Langabetuak laneratzeko prestakuntza eskainiko du Iraurgi Berritzenek azaroaren 28tik aurrera

Anartz Izagirre 2022ko aza. 8a, 16:15
Elektrikari baten irudia. (Pixabay)

Igeltseritzaren, iturgintzaren eta elektrizitatearen inguruko ezagutza oinarri duen ikastaroa izango da, eta hilaren 28an hasi eta 2023ko maiatzean bukatuko da. Dagoeneko irekita dago izen ematea.

Langabetuak laneratzea helburu duen prestakuntza antolatu du Iraurgi Berritzen garapen agentziaren Enplegu arloak datozen hilabeteetarako. Urola Erdian ElkarEkin Eraginez III-UE3 proiektuaren barruko ikastaroa izango da, eta igeltseritza, iturgintza zein elektrizitatea ditu oinarri. Proiektu horren helburua, hain zuzen ere, partaideei gaitasun profesionalak eta soziolaboralak ezagutzeko zein pratekatzeko aukera eskaintzea da, beren gizarte zein lan egoera hobetzeko lan prozesuak osatuaz. Era berean, lan arriskuen prebentziorako prestakuntza eskainiko zaie parte-hartzaileei.

Prestakuntza tailer hori 500 ordukoa izango da, teorikoa zein praktikoa. Datorren azaroaren 28an hasiko da, eta 2023ko maiatza bitartean izango dira saioak. Dagoeneko irekita dago izena emateko epea, eta honako hiru telefonoetarako batera deitu beharko dute interesa duten herritarrek: 688 87 35 89 (Sandra), 688 75 84 94 (Maite) edo 688 75 95 90 (Maialen).

Garapen agentziako kideek nabarmendu dutenez, azken urteetan "ekintza lerro estrategiko ezberdinak" ari dira garatzen eskualdeko eragileekin lankidetzan, langabezia murrizteko eta enplegua sustatzeko xedez. Hain zuzen ere, horren barruan kokatzen da Urola Erdian ElkarEkin Eraginez III-UE3. Proiektu horren bitartez, besteak beste, zailtasun egoerak dituzten pertsona langabetuei gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbide egokituak eta eraginkorrak eskaintzea da, horretarako eskualde mailako zerbitzuak integratuta.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide