Sanandresak 2022

Gurutze Gorriak hiesaren prebentziorako sentsibilizazio tailerrak egingo ditu San Andres egunean

Andoni Elduaien 2022ko aza. 27a, 09:00
Gurutze Gorriak Azkoitian egindako kanpaina bateko irudia. (Gurutze Gorria)

San Andres egunean, Azkoitiko Gurutze Gorriak postu bat jarriko du herriko plaza nagusian, eta bertan tailer ezberdinak egingo dituzte talde desberdinen artean errealitate birtualerako betaurrekoekin. Era berean, sexu harremanen prebentziorako materiala banatuko dute herritarren artean.

Azkoitiko Gurutze Gorriak hiesaren prebentzioaz sentsibilizatzeko doako tailerra eskainiko du San Andres egunean, azaroak 30, herriko plaza nagusian. Datorren osteguna, abenduak 1, Hiesaren Aurkako Borrokaren Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu zabalean, eta Gurutze Gorriak egun horren bueltan kokatu du asteazkeneko sentsibilizazio kanpaina.

Erakundearen arabera, "funtsezkoa" da harreman ez seguruek dakartzaten "arriskuez gizartea jabetzea eta sentsibilizatzea". Ildo horretan, sentsibilizatzeko eta hiesaren nahiz sexu-transmisiozko beste infekzio batzuk prebenitzeko materialak banatuko ditu Gurutze Gorriak herritarren artean, bereziki gazteen artean. Besteak beste, barneko nahiz kanpoko preserbatiboak, latexezko hesiak eta lubrifikatzaileak banatuko dituzte. Gurutze Gorriaren helburua da sexu harremanetan prebentziorako materiala erabiltzea garrantzitsua dela ohartaraztea.

Asteazkenean, 10:00etatik 14:00etara bitartean, herriko plaza nagusian postu bat jarriko dute Gurutze Gorriko lagunek, eta taldeen artean sentsibilizazio tailerrak egingo dituzte. Besteak beste, postu horretan errealitate birtualerako betaurreko batzuk izango dituzte, alkoholemiaren efektuak simulatzen dituztenak, eta sexu harremanetan prebentziorako materialaren erabileraz kontzientziatzen dutenak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide