Julen Alberdi: "Lan zaila izango dugu Larrañagari eusten; hasieratik saiatuko naiz gogor"

Andoni Elduaien 2022ko aza. 11a, 09:54
Julen Alberdi (eskuinetik hasita, bigarrena) finalean ariko diren beste bost aizkolariekin, Azpeitiko finalaurrekoaren ondoren. (Nerea Uranga)

Igandean jokatuko dute Bilbon III. Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finala. Azpeitiko finalaurreko kanporaketan bigarren denbora onena egin ondoren, aizkolari akoitiarra da txapela janzteko faboritoetako bat.

Urriaren 22an jokatu zuten Azpeitian III. Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finalerdia, eta orduan denbora onena egin zuten sei lagunek jokatuko dute etzi txapelketaren finala Bilboko Bilbao Arenan. Sei finalistetatik hiru eskualdekoak dira: Mikel Larrañaga azpeitiarra, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra eta Eneko Otaño beizamarra. Ugaitz Mugertza, Txomin Amundarain eta Ibai Soroa dira txapela lortzeko beste hiru hautagaiak. Guztira, lau kanaerdiko, lau 60 ontzako eta lau oinbiko enbor ebaki beharko dituzte protagonistek.

12:00etan hasiko da proba, eta eskualdeko hiru aizkolariek garbi dute "lehia gogorra" izango dela. Larrañagak egin zuen Azpeitian denborarik onena (18:46), eta hark Txikia IV.a eta Otaño ikusten ditu txapela lortzeko aurkari handienak. "Lan txukuna egiten badut, aurreneko postuetarako lehian ibili behar nuke. Txikia IV.a oso ondo dabil; Urrezko Kopa ere hark irabazi zuen, eta badakit lan ona egingo duela finalean ere", adierazi du azpeitiarrak. Hain zuzen, aizkolari azkoitiarra sailkatu zen azpeitiarraren atzetik finalerdian (20:03). Finalean "galtzeko ezer ez" duela sinetsita, azkoitiarrak ere "eginahal guztiak" egingo ditu txapela lortzeko, nahiz eta badakien zein den Larrañagaren egungo maila. "Larrañaga oso ondo dago, eta era horretako lanetan ondo aritu ohi da. Lan zaila izango dugu hari eusten, eta horregatik, hasieratik saiatuko naiz gogor". Otaño izan zen hirugarrena Azpeitian (21:04), eta hura ere gogotsu dago, "urteko egunik garrantzitsuena" baitute aurretik. "Lan onena egiteko asmoa dut igandean. Azken finalean bezala, aurten ere txapela irabaztera aterako naiz. Alde handirik ez dago aizkolarion artean, eta guztiok ibiliko gara txapelaren borrokan".

Prestaketa, beharrezkoa

Igandekoa bezalako final bat gogotik prestatu beharra dago, baina hiru aizkolariak sentsazio guztiz desberdinekin iritsiko dira lehiara. Finalari begira, Larrañagak lan luzeak egin ditu etxean. "Nahiko gustura nago nire buruarekin. Lan luze dezente egin ditut, eta espero dut finalera neure burua gehiegi erre gabe iristea. Azken astea lasai hartu dut, eta ea puntu-puntuan ailegatzen naizen". Txikiak ere osatu ditu dagoeneko entrenamendurik gogorrenak; hura ere entrenamendu luzeak egiten aritu da. Azkoitiarraren esanetan, "gabezia handiena" oinbiko enborretan ikusi du. "Gipuzkoako Txapelketan ikusi nuen Larrañagak eta Otañok oinbiko enborretan kentzen zidatela denbora. Hori horrela, enbor horiekin lan egiten ahalegindu naiz azken asteetan". Otañok apirilean beste hitzordu berezi bat izan zuen, orduan jokatu eta irabazi baitzuen Xabier Orbegozo Arria V.aren aurkako desafioa. Harrezkero, "punturik onena" aurkitu ezinean dabil beizamarra, baina bizpahiru entrenamendu gogor eginda, horiek "sentsazio onekin" amaitu ditu. «Apustua jokatu ostean, indar faltarekin-edo sentitu naiz. Azken hiru asteetan errekuperatzen saiatu naiz atseden pixka bat hartuta, eta ea freskotasunarekin iritsita, finalean lan txukuna egiteko gai naizen".

Iker Vicente faltako da igandeko finalean, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren lehen bi edizioetako txapelduna. Otsagabiako aizkolariak Euskadiko Federazioaren lehian aritzea hobetsi du, baina hura falta arren, "ikuskizun nahiz borroka handia" izango dira Otañoren ustez. "Punta-puntan dabiltzan beste aizkolariak izango dira igandeko finalean. Kirolari bat falta arren, atzean beste batzuk egon ohi dira. Lehia handia izango da eta estua. Futbolean ere Bartzelona Champions Leaguetik kanpo gelditzen denean, txapelketak aurrera jarraitzen du, eta garrantzia bera izan ohi du. Gauza bera gertatzen da aizkolaritzan ere". Beste berrikuntzetako bat da kulturaren eta kirolaren arteko uztarketa; hain justu, Zetak, Zea Mays eta Sune taldeek joko dute Bilbao Arenan etzi, eta 15 eurotan jarri dituzte salgai sarrerak. "Gurearen moduko txapelketak ikusteko, oro har, 30-40 euro ordaindu behar izaten dira. Kontzertuetan pabilioiak betetzen ari diren taldeak arituko dira igandean, eta beraz, ikusten da ahalegin berezia egin dela prezioa finkatzerakoan. Jendearentzat erakargarria izango delakoan gaude", adierazi du Alberdik.

Adostasunera ezin iritsi

Federaziotik ateratako kirolariek sortutako Ezpal elkarteak antolatu du hirugarrenez txapelketa. Federazioarekin zituzten desadostasunak tarteko, 2020an hura uzteko erabakia hartu zuten hainbat aizkolarik, tartean eskualdeko hirurek. Txikia IV.ak dioenez, orduan federazioari eskatzen zioten Ezpal elkarteak "orain egiten dituen gauzak" egitea. "Kirolari beste itxura bat ematea, sare sozialetan beste irisgarritasun bat izatea, eta, oro har, aizkolaritza XXI. mendeko kirol bat bezala tratatzea eskatzen genuen. Ez zuten gure iritzia aintzat hartu, eta horregatik atera ginen federaziotik".

Ezpal elkartean lehen eta bigarren mailako 21 aizkolari daude egun, eta horiek guztiek badute "prestutasuna" federazioarekin biltzeko eta akordio batera iristeko. Orain arte, ordea, ezinezkoa izan da. "Federazioko zenbait arduradun banakako deiak eginez-eta saiatu dira gure taldea hausten. Jokabide horrekin zaila izango da ezer lortzea".

Azkoitiarraren arabera, joan den martxoan elkartu ziren azkenekoz federazioarekin, baina orduan ez zuten "proposamen garbirik" jaso. "Bilerak egin ditugu, eta gauza desberdinak jarri dituzte mahai gainean. Erabaki bat hartuta zuten, ordea: Ezpal elkarteko aizkolariok federazioko txapelketetan parte hartuko bagenuen, hirugarren mailan hasi behar genuen". Ez dute eskaintza onartu, batetik, ez dutelako bidezkoa ikusten hirugarren mailan hastea, eta bestetik, aizkolaritzarentzat ere "txarra" delako. Hala arrazoitu du Alberdik: "Ezpaleko aizkolariak orain hirugarren mailan hasiko bagina, eta gerora bigarren mailara igota maila osoa bete, 18-20 urteko gazte hasiberri batek zer ilusio izango luke etorkizunera begira? Kontuan izan behar da bi aizkolari besterik ez direla igotzen mailaz. Irudipena dut, federazioa kirolari baino gehiago bere egoerari begira dagoela", adierazi du aizkolari azkoitiarrak.

Kontuak kontu, igandean jokatuko dute III. Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusiaren finala. Eskualdeko hiru aizkolariak dira gaur-gaurkoz txapela janzteko faborito nagusiak. Finala Gol telebista kateak emango du zuzenean, eta euskaraz jarraitzeko aukera ere izango da.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide