Udalak Guraso Eskola berrartu du Lehen Hekuntzako ikasleen gurasoentzat

2019ko Guraso Eskolen saio bateko irudia.

2019. urtetik etenda egon da Guraso Eskola pandemia tarteko, baina egitasmoari berriro ekin dio aurten Azkoitiko Udalak. Lehen Hezkuntzako ikasleen gurasoei zuzenduta, doako zortzi saio antolatu dituzte, eta izen-ematea zabalik da dagoeneko. DBHko ikasleen gurasoentzat aurrerago eskainiko dituzte saioak.

Azken bi urteetan izurria dela-eta geldirik izan ostean, Guraso Eskola berrartu dute 2022-2023 ikasturterako Azkoitiko Udalaren Gizarte Zerbitzuen Sailak eta Berdintasun, Prebentzio eta Gazteria arloek. Dagoeneko martxan dute Lehen Hezkuntzako ikasleen gurasoei zuzendariko saioen antolakuntza; azaroan, abenduan eta urtarrilean izango dira saioak, eta dagoeneko ireki dute izena emateko epea. Guztira, doako zortzi saio eskainiko dituzte, eta horiek astearteetan izango dira, 15:15etik 16:45era, Elkargunean. DBHko ikasleen gurasoentzako saioak ere antolatuko dituzte aurrerago, otsailetik apirilera bitartean, hain zuzen ere.

Guraso Eskolan askotariko gaiak jorratuko dituzte; besteak beste, honako gaiak landuko dituzte saio horietan: seme-alabekin emozioak lantzeko erremintak eta aholkuak; estresa kudeatzeko estrategiak; denbora antolatzeko jarraibideak; afektibitatearen garrantzia eta pornoaren eragina; sare sozialen erabilera edota komunikazioa.

Izen-ematea, zabalik

Dagoeneko zabaldu dute Guraso Eskolan izena emateko epea, eta azaroaren 22a bitartean egongo da horretarako aukera. Batetik, aurrez aurre eman daiteke izena udalaren Gizarte Zerbitzuen Sailean —astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 15:00etara— edota Elkargunean dagoen Gazte Informazio Bulegoan —astelehenetik ostiralera, 16:30etik 20:00etara—. Bestetik, posta elektronikoz ere egongo da horretarako aukera, gizar@azkoitia.eus helbidera idatzita. Saioetan parte hartzea doakoa izango da, eta izena ematerakoan honako datuak zehaztu beharko dira: izen-abizenak, sexua, harremanetarako kontaktua eta seme edo alabaren adina eta sexua, ikastetxea eta hizkuntza.

Saioak azaroaren 22an eta 29an, abenduaren 13an eta 20an, eta urtarrilaren 10ean, 17an, 24an eta 31n izango dira, eta udalak dagoeneko zehaztu du saio bakoitzean zein gai landuko diren —ikusi hemen, dokumentua—. Hona hemen saio bakoitzean landuko diren gaien zerrenda:

  • 1. saioa. Kokapena.
  • 2. saioa. Emozioak.
  • 2. saioa. Estresa.
  • 4. saioa. Denboraren antolaketa.
  • 5. saioa. Afektibitatea eta hezkuntza sexuala.
  • 6. saioa. Sare soziala.
  • 7. saioa. Komunikazioa.
  • 8. saioa. Amaiera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide