Esker ona eta aitortza herriko odol emaileentzat

Mailo Oiarzabal 2022ko aza. 12a, 09:36
Omendutako odol emaileak, Odol Emaileen Elkarteko ordezkariekin eta Zubizarreta alkatearekin, Elkarguneko ekitaldiaren amaieran. (Mailo Oiarzabal)

25 alditik gora odola eman duten 43 azkoitiarrek jaso zituzten atzo zegozkien oroigarriak Elkargunean. Pandemiarekin behera egin duen arren, Azkoitiak "eredu" izaten jarraitzen duela azpimarratu eta odola urtean bitan edo hirutan ematen duten ia 800 herritarren konpromisoa goretsi zuten Odol Emaileen Elkarteko Luis Arregik eta Javier Zubizarreta alkateak.

Odola 25 aldiz eman duten hamabost gizon-emakumek, 40 eta 60 aldiz eman duten launa emakumek, 50 aldiz eman duten hamar gizonezkok, 75 eta 100 aldiz eman duten launa gizonezkok eta 125 aldiz eman duten bi gizonek, 43 herritarrek guztira, jaso zuten atzo Azkoitiko Odol Emaileen Elkartearen aitortza Elkarguneko Herriko Plaza aretoan.

Azken hiru urteotan, koronabirusaren pandemia iritsi zenetik, areto berean egiten dituzte odol ateraldiak, eta momentuz bertan jarraituko dutela aipatu zuen Odol Emaileen Elkarteko Luis Arregi Izpizuk oroigarri banaketaren aurreko hitzartzean. COVID-19a "gelditzera etorri" dela ere esan zuen Arregik, odol emaileen eta elkartearen ohituretan eta antolaketan izan duen eragina nabarmenduz.

Hain zuzen ere, pandemiak hainbat odol emailek atzera egitea ekarri duela zioen Arregik, eta horrek izan duela eragina kopuruetan. Izan ere, aurreko urteetakoak baino apalxeagoak izan dira azken urteko emaitzak, eta Azkoitikoak goi mailako emaitzak izan dira aurten ere: 780 herritarrek ematen dute odola Azkoitian, populazioaren %7k, odol beharrak asetzeko ehunekoa adituek %3an kokatzen dutenean.

Beherakada txikia izan da, baina kezka puntu batekin hitz egin zuen Odol Emaileen Elkarteko kideak, joera orokor baten barruan kokatu behar delako. Horregatik, odol emaile beteranoei zuzendutako esker oneko hitzek aparteko indarra izan zuten atzokoan, bai Arregiren, bai ondoan izan zuen Javier Zubizarreta alkatearen ahotan. Harro agertu ziren biak Azkoitiak odol emateen esparruan beste behin erakutsitako eskuzabaltasunagatik, eta pozik, herriak "eredu" izaten jarraitzen duelako.

Era batera edo bestera laguntza ematen dieten guztiak ere eskertu nahi izan zituen Arregik (tartean, Maxixatzen), bereziki udalaren laguntza goraipatuta; Zubizarretak, berriz, bueltan eman zizkien eskerrak Arregiri eta elkarteko lantaldeari. Lantaldeari dagokionez, hain zuzen, jende berri eta gaztearen beharra aipatu eta elkartera batzeko deia egin zuen Arregik.

Omendutakoak eta haien ingurukoak elkartu ziren Herriko Plaza aretoan atzo iluntzean. (M. Oiarzabal)

Luis Arregi eta Javier Zubizarreta, ekitaldiaren hasierako hitzaldien tartean. (M. Oiarzabal)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide