Sanandresak 2022

'Oi lur', musika eta dantza ikuskizun dotorea oholtzaratu dute

Nerea Uranga 2022ko aza. 19a, 22:26

San Andres jaien bueltako dantza eta musika ikuskizun berria estreinatu dute gaur, Baztartxon, Sahatsa dantza taldeak, Iraurgi abesbatzak eta Azkoitiko Udal Musika Bandak.

Sahatsa dantza taldeak, Iraurgi abesbatzak eta Udal Musika Bandak Oi, lur musika eta dantza ikuskizuna eskaini dute gaur, zapatua, 19:00etan, Baztartxo antzokian. San Andres jaien bueltan bi urtean behin hiru taldeek prestatu ohi duten ikuskizuna da gaur eskaini dutena; aurtengoa, ordea, hiru urtera izan da.

Baserri munduan girotutako lan artistikoa aurkeztu dute Baztartxoko oholtza gainean batu diren ehun lagun inguruk. Baserriko lanen koreografiak modu desberdinetan interpretatu eta erakutsi dituzte Sahatsako dantzariek, ikuskizuna erakargarria eta ikusgarria eginez. Dantzak janzkera eta koreografia dotoreekin erakutsi dituzte, eta dantza bat baino gehiagotan Iraurgi abesbatzakoen eta bandakoen ahotsak nahiz musika izan dituzte lagun, eta bai abesbatzak eta bai bandak ere piezaren bat edo beste interpretatu dute dantza artean.

Ikuskizunaren erdialdean, Sahatsa dantza taldeak eta Iraurgi abesbatzak oroigarri bana eman diote Jexux Arrizabalaga Tata Azkoitiko Udaleko Kultur teknikari erretiratu berriari. Hura oholtza gainera igoarazi, eta bertan Agurra dantzatu diote. Era horretan, hark urteetan egindako lana eskertu nahi izan dute kultur taldeek.

Saioaren bukaeran, Baztartxon bildutako herritarren txalo zaparrada jaso dute ikuskizunean parte hartu dutenek, eta Sahatsa dantza taldeko, Iraurgi abesbatzako eta Azkoitiko Udal Musika Bandako zuzendariek lore sorta bana jaso dute Azkoitiko Udalaren eskutik, Javier Zubizarreta alkateak, Sonia Vazquez Kultura zinegotziak eta Mari Jose Arregi Euskara zinegotziak emanda.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide