'Sexu eta lan-ustiapenerako salerosketa' txostena aurkeztuko du arratsaldean Malen Etxeak

Patricia Viviana Ponce eta Silvia Carrizo Malen Etxeako kideak. (Malen Etxea)

18:30ean aurkeztuko dute txostena Malen Etxeako kideek Elkarguneko Oteiza aretoan. Sexu eta lan-ustiapenerako salerosketari buruz arituko dira hizlariak.

Gaur, asteazkena, Sexu eta lan-ustiapenerako salerosketa txostena aurkeztuko du Malen Etxeak, Elkargunean. 18:30erako jarri dute hitzordua, eta bertan nabarmenduko dute sexu bidezko indarkeriak eta esplotazioak emakumeengan duen eraginaz hitz egingo dute, besteak beste. Silvia Carrizok eta Patricia Viviana Poncek egindako txostenaren berri emango dute Oteiza aretoan. Haurralde fundazioarekin eta Malen Etxearekin elkarlanean diharduten lagunen esperientzia praktikoekin eta hurbilketa teorikoekin osatu dute dokumentua.

Txostenaren arabera, sexu eta lan-ustiapenerako salerosketaren "kausak ugariak" dira, eta horien dinamikak "testuinguru sozial, klase sozioekonomiko edo talde jakinetatik haratago" zabaltzen dira. "Ez da fenomeno berria, ezta leku edo herrialde bati lotutakoa ere. Sexu-esplotazioari lotuta dauden biktimek gaitzespen handia jasaten dute gizartean, estigmatizatu egiten dira, eta kalte psikosozialak pairatzen dituzte, askotan konponezinak", nabarmendu dute.

Malen Etxeako kideen arabera, pertsonen salerosketa "XXI. mendeko esklabotza modu berria" da, eta "hirugarren hedatuena" nazioz gaindiko krimenetan. "Beharrezkoa da emakume askok zer indarkeria eta esplotazio egoera jasaten duten ezagutaraztea. Gure kultur-inguruneko herrialdeetan migrazioekin lotuta dago pertsonen salerosketa, baina lan esplotazioaren eremuan zailagoa egiten da biktimak identifikatzea".

Hemen irakur daiteke txostena osorik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide