Sanandresak 2022

Jai giroan murgilduko da herria gaurtik

Ane Olaizola 2022ko aza. 25a, 21:00
Duela urte batzuetako dantza saioetako irudi bat. (Artxiboa)

Sanandresen atarian, asteburu betea dute aurretik azkoitiarrek. Helduen danborradan 11 taldek parte hartuko dute bihar, inoiz baino gehiagok, Zalduntxuk talde sortu berria batuko baita desfilera. Dena den, kirol ekitaldiek, musika emanaldiak eta azokak izango dira datozen hiru egunetan.

Askotariko ekintzak izango dira gaurtik igandera bitartean Azkoitian, eta beraz, jai giroan bete-betean murgilduko da herria. Sanandresak danbor hotsez iragartzen dituzte Azkoitian, eta aurten inoiz baino ozenago entzun ahal izango dira horiek, orain arteko taldetsuena izango baita. Izan ere, konpainia berri batek parte hartuko du helduen danborradan: Zalduntxuk taldeak. Beraz, guztira 11 talde izango dira danbor festan: Ixkitturri elkartea, Pilotarien taldea, Euskal presoen eskubideen aldeko taldea, Xabier Munibe Ikastolako gurasoen taldea, Xabier Munibe Ikastolako ikasle ohien taldea, Txintxarri taldea, Aldapa taldea, Floreaga Ikastetxeko gurasoen taldea, Floreaga Ikastetxeko ikasle ohien taldea, udalaren taldea eta Zalduntxuk taldea.

Iaz ez bezala, normaltasunez egingo dute helduen danborradako desfilea. Ohiko moduan, 22:00etan abiatuko dira danbor joleak Baztarrikaldetik, eta handik Aingeru kalea jaitsita, Kale Nagusian sartuko dira. Plazan aurreneko geldialdia egingo dute, eta bandaren laguntzarekin, lau pieza eskainiko dituzte. Plazaberrira joango dira gero, eta Balda plazan egingo dute bigarren geldialdia, hiru pieza jotzeko. Julio Urkixo kalea zeharkatu, eta plazara itzuliko dira gauerdirako. Han, ohi bezala, zortzi abesti joko dituzte danbor eta txapa hotsez: Azkoitia, San Sebastian, Diana, Idiarena, Deba, Umore Ona, Xoxote eta Tambores-Tatiago.

Kirol saioek, hutsik ez

Helduen danborrada ez da izango San Andres egunaren atarian izango den ospakizun bakarra, azkoitiarrek asteburu betea baitute aurretik. Gaur gauean, pilotari profesionalen eskuz binakako txapelketako aurreneko partidak hartuko du Gurea frontoia, eta lau eta erdiko txapelketa irabazi berri duen Joseba Ezkurdia izango da bertan; hark Julen Martijarekin osatuko du bikotea, eta Peio Etxeberria eta Beñat Rezusta izango dituzte aurrean. Bigarren partidan, berriz, Julen Egiguren eta Xabier Erostarbe arituko dira batetik, eta bestetik, Julen Salaberria eta Oier Etxeberria. Sarrerak eskuragarri daude Entradas Fronton atarian.

Bestelako kirol saioak ere izango dira datozen egunetan, hala nola XVII. Azkoitiko Herri Lasterketa eta haurrentzako San Andres Igeriketa Saria. 16:00etan hasiko dira igeriketa saioa Elkargunean, eta hainbat neska-mutilek proba ezberdinak egin beharko dituzte uretan. Ordu erdia beranduago hasiko da lasterketa plazan. Ohi bezala, hamar kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek. Guztira, 350 korrikalarik eman ahal izango dute probarako izena, eta Raka Maraton kirol elkarteak emandako datuen arabera, gaur-gaurkoz ia 230 lagun inguru daude izena emanda. Horien artean da, besteak beste, Maite Maiora iazko irabazleetako bat. Gaur, ostirala, gauerdian itxiko da izena emateko epea herrikrosa.eus atarian.

Igandean, ohi bezala, Garapenean Bidelagun eta baserritarren azokek hartuko dute plaza, eta Kontzejupean dozenaka bolillo egile arituko dira ehoziriak egiten eta erakusten. 11:00etatik aurrera irekiko dituzte postuak Garapenean Bidelagun azokako zortzi elkarteek, eta goizetik eguerdira bitartean egongo dira baserritarren postuak eta bolillo egileak plazan. Dantzarien eta txistularien kalejirek borobilduko dute igande eguerdia. 12:00etan aterako dira kalera Gaztaneneako parketik, eta Balda plazan, Iriarte Margolaria kalean eta eliz atarian egingo dituzte dantza saioak. Halere, udalak adierazi du eguraldi txarra eginez gero, horien saioak Elkargunean gauzatuko dituztela.

Joan zen asteburutik, jaia

Herritarrak joan zen asteburuan hasi ziren festetarako girotzen, orduan ere izan baitzen zertaz gozatu; larunbat gauean, Huntza taldeak ehunka lagun jarri zituen dantzan plazan, eta ordu batzuk lehenago, Sahatsa dantza taldeak, Iraurgi abesbatzak eta Azkoitiko Udal Musika Bandak baserri munduan girotutako Oi lur ikuskizun dotorea oholtzaratu zuten Baztartxo antzokian, dozenaka lagunen aurrean.

Gurea pilotalekuko probalekuan, bestalde, Kintopekoen San Andres Idi Dema Saria jokatu zuten lau egunez, eta Jatabeko (Bizkaia) Billabasok jantzi zuen txapela, 58 plaza eta 2,83 metro eginda. Ipintza harriarekin aritu ziren proban. Azkoitiko txapelketa, gainera, Gipuzkoako Kintopeko Txapelketarako azken proba puntuagarria izan zen. Uztarri onenek abenduaren 12an jokatuko dute finala, Aian.

Aste honetako egitaraua

Festarako aukera asko izango da asteburuan. Hona hemen gaur, bihar eta etzi San Andres jaiei lotuta udalak osatu duen egitaraua:

Gaur, ostirala

  • 22:00etan, pilotari profesionalen eskuz binakako txapelketako partidak, Gurea pilotalekuan.

Bihar, larunbata

  • 16:00etan, Zubiaurre igeri elkarteak antolatutako haurrentzako San Andres Igeriketa Saria, Elkargunean.
  • 16:30ean, Raka Maraton taldeak antolatutako XVII. Herri Lasterketa, plazatik abiatuta.
  • 22:00etan, helduen danborrada, herriko kaleetan zehar.

Etzi, igandea

  • Goizean, herriko baserritarren azoka, herriko plazan, eta ehoziri edo bolillo erakusketa, Kontzejupean.
  • 11:00etatik aurrera, Garapenean Bidelagun azoka, herriko plazan.
  • 12:00etan hasita, Bizkargi musika eta dantza eskolako musikarien nahiz dantzarien eta Txalkor txistulari taldeko kideen kalejira, herriko kaleetan zehar.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide