Bizkargi eskolak Santa Zezilia eguneko kontzertua eskainiko du bihar, Elkargunean

Andoni Elduaien 2022ko aza. 24a, 09:00
Iaz, Kontzejupean egin zuten emanaldia Bizkargi eskolakoek. (Anartz Izagirre)

17:30ean, eskolako trikitilariak eta pandero jotzaileak kalera aterako dira. 18:30ean, berriz, Santa Zezilia eguneko kontzertua eskainiko dute talde ezberdinetako ikasleek, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan.

Bihar, ostirala, Bizkargi musika eta dantza eskolako ikasleek Santa Zezilia eguneko kontzertua eskainiko dute, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. 18:30ean hasiko da musika eta dantza emanaldia, eta han parte hartuko dute musika tailerretako eta dantza nahiz musika tresna talde ezberdinetako ikasleek. Emanaldia baino lehen, ordea, eskolako trikitilariak eta pandero jotzaileak kalera aterako dira 17:30ean, eta kalejiran arituko dira kontzertu ordura arte. Musikalean ekimenari lotutako kalejira eskainiko dute.

Emanaldia, musika hizkuntza taldeko kideek hasiko dute, trikitixa eta pandero ikasleen laguntzarekin. Ondoren, dantza taldekoak taularatuko dira, eta horiek ere trikitixa eta pandero doinuak izango dituzte bidelagun. Eskolako abesbatza izango da oholtzara igotzen hurrengoa, eta horiek Bo Yabo Haboker eta Egingo dugu eztanda abestiak kantatuko dituzte jendaurrean.

Dantza taldeak zinta dantza ere eskainiko du gero, txistu eta danbolin doinuek lagunduta. Soka taldeko biolin jotzaileek, aldiz, Doraemon eta Bourrée abestiak joko dituzte. Emanaldia amaitzeko, eskolako banda gazteak Waltzing Matilda, The Wellerman eta Pepas abestiak eskainiko dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide