Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako autobus zerbitzuak antolatu ditu Bertsozale Elkarteak

Julene Frantzesena 2022ko aza. 21a, 17:11

Azkoititik ere izango da autobusez joateko aukera, eta interesa dutenek Bertsozale Elkartearen webgunean eman beharko dute joan-etorrirako izena, hamabost euro ordainduta. Abenduaren 18an izango da finala, Iruñeko Nafarroa Arenan.

Abenduaren 18an, igandez, izango da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala Iruñean, eta Bertsozale Elkarteak hainbat herritatik Iruñera joateko eta handik itzultzeko autobus zerbitzuak antolatu ditu. Azkoititik ere izango da autobusez joateko aukera, eta interesa dutenek Bertsozale Elkartearen webgunean eman beharko dute joan-etorrirako izena, hamabost euro ordainduta.

Abenduaren 3a izango da autobuserako izena emateko azken eguna, eta elkarteak hilaren 11n jakinaraziko du herri bakoitzetik zer ordutan abiatuko den Iruñerako autobusa. Finala 11:00etan hasiko da Nafarroa Arenan. Saio horretarako sarrera guztiak agortuta daude dagoeneko, eta oraindik erabakitzeko dago –bigarren itzuliko bi finalerdi falta dira– zein bertsolari ariko diren txapelaren bila.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide