan, eta beraien egitekoaz nahiz eskaintzen dituzten zerbitzuez informatuko dituzte herritarrak. Hitzaldian parte hartzeko, izena eman beharko da 943-45 77 22 telefono zenbakira deituta.

Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkarteak Gosaldu eta ezagutu hitzaldi informatiboa eskainiko du etzi, astelehena, Elkarguneko Oteiza aretoan. 11:00etan, herritarrak gosaltzera gonbidatuko dituzte elkartekoek, eta elkartearen berri emateaz gain, zer egiten duten eta elkartearen egoitza non duten azalduko dute saioan; galderei eta zalantzei ere erantzungo diete elkarteko kideek. Dena den, saioan parte hartzeko izena eman behar da aurrez, eta horretarako, 943-45 77 22 telefono zenbakira deitu beharko da. 

1988. urtean, onura publikoko elkarte bezala aitortu zuten Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartea, eta 2015ean, gizarte interesekoa aitortu zuen Eusko Jaurlaritzak. Donostiako egoitza nagusiaz gain, beste zazpi egoitza ditu elkarteak Gipuzkoako sei eskualdetan banatuta. Iazko ekainaz geroztik, Azpeitian du elkarteak Urola Erdiko egoitza, baina profesionalak aurtengo martxoaz geroztik ari dira lanean han. Besteak beste, prebentziorako psikologo, psiko-onkologo eta gizarte langile banak dihardute han lanean.

Elkartearen helburu nagusia da minbiziaren aurka borrokatzea, batetik, minbiziak eragiten duen "inpaktua leuntzeko", eta bestetik, "pertsonen bizitza hobetzeko". Oihane Palacin elkarteko gizarte langileetako bat da, eta haren arabera, minbizia agertzen denean, "gaixoaren plan guztiak aldatu" egiten dira. "Batzuk, lana edo ikasketak utzi behar izaten dituzte, eta besteek, tratamendura nahiz kontsultara joateko hitzorduak izaten dituzte. Horregatik, erabat aldatzen da familiako errutina. Gaixotasunarekin bada ere, gure bizitzak eta bideak aurrera jarraitzen dute, eta gainera, jarraitu egin behar dute. Gure misioa da gaixo dagoen pertsona babestea edo laguntzea, hark bidea ahalik eta ondoen egin dezan".

Elkarteren lan ildoak

Elkarteak hainbat zerbitzu eskaintzen ditu, guztiak doakoak, eta horiek "funtsezko hiru jardueren bidez" gauzatzen dituzte. Batetik, herritarrak informatzeaz eta kontzientziatzeaz arduratzen dira elkarteko kideak. Bizi ohitura osasungarriak sustatu, prebentzio kanpainak egin eta tabakoa uzteko banakako nahiz taldekako terapiak eskaintzen dituzte, izan aurrez aurrekoak edo online erakoak.

Era berean, gaixoa babesten eta laguntzen du elkarteak, baita haren familia ere. Modu horretan, "gaixotasunaren inpaktua leundu" egiten dela dio Palacinek, eta gaixotasunarekin egin behar duen "bidean babesa" jasotzen dutela. Gizarte langilearen esanetan, "gaixotasunak irauten duen une guztian" eskaintzen zaio arreta gaixoari, hala nola "diagnostiko berri baten lehen inpaktuan, gaixotasunean zehar eta gaixotasunaren ondoren". Bide horretan, besteak beste, arreta psikologikoa zein soziala eskaintzen dute, laneko bajen eta laguntzen kudeaketan laguntzen dute, material ortopedikoaren maileguan erraztasunak ematen dituzte eta erretzeari uzteko terapia zein logopedia zerbitzua eskaintzen dute. Palacinek dioenez, boluntariotza da beste zerbitzu garrantzitsuetako bat. "Gaixoa etxean edota ospitalean ingresatuta dagoen bitartean, boluntario baten laguntza izaten du laguntzeko, entretenitzeko, edo, bestela, senideen atsedenaldirako".

Ikerketa da elkartearen egiteko hirugarren alor nagusia. "Ikerketa sustatzea oso garrantzitsua da, eta lortzen dugun diruaren portzentaje bat ikerketara bideratzen dugu. Minbizia asko ikertu behar da, eta diru asko behar da horretarako. Ikerketa da diagnostikoa ahalik eta azkarren egiteko aukera bakarra, bai tratamenduak sortzeko edo minbizia sendatzeko, baita kroniko egiteko ere", adierazi du Palacinek.

Gipuzkoako Minbiziaren Aurkako Elkartearekin kolaboratzeko aukera ere badute herritarrek. Hala azaldu du gizarte langileak: "Inork ez du ezer ordaindu behar izaten gure zerbitzuak jasotzeagatik. Dena den, bazkideen kuotak dira elkartearen finantzazio iturririk garrantzitsuenak, horrekin lortzen baitugu elkartea mantentzea". Horren aurrean, Palacinek adierazi du elkarteko bazkide edo boluntario egiteko aukera dutela herritarrek. "Boluntarioak behar ditugu urteroko diru-bilketa egiteko, eta horrela, prebentzio kanpainak eta bestelako ekintzak gauzatzen ditugu". Era berean, "elkarteak dituen zerbitzuen hedapena eginda" ere lagundu daitekeela adierazi du gizarte langileak, eta honako mezu hau zuzendu die herritarrei: "Minbizia duen inor ezagutuz gero, esan pertsona horri non gauden eta zer egiten dugun; izan ere, herrietan oso ondo funtzionatzen du ahoz ahokoak".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide