Askotariko ekintzekin dator bueltan Plaza Ondo elkartearen Jubilatuen Astea

2019an jokatutako karta joko txapelketako irudia.

Azaroaren 28tik abenduaren 4ra bitartean ospatuko dute Jubilatuen Astea Azkoitian. Karta eta bingo saioak, bisita gidatuak eta jan-edanerako hitzorduak egingo dituzte egun horietan. Ekintza gehienetan parte hartu ahal izateko, izena eman beharko da datorren astean, elkartearen bulegoan.

Bueltan da Plaza Ondo jubilatuen elkarteak antolatutako Jubilatuen Astea. 2019. urtean ospatu zuten azkenekoz astea; izan ere, azken bi urteetan ez dute hura ospatzerik izan osasun egoerak hala behartuta. Azaroaren 28tik abenduaren 4ra bitartean egingo dute aurten Jubilatuen Astea, eta askotariko ekintzetan parte hartzeko aukera izango dute herriko jubilatuek, besteak beste, bingo eta karta joko txapelketetan, bisita gidatuetan eta jan-edanerako hitzorduetan.

Azaroaren 28an, astelehena, emango diote hasieran aurtengo Jubilatuen Asteari, Juan Bautista Mendizabal historialariak zuzenduko duen bisita gidatuarekin. Erdi Aroko Azkoitia ezagutzeko aukera izango dute jubilatuek, besteak beste Balda jauregia eta Andre Mariaren Jasokundeko parrokia. 16:00etarako jarri dute hitzordua Balda plazan bertan. Bestalde, San Andres egunean, jan-edanerako tartea hartuko dute jubilatuek. Txorizoa eta txikitoa eskainiko dizkiete Orbela tabernan 11:00etatik 13:00etara bitartean, baina horretarako, txartela jaso beharko dute jubilatuek elkartearen bulegoan.

Abenduaren 1ean, ostegunez, bingo saioa egingo dute elkartean. 17:00etan hasiko da saioa, eta sari bereziak banatuko dituzte. Abenduaren 2an, berriz, seiko urrea eta eskoba karta jokoen txapelketa azkarrak egingo dituzte elkartean, 16:00etan hasita. Karta jokoetako lehen, bigarren eta hirugarren sailkatuek BM supermerkatuan gastatzeko bonuak irabaziko dituzte.

Abenduaren 4an, azkenik, meza eta bazkaria egingo dituzte Plaza Ondoko jubilatuek. 11:00etan, meza egingo dute parrokian, eta 14:00etan, bazkaria Joseba jatetxean. Plaza Ondo elkarteko bazkide direnek 38 euro ordainduko dute menua —kontsomea, kroketak, iberikoak, onddoen nahaskia, bakailaoa ranero erara, entrekota, postrea, ardoa, kafea eta kopa—, eta bazkide ez direnek, 41 euro.

Izen-emateak, datorren astean

Plaza Ondo elkarteak azaroaren 21etik 25era bitartean edukiko du zabalik ekintza horietan guztietan izena emateko epea. Elkartearen bulegoan eman beharko da izena, eta batzordekideek gogorarazi dute inskripzioa egiterakoan nahitaezkoa izango dela bakoitzak elkarteko bere bazkide txartela erakustea. Bisita gidatuan eta bingo saioan parte hartzeko ez da beharrezkoa izango izena ematea. Bestalde, San Andres eguneko hitzordurako txartela jaso beharko da bulegoan, eta karta joko txapelketetarako nahiz abenduaren 4ko bazkarirako nahitaez eman beharko da izena.

Bestalde, bihar, Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak Donostian egingo duen manifestazioan izango dira Plaza Ondoko kideak, eta dei egin diete herritarrei han parte har dezaten. 17:30ean abiatuko da manifestazioa Alderdi Ederretik. Soldatak eta pentsioak KPIaren araberakoak izatea eta 1.080 euroko gutxieneko soldatak bermatzea aldarrikatuko dituzte deialdian.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide