Gaztetxoak zientzia tailerrak ari dira egiten egunotan Aizkibel liburutegian

Andoni Elduaien 2022ko aza. 10a, 08:59
Zientzia tailerrak ari dira egiten egunotan liburutegian. (Udala)

Atzo, Eraiki zure zelula izeneko tailerrean parte hartu zuten LH3 mailatik LH6 mailara arteko ikasleek. Gaur egingo dute Zientzia Asteko bigarren tailerra, Hidrogeno berdea izenekoa.

Zientzia Astea tarteko, zientzia tailerrak egingo dituzte aste honetan Aizkibel liburutegian. Atzo, asteazkena, egin zuten lehen saioa, Eraiki zure zelula izenekoa. Ikasleak biologia zelularraren arloan murgildu ziren, eta haiek zelularen osagai ezberdinak birsortzeko eta haien funtzio desberdinak era dinamikoan nahiz aktiboan ulertzeko jolasak egin zituzten. Era berean, ikasitako guztia zelularik originalena egiteko baliatu zuten, eta Petri plaka batean sartu ondoren, etxera eraman zuten.

Gaur, bestalde, Hidrogeno berdea izeneko tailerrean parte hartuko dute izena emandako haurrek. Ikasleek energiari buruzko erakusketa bereziak ikusiko dituzte, baita ekintza desberdinak egin ere. Energia berriztagarrien inguruko ezagutza garatzeko aukera izango dute haurrek tailer horretan. 17:30ean hasiko da lehen saioa, eta bigarrena, 18:45ean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide