Eguraldi bikaina lagun, kanpai hotsek hartu dute beste urte batez San Martin auzoa

Anartz Izagirre 2022ko aza. 11a, 12:33

Urtero moduan, goizean goizetik hasita dozenaka haur, gazte eta heldu izan dira San Martingo ermitan kanpaia jotzen. Festa giroa hasi besterik ez da egin, eta arratsaldean ere izango da kanpaia jotzeko aukera. Bihar, berriz, VII. San Martin Mendi Lasterketa egingo dute.

Eguraldi bikaina lagun dutela, San Martin eguna ospatzen ari dira gaur, azaroak 11, San Martin auzoan. Urteroko usadioari jarraituz, hainbat izan dira goizean goizetik hasita San Martin ermitara kanpaia jotzera joan diren herritarrak; haurrak, gazteak zein helduak izan dira bertan. 11:00etan geldialdia egin dute, meza izan baita, baina gainontzean etengabeko kanpai hotsa da nagusi herrian; une batzuetan, gainera, ilarak ere sortu dira kanpaia jotzeko. Arratsaldean ere izango da horretarako aukera.

Kanpaia jotzeaz gain, San Martin ermitako ondaregunea bisitatzeko aukera ere badute herritarrek gaurkoan. Museoa zabalik egongo da 14:00etara bitartean, eta arratsaldez, 16:00etatik 19:00etara ere bai. Munibe arkeologia taldeak, gainera, bisita gidatuak eskainiko ditu egunean zehar; 12:00etan egin dute aurrena, eta bigarrena 17:00etan egingo dute.

Bihar, mendi lasterketa

Bihar, berriz, VII. San Martin Mendi Lasterketa egingo dute San Martin jaiekin jarraitzeko. Umeentzako eta helduentzako lasterketak prestatu dituzte; 10:40ean hasiko da haurrena, eta helduena, 11:00etan. 7,5 kilometroko eta 400 metroko desnibel positiboa duen ibilbidea prestatu dute. Helduen lasterketetan parte hartu ahal izateko, izena eman beharko da 10:00etan San Martin mikologia elkartean, eta hamar euro ordaindu beharko da izen-ematea.

Lasterketa irabazten duten gizon-emakumeek Kurutzia baserriak emandako produktuak jasoko dituzte. Era berean, antolatzaileek zozketak egingo dituzte lasterketan parte hartzen duten guztien artean. Lasterketa amaitu ondoren, Elkargunean dutxa hartzeko aukera egongo da, eta ondoren, hamarretakoa eskainiko dute San Martin mikologia elkartean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide