Sanandresak 2022

Maxixatzen.eus-ek zuzenean emango du sanandresetako helduen danborrada

Erredakzioa 2022ko aza. 25a, 12:17
Iaz egindako danborradako irudi bat. (Ane Olaizola)

Bihar, zapatua, Azkoitiko helduen danborrada izango da kaleetan zehar 22:00etatik aurrera, eta Maxixatzen.eus-en zuzenean ikusi ahal izango da ekitaldia, Erlo Telebistaren bitartez, 23:15ean hasita.

Egun handia izango da bihar azkoitiarrentzat. San Andres jaietan bete-betean murgiltzeko, helduen danborrada egingo dute 22:00etan hasita herriko kaleetan zehar, eta ekitaldia Maxixatzen.eus-en nahiz Erlo Telebistan zuzenean ikusi ahal izango da.

Ohiko moduan, Baztarrikaldetik abiatuko dira danbor joleak, eta handik Aingeru kalera jaitsita, Kale Nagusian sartuko dira. Plazan aurreneko geldialdia egingo dute, eta bandaren laguntzarekin, lau pieza eskainiko dituzte. Plazaberrira joango dira gero, eta Balda plazan egingo dute bigarren geldialdia, hiru pieza jotzeko. Julio Urkixo kalea zeharkatu, eta plazara itzuliko dira gauerdirako. Han, ohi bezala, zortzi abesti joko dituzte danbor eta txapa hotsez: Azkoitia, San Sebastian, Diana, Idiarena, Deba, Umore Ona, Xoxote eta Tambores-Tatiago.

Guztira, honako 11 taldek parte hartuko dute biharko danborradan: udaleko taldea, Pilotarien taldea, Ixkitturri elkartea, Euskal presoen eskubideen aldeko taldea, Floreaga Ikastetxeko gurasoen taldea, Floreaga Ikastetxeko ikasle ohien taldea, Xabier Munibe Ikastolako gurasoen taldea, Xabier Munibe Ikastolako ikasle ohien taldea, Txintxarri, Aldapa eta Zalduntxuk. Danborradako azken aurreko entseguan jaian parte hartuko duten zenbait lagunekin hitz egin zuen Maxixatzenek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide