LF Challenge ligaren aurtengo denboraldiko hirugarren garaipena eskuratu du Domusa Teknik ISB taldeak. Atzo, zapatua, jokatu zuten jardunaldia Alter Enersun Al-Qázeres Extremadura taldearen aurka Elkargunean, eta indartsu hasi zuten norgehiagoka. 20-11 amaitu zen lehen zatia etxekoen alde, baina bigarren zatian saskiratze gutxi egin zituzten Joseba Lizarralderen neskek, eta markagailuan aldea murriztu zuen kanpoko taldeak. Hala eta guztiz, azkenean garaipena erdiestea lortu zuen Domusa Teknik ISBk, eta 58-52 amaitu zen partida. Josephine Kiesse de Barros izan zen atzokoan saskiratze gehien egin zituen etxeko jokalaria: 22 puntu egin zituen hark.
Atzoko garaipenarekin, markagailuan 12. postuan dago orain Azkoiti-Azpeitiko taldea, eta ligako 10. jardunaldia datorren astean jokatuko dute, etxetik kanpo. Hain zuzen ere, La Cordá de Paterna NB taldearen aurka neurtu beharko ditu indarrak etxeko taldeak, Paternan (Valentzia, Herrialde Katalanak). Sailkapeneko hirugarren postuan dago egun Valentziako taldea; beraz, etxeko taldearentzat haiek mendean hartzea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula izango. Azaroaren 20an, igandea, izango da partida, 12:45ean.
Mutilek, atsedena
Urrezko LEB ligako mutilek, bestalde, atsedenaldia izan dute aste honetan, eta datorren astean jarraituko dute ligarekin. Etxean izango dute norgehiagoka, hilaren 20an, sailkapeneko lehen postuan dagoen Morabanc Andorra taldearen aurka. Elkargunean izango da partida, 19:00etatik aurrera. Momentuz, norgehiagoka bakarra irabazi du aurtengo denboraldian Azkoiti-Azpeitiko taldeak, eta sailkapeneko postuetan gora egiteko abagune bikaina izango du datorren astean.