Euskara arnas

Arnasgune izaerari eusteko

Arbela, euskara lehenetsita, Orioko Zaharren Babeslekuko atarian. (Aiora LarraƱaga)

Hirigintza bulegoetan hartzen diren erabakiek euskararen etorkizuna baldintza dezakete. Orio izan zen HAPO egiterakoan hori kontuan hartu zuen Euskal Herriko lehendabiziko udalerria.

Mikel Zalbide euskaltzainak askotan esan du euskararen etorkizuna gehiago jokatzen dela hirigintza departamentuetan, euskara zerbitzuetan baino", hasi da Jabier Zabaleta Orioko Udaleko euskara teknikaria. Eta Zalbideri arrazoiaren parte bat behintzat aitortu dio Zabaletak. "Izan ere, Hirigintza departamentuan hartzen diren erabakiek definitzen dute gerora herri horrek izango duen garapena. Erabaki horiek baldintza ditzakete herriaren fisionomia eta egitura, baita kanpotik zenbat jende etorriko den bizitzera ere. Horrek eraginak izaten ditu, besteak beste, hizkuntzan".

Adibideak badirela esan du Zabaletak, eta bere garaian dezenteko zalaparta sortu zuen bat ekarri du gogora: "Baztango herri txiki-txiki batean egin nahi zuten makroproiektu bat, golf zelai batekin eta hotel batzuekin. Proiektu hura gauzatu izan balute, erabat aldatuko zen herri hartako giroa: han sortuko ziren lanpostuak, hara joango zen jendearen profila... Horrelako gauza batek bihur lezake, ordura arte euskararen arnasgune izan den toki bat, zeharo bestelako leku".

Horren jakitun, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean aspaldi hasi ziren gaia lantzen, alegia, hirigintza planak onartu behar zirenean, hizkuntzaren alderdiari ere erreparatzeko kontzientzia sortzen, eta Zabaletak gogoan du pare bat urtean horren inguruko jardunaldiak ere egin zituztela Donostian. "Hortik etorri zen Eragin Lingustikoaren Ebaluazioa (ELE) egitearen kontua, azkenean lege izatera iritsi dena".

Egun, udalek legez dute betebeharra hirigintza plan orokorrak egiten dituztenean haren gaineko ELE egiteko, ingurumen inpaktua neurtzeko azterketa egitea ezinbestekoa duten modu berean. Oriok, ordea, 2016an urtarrilean, artean legeak agintzen ez zuenean, egin zuen ELE, garai hartan udalak esku artean zuen Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) aurreproiektuaren gainean. Euskal Herriko aurreneko herria izan zen horretan. "Zer gertatu da gero? HAPOren tramitazioa izugarri luzatu dela, eta oraintxe, urtea bukatu aurreko udalbatzarrean, nahi diote lehenbiziko onarpena ematea". Zabaletaren esanetan, aurreproiektuak «aldaketa dezente» jasan ditu ordutik, "beraz, litekeena da ELE hark dagoeneko bete-betean ez balio izatea". Ainara Munduate Hirigintza zinegotziak ziurtatu du, baina, orduan egindako lana kontuan izan dutela, genero ikuspegia kontuan izan duten modu berean.

Terrazetan ere euskaraz

Oriokoa "esperientzia pilotu" moduko bat izan zela ziurtatu du Goizane Arana Uemako teknikariak. "Beste zenbait herrialdetako ereduen berri bagenuen, baina Oriokoak aukera eman zigun ELE nola egin urratsez urrats geuk idatzi ahal izateko". Orain, ELE udal denek egiten dutela ziurtatu du, "beste gauza bat da gero zenbat kasu egiten dioten hirigintza planak gauzatzerakoan, baina, esan liteke, Urola Kostako udalek badutela kontzientzia hori".

Horretan ez ezik, Orio aintzindaria izan da terrazen udal ordenantzaren barruan euskara lehenesteko betebeharra sartzen ere. "Terrazen ordenantza berria egin beharra zeukan udalak, ikusi genuen aukera zegoela betebehar hori sartzeko, eta halaxe egin genuen", azaldu du Zabaletak.

"Turismotik-eta ari bagara Ongi etorri euskararen herrira dioten kanpainak egiten, euskara balio erantsi gisa saltzen, ez du zentzurik kalean ditugun kartelak erdaraz egoteak". Aurki urtea beteko da araua indarrean jarri zutela, eta herriko merkatarien eta ostalarien aldetik erantzun ona izan duela baieztatu du Zabaletak. "Agindu bakarrik ez, horretarako bitartekoak ere eskaini dizkiegu, eta batzuei pixka bat gehiago kostatzen ari zaien arren, oro har nahiko txukun ari dira".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide