Eduki babestua: KLINK ekintzailetza

Iban Lasa: "Erantzukizun guztia dut, eta, beraz, kezka guztiak nirekin eramaten ditut etxera"

Erredakzioa 2022ko aza. 29a, 11:00

Ekintzailetzarako hautua egin zuen Iban Lasak duela bi urte. Elektrikari ikasketak egin ondoren, Ibelek Muntaia Elektrikoak enpresa sortu du. Bi hilabete daramatza negozio berriarekin, baina "pozik" dago orain arte jaso duen harrerarekin.

Nolakoa izan da Ibelek sortzeko prozesua, hau da, ideiatik enpresa sortu artekoa?

Duela bi urte, garai hartan nuen lana utzi eta aro berri bat hastea erabaki nuen. Hala, Usurbilgo lanbide heziketan elektrikari ikasketak egiten hasi nintzen. Ikasketak amaituta, ez nuen lanik aurkitu, eta mantentze lanetan hasi nintzen. Baina berehala ohartu nintzen ez zela nire gustuko lana, eta ikasitako bidetik jarraitzea nahi nuela. Beraz, urratsa eman eta nire kasa hastea erabaki nuen.

Zeintzuk izan ziren hurrengo pausoak?

Aholkularitza batera joan nintzen, eta haiek esan zidaten Iraurgi Berritzen agentziak eskainiko zidala behar nuen laguntza guztia. Horrela egin nuen, eta haien laguntzari esker, abian da gaur egun Ibelek Muntaia Elektrikoak.

Nolako prozesua izan da? Zein oztopori, beldurri, aurre egin behar izan diezu?

Ez da bide erraza izan. Aurrez ez duzu pentsatzen enpresa bat sortzerakoan dagoen atzeko lan guztia. Askotan ekintzaile izatea erraza dela pentsatzen da, baina ez da horrela, ikaragarrizko izapide pila egin behar dira, eta zailtasun asko aurkitzen dituzu. Paper asko bete behar dira, eta lege aldetik ez baduzu ezer ulertzen, oso zaila da dena aurrera eramatea. Zulo batean aurkitzen zara askotan, eta ez dakizu irteten, baina ekintzailetza zerbitzuan jasotako laguntzarekin oso erraza egin zait. Oso garbi azaltzen dituzte pausoak, eta bitartean, asko ikasten duzu.

Zer moduz lehengo bi hilabeteak?

Espero baino hobeto doa. Hasiera zaila izango zelakoan nengoen, azkenean negozio berri bat ezagutaraztea zaila delako, baina herritarrak jakitun diren bezala, deitzen hasi dira eta lan desberdinak eskatzen. Jendearengana iristea da gauza zailenetakoa, eta lehen beste lan batean aritzen nintzenez, askok oraindik ez dakite orain elektrikaria naizela. Baina, poliki-poliki, ari naiz Ibelek ezagutarazten, eta pozik nago.

"Askotan ekintzaile izatea erraza dela pentsatzen da, baina ez da horrela, ikaragarrizko izapide pila egin behar dira, eta zailtasun asko aurkitzen dituzu."

Zeintzuk dira norberarentzako lan egitearen onurak eta desabantailak?

Abantaila nagusia da inor ez dudala gainetik, eta, beraz, ez diot inori konturik eman behar. Ni naiz arduraduna, onerako, baina, era berean, txarrerako ere bai. Izan ere, erantzukizun guztia neuk dut, eta, beraz, kezka guztiak ere nirekin eramaten ditut etxera. Ekintzailea izanda, lana eramaten duzu etxera.

Zer aholku emango zenioke enpresa sortzera doan ekintzaileari?

Lehenbiziko gauza, Iraurgi Berritzenera joatea esango nioke, haiek gidatuko baitute eman beharreko pausoez. Baina indar guztiak bere buruan jartzea ezinbestekoa dela iruditzen zait; ideian sinestea eta bere buruarekin eta egiten ari denarekin konfiantza izatea. Nire ustez bi oinarri horiek dira funtsezkoak.

Zeintzuk dira aurrera begira dituzun erronkak?

Jendearengana iristen jarraitzea nahi dut, eta eskatzen didaten lanen emaitzekin gustura uztea. Nire indar nagusia hori dela esango nuke, bezeroa gustura uztea.

Negozio ideia bat baduzu, Iraurgi Berritzenen Klink ekintzailetza egitasmoan aurkituko duzu beharrezko laguntza guztia.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide