Kintopeko hamahiru idi pare lehiatuko dira San Andres Idi Dema Sarian

Andoni Elduaien 2022ko aza. 18a, 11:15
Gurea pilotalekuko probalekuan jokatutako idi probetako bat. (Ibon Errazu)

Astelehenera bitartean, egunero jokatuko dituzte idi probak Gurea frontoian. Igandeko dema 18:00etan izango da, baina gainerako beste egun guztietan 22:00etan jokatuko dute lehia. Gipuzkoako Kintopeko Txapelketarako azken proba puntuagarria izango da. Bestalde, bihar kontzertua eskainiko du Huntza musika taldeak plazan, 23:00etan.

Gaur, ostirala, hasiko dute Gurea pilotalekuko probalekuan San Andres Idi Dema Saria. Astelehenera bitartean, Euskal Herri mailako kintopeko hamahiru idi pare arituko dira nor baino nor gehiago. Sariketari ekiteko, gaur, Txokolate (Errezil, Gipuzkoa), Belamendi (Errezil, Gipuzkoa) eta Igeldo (Ezkio, Gipuzkoa) etxeetako idiak lehiatuko dira 22:00etan.

Bihar, larunbata, jokatuko dute bigarren jardunaldia; Mendigoiti (Eibar, Gipuzkoa), Billabaso (Jatabe, Bizkaia), Tubilla (Gatika, Bizkaia) eta Zumeltxu (Zamudio, Bizkaia) etxeetako idiak izango dira protagonistak, 22:00etatik aurrera. Igandean, Artola (Oiartzun, Gipuzkoa), Maia (Aia, Gipuzkoa) eta Oliden (Orio, Gipuzkoa) arituko dira nor baino nor gehiago, 18:00etan hasita. Astelehenean izango da San Andres Idi Dema Sariko azken jardunaldia, eta orduan, A. Gabirondo (Orio, Gipuzkoa), I. Pagadizabal (Hondarribia, Gipuzkoa) eta Zornotza (Zalla, Bizkaia) etxeetako idiek jokatuko dute proba. Azken eguneko demak 22:00etan hasiko dira.

Ipintza harriarekin jokatuko dute San Andres Idi Dema Saria. Azkoitiko txapelketa, gainera, Gipuzkoako Kintopeko Txapelketarako azken proba puntuagarria izango da. Uztarri onenek abenduaren 12an jokatuko dute finala, Aian (Gipuzkoa).

Huntza, motorrak berotzeko

Gero eta gutxiago falta da San Andres egunerako, baina asteburu honetatik aurrera jai giroan murgiltzeko aukera izango dute herritarrek. Irailean baieztatu bezala, bihar, Huntza musika taldeak kontzertua eskainiko du herriko plazan, 23:00etatik aurrera. Huntza taldea musikari gipuzkoarrek otsatzen dute, baina Bilbon sortu zuten taldea 2014. urtean, musikarien unibertsitate garaian.

Jendaurreko lehen agerpen publikoa 2016. urtean egin zuen taldeak, Ertzetatik diskoa aurkeztuta. Harrezkero, herririk herri eta plazarik plaza dabil. Lumak nahiz Lasai, lasai lan laburren eta Xilema bigarren lan luzearen ondoren, taldeak iaz kaleratu zuen bere azken diskoa: Ezin ezer espero. Musika taldeak bigarren aldiz eskainiko du kontzertua Azkoitian; izan ere, azkenekoz 2019ko apirilaren 13an izan ziren herriko plazan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide