Eduki babestua

Bizirik jarraitu nahi duen herria

Erredakzioa 2022ko aza. 9a, 09:30

Kalitatea, gertutasuna eta konfiantza dira, besteak beste, Azkoitiko merkatariek eskaintzen dituzten ezaugarri nagusiak. Baina elementu horiez gain, herrian erosteak badu balio erantsia: Azkoitia eraikitzen eta bizirik mantentzen jarraitzea.

Hainbat dira herri batek bere esentzia eta nortasuna mantentzeko behar dituen elementuak. Tartean, bizirik jarraitu nahi duen edozein herrirentzat ezinbestekoa da tokian tokiko merkataritza, gertukoa zein kalitatezkoa, merkataritzak kaleen, auzoen eta komunitatearen motore izaten jarrai dezan.

Kontsumitzen dugunaren jabe izateak aberatsago egiten gaitu. UNICEF erakundeak kontsumo arduratsuak dituen ondorio positiboak defendatzen ditu, ingurumena eta pertsonak aintzat hartuta, eta Azkoitiko merkatariok gauza bera sinesten dugu. Horregatik, produktuen kalitatea, gertutasuna eta konfiantza eskaintzen dizkiegu azkoitiarrei.

Funtsean, herritarra da herria egiten duena, izan norbanako moduan nahiz taldean. Beraz, garrantzitsua iruditzen zaigu herritar guztiei merezi duten bezalako eskaintza eta tratua bermatzea. Horregatik, arretatsuak gara bezeroekin eta Azkoitiko herriarekin. Produktu soilak eskaintzeaz gain, herria osatzeko eta eraikitzeko dugun konpromisoari eusten diogu. Hainbat ekintza antolatzen ditugu urtean zehar, erosketak egiteko erraztasunak emateko eta gure bezeroa fidelizatzeko nahiz saritzeko. Bat egiten dugu Azkoitia eraikitzeko azkoitiar guztiok dugun konpromisoarekin, gure izatearen parte ere badelako.

Tokian tokiko saltokietan kontsumitzeak ez die soilik merkatariei egiten mesede, herritarrek ere igarri ditzakete Azkoitian erostearen abantailak; izan ere, erosketak egitetik haratago, esperientzia oso bat da herrian kontsumitzea. Etxetik atera eta ezagunak dituzun aurpegiak ikustea, ezagutzen dituzun kaleetatik eta txokoetatik igarotzea, aspaldi ikusi ez duzun lagun batekin kafea hartzea... Nork ez du buruan herriko kaleetan bizi izandako halako une gogoangarriren bat?

Konfiantza da Azkoitiko merkatariok eskaini ahal dugun beste abantailetako bat. Iruzurrak ez du lekurik gurean. Eskaintzen dugunaren salneurria eta kalitatea egiazkoak dira, ez du trikimailurik, eta gainera, zuk zeuk egiaztatu dezakezu erosi aurretik.

Amaigabeko eskaintza

Sinesten dugun guztia bermatzeko askotariko eskaintza ziurtatzen diegu herritarrei, eta esku-eskura jartzen diegu eskaintza hori, nahi dutenerako. Horren erakusle da sektore desberdinetan banatuta dugun saltokien eskaintza zabala eta askotarikoa, produktu aukera paregabearekin. Nahiz berehalako beharra izan, nahiz kapritxoa izan, gure dendetan aurkituko duzu! Elikaduran (harategiak, arrandegiak, frutategiak eta okindegiak); ostalaritzan (tabernak eta jatetxeak); pertsonen eta etxeko ekipamenduetan (arropak, oinetakoak, osagarriak eta kirol produktuak, teknologia, etxe tresnak eta abar), ongizatean eta edertasunean (ile-apaindegiak, fisioterapia zentroak, belar dendak, parafarmaziak, optikak eta lurrindegiak), eta nola ez, askotariko zerbitzuetan (tindategiak, aseguru etxeak, kopia dendak, paper dendak, eta abar) ere topa ditzakete herritarrek beren gustuko produktuak.

Azkoitiarren aldeko gure jarrera argia da: berehalakotasuna eta erosotasuna nagusitu diren egungo gizarte honetan, betiko merkataritzaren aldeko apustua egiten dugu. Parez parekoa, gertukoa, fisikoa eta kalitatezkoa; herritarrei konfiantza ematen diena, eta aldi berean, herritarren konfiantza jasotzen duena; ingurumenarekin eta bezeroarekin arduratsua dena; esperientzia oso bat edukitzeko abagunea eskaintzen duena; ezagutzen ditugun bizilagunen gustu eta beharretara egokitutakoa. Azkoitiarekin eta azkoitiarrekin konpromiso sendoa duen komunitatea gara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide