Konplizeak

Jexux LarraƱaga 2022ko aza. 13a, 08:30

Jexux Larrañagak honako gutun hau igorri du Maxixatzenera, Capital Energy enpresa Oletan egitekoa den zentral eolikoaren harira.

Lehen lerro honetatik adierazten dut amorruz idazten ari naizela eta, agian, horrek nire adierazpen trebetasun mugatua oraindik gehiago okertu dezakeela. Ez dut nahi, ordea, hori oztopoa izan dadin, helburua irakurleak idatzia bere osotasunean irakur dezala baita.

Martxoan Capital Energy enpresak Oleta-Samiño-Izazpi mendigunean lau zentral eoliko erraldoi (ia 200 metroko altuera izango dutenak) eraikitzeko proiektua aurkeztu zuela jakin nuenean ezin nuen sinetsi. Nire sen onak esaten zidan hau ez zela posible, hori gune zoragarria baita, ehunka aldiz disfrutatu dudana (duguna), eta herriak eta udalak aho biziz berehala erantzungo ziotela eta ezezko irmoa adierazi.

Baina ez! Nire harridurarako herrian ia ez da ezer mugitu. Udalak enpresako ordezkariak hartu ditu eta ondo entzun ere. Aitzitik, inguruko herrietako udalek (Urretxu, Zumarraga, Elgoibar, Soraluze eta Antzuola) proiektuen kontrako mozioak onartu dituzte hasieratik, ia beti aho batez; hau da, EH Bildu eta EAJ-PNV-ren oniritziz. Baina Azkoitian, ezer ere ez. Isiltasuna.

Herritarrei dagokienez, gutxi batzuk izan dira lehen momentutik proiektuaren kontra azaldu direnak eta Oletan ere Ez! kolektiboa osatu dute, ekintza ezberdinak martxan jarriz, horien artean proiektuaren kontrako firma bilketa bat. Orri hori sinatu nuen, bai, eta kolektibokoek jakinarazi duten moduan, beste 1.000 azkoitiarrek ere gauza bera egin dute. Eskerrak norbaitek bere sen ona mantentzen duen! Gainera, adierazi dutenez, mozioa ere aurkeztu omen dute udalean, baina alkateak momentuz plenoaren gai zerrendara ez eramatea erabaki du. Isiltasuna berriro ere.

Askorentzat horrelako proiektuei ezin zaie ezetz esan, energia fosilarein amaitu behar dugulako eta energia berriztagarrietara jo. Neurri handi batean ados nago: energia berriztagarria izan behar dugu etorkizunean… baina honek ez du esan nahi trantsizio honetan edozein proiektu onartu behar denik. Trantsizio ordenatua izan behar da, eta momentu honetan duguna "oihanaren legea" da. Gauzak egiten ari diren modua ez da batere ekologikoa, jasangarria edota hiritarrentzat onuragarria, egungo sistema energetikoa menperatzen duten enpresak eta oligarkiak sistema berriaren jaun eta jabe izaten jarraituko baitute. Gainera, energia produzitu nahian beste baliabide askorekin amaitzen ari dira (paisaiak, lurra, mineralak…). Momentua, ordea, aproposa da uholde berde honi bultzada emateko, beldurtuta baikaude eta etorkizuna beltz ikusten baitugu, batez ere gure poltsikoak kaltetuak ikusten ditugunean gasaren eta elektrizitatearen prezioen igoerarekin. Eta horretaz aprobetxatzen ari da energia industria.

Azkoitiari dagokion proiektura bueltatuz, enpresa sustatzailea Capital Energy da, Madrilgoa, eta 2002an sortu zuen Jesus Martin Buezasek, Espainiako elitearen kideak. Espainian energia berriztagarria ekoizteko proiektu gehien aurkeztu dituen enpresa da, elektrika handien gainetik. 10.000 milioi euro inbertitzeko asmoa du 2026ra arte. Momentu honetan, 400 proiektu eoliko eta fotovoltaiko ditu Espainian eta Portugalen. Inbertsio horri errentagarritasuna lortu nahian Natura 2000 sareko guneetan ere eraikitzeko bi proiektuak aurkeztu izan ditu. Hau da, enpresa honi berdin zaio non, etekin ekonomikoa lortzearen helburua betetzen bada.

Prozesu honetan bere gardentasun falta nabarmena da. Lehenengo, hitz joko modukoak eginez, proiektuei batzuetan izen aldrebesa jarriz (Buruzai, adibidez), horrela biztanleriak zailtasunak izan ditzan eremuak identifikatzeko, gune horien izen zehatza erabiliz gero herritarrengan erreakzio negatibo bat sortzearen beldur baita. Edota bere komunikazioan marketin ariketak eginez. Adibidez, udalarekin hitz egin duenean (bi aldiz oraingoz), beti zenbat etxebizitzetarako energia ekoitziko duen adierazten du. Gezurra! Enpresak 2020an saldu zion Repsoli bere enpresa-adar minorista, hau da, kontsumitzaile txikiei argindarra saltzen diena. Diru beharrean zegoen (eta dago), eta zentral eolikoak eraikitzera eta kontsumitzaile handiei eta beste saltzaileei energia enkantean saltzera zentratuko zela adierazi zuen orduan. Beraz, azkoitiarroi berdin zaigu zenbat etxetarako argindarra ekoitziko duen adierazten badu, berak ez baitigu salduko.

Lehen azaldu dudan moduan, enpresari ez zaio ezer axola non eraikitzen diren zentral eolikoak. Gure inguruan bideratu nahi dituzten proiektuen kasuan hori argi dago. 2018ko irailaren 18ko dekretuak, Azpeitia-Zarautz eremu funtzionalaren Lurralde Plan Partzialaren bigarren aldaketa egiten duena, 34 Paisaia-Interes Bereziko Guneak identifikatzen ditu. Horien artean Irukurutzeta eta Samiñoko mendizerrak edota Sañu-Etumetako "eremu ezin hobeak" daude. Dekretuak berak gomendatzen du "…paisaiaren ekintza planak egitea paisaia babesteko, kudeatzeko eta antolatzeko jarduerak zehazteko". Eta non daude ekintza plan horiek? Ba… ez daude! Nola uler daiteke horrelako izendapena duten guneak babesteko ekintza planak ez izatea eta, aldiz, horiengan eragin negatiboa izango duten enpresa batzuen makroproiektuek aurrera ateratzeko aukera izatea? Dekretuaren espiritua urratzen duen ekintza bat, hain zuzen ere. Nire iritziz, ulertezina.

Izendapen hori gutxi balitz, 137/2003 dekretuak, ekainaren 24kok, Gipuzkoako lurraldean dauden Estazio Megalitiko ezberdinei Monumentu Multzo izendapena ematen die, eta Kultura Ondasun gisa deklaratu babes-araudia ezarriz. Zerrendan Oleta-Izazpi eremuan Iruarrietako Estazio Megalitikoa eta Irimo-Elosua-Irukurutzeta-Karakaten, Elosua-Soraluzeko Estazio Megalitikoa azaltzen dira. Beraz, eremu hauek bere balio arkeologikoagatik Kultura Ondasun dira eta Monumentu Multzo kategorian sartuta daude. Babestu beharreko guneak dira eta horregatik hirigintza-planeamenduarekiko izaera loteslea dute. Hala eta guztiz ere, Gipuzkoako Kultura Sailak lanekin hasteko baimena eman dio Buruzai proiektuari, betiere aurretik zundaketa batzuk egiten badira. Estazio Megalitikoaren erditik pasako den bost metroko zabalera duen eta lau kilometroko luzera duen bidea egitea Ondare Kultural hau babestea al da? Are gehiago, bidearen zati handi bat, enpresak erakutsitako planoetan argi gelditzen den moduan, eremu higagarrian eraikiko da. Eta honek ez al du eragin negatiborik izango mendian?

Kasu honetan, enpresak esaten ez duena (eta beste batzuk agian dakitena eta isiltzen dutena) hauxe da: Monumentu Multzoaren izendapenerako 137/2003 Dekretuan zehazten da bertan adierazitako babes-araubidean jasotako erabilerak eta jarduerak onartuko direla eta eskainitako babesarekin bateraezinak izango direla jasota ez dauden beste erabilera eta jarduerak. Eta onartutakoen erabilera eta jardueren artean ez dago inolaz ere zentral eolikoak eraikitzea. Gainera, bestelako erabilerak eta jarduerak egin ahal izateko, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren berariazko baimena beharko dela zehazten da, baldin eta "babestutako lur-zatietako lurrak iraultzen ez badira edota bertako arkeologia-hondakinei kalte egiten ez bazaie". Enpresak aurkezturiko dokumentazioan, nik dakidanez, ez da inon ageri Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren baimenik.

2002ko Energia Eolikoaren Lurralde Plan Sektorialak (2020an berritu behar zena baina oraindik indarrean dagoena) Samiñon zortzi aerosorgailuen aurreproiektu bat jasotzen zuen eta atzera bota zen bere ingurumen eraginagatik. Buruzai proiektuak lau aurkezten ditu, baina askoz altuagoak eta indar handiagodunak. Lau izateagatik ingurumenean sortuko duten eragina txikiagoa izango al da? Eremura heldu behar den bidea (aurreko kasuan baino zabalagoa izan behar dena, 76 metro luze neurtzen duten palak garraiatzeko), aurretik aipaturiko bideak, sare elektrikorako loturak edota ireki beharreko plataformek (3.500 metro koadro aerosorgailu bakoitzeko eta 500 metro koadro dorre meteorologikoarentzat) ez al dute eragin negatiborik izango babestu beharko ziren gune horietan?

Ulertuko duzue, beraz, nire haserre eta amorrua. Isiltasuna nagusitu da Azkoitian erakundeen, gizarte-eragile batzuen eta biztanle gehienen artean. Gehiago oraindik, isiltasun "estrategikoa" al da? Hau da, konplizeak izaten ari al dira? Ari gara? Enpresa gure desmobilizazioaren jabe da eta gure arduragabekeriaz edota inozokeriaz aprobetxatu nahi da? Ba ez da nire kasua. Telebistako iragarkiak zioen moduan: "Ni ez naiz inozoa". Eta ez naiz konplize izango. Proiektua aurrera ateratzen bada, idatzi hau gelditu dadila azkoitiar honen desadostasunaren testigantza moduan.

Eta, amaitzeko, irakurleak jakin dezala zentral eoliko honek Azkoitiko energia beharren %6 besterik ez dituela beteko. Horrela, babestu beharreko eremu hauetan eraikitzen bada, presta gaitezen inguratzen gaituzten mendi gainetan gure auto-hornikuntza ziurtatuko duten horrelako beste 30 dorre erraldoientzat tokia egitera. Tamalez batzuen esanetan hori da egin beharrekoa… inongo planifikaziorik gabe. Mendiak horrela industrializatzen baditugu, zer natura geldituko zaigu? Zer utziko diegu hurrengo belaunaldiei? Ah, bai! Metaverso-a!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide