Domusa Teknik ISBk garaipena eskuratu du Kordoban

Andoni Elduaien 2022ko aza. 6a, 10:00
Domusa Teknik ISB taldea, garaipena ospatzen.

Domusa Teknik ISBk 57 eta 61 irabazi zuen atzo Kordoban (Espainia), eta herenegun, ostirala, 84 eta 73 galdu zuen Juaristi ISBk HLA Alicanteren aurka. Biek ala biek beheko postuetan jarraitzen dute.

Domusa Teknik ISBk denboraldiko bigarren garaipena eskuratu zuen atzo, larunbata, Kordoban (Espainia). Lehia estua atera zuen aurrera Joseba Lizarralderen taldeak; izan ere, 57 eta 61 irabazi zuten Milar Cordoba Baloncesto Femenino taldearen aurka. Juaristi ISBk, aldiz, 84 eta 73 galdu zuen etzi, ostiralean, HLA Alicante taldearen aurka. Bizi-bizirik iritsi zen azken laurdenera Mikel Odriozolak zuzentzen duen taldea, baina etxekoak gehiago izan ziren bai erasoan eta bai defentsan.

Balio handiko garaipena eskuratu zuten Domusa Teknik ISB taldeko emakumeek Kordoban. Lehen laurdenean, ondorengo hiru laurdenetan ez bezala, puntu sorta ederra eskuratu zuten bi taldeek; gainera, aurretik amaitu zuen laurdena ISBk (20 eta 21). Bigarren hamar minutuetan, ostera, puntuz urri zeudela erakutsi zuten bi lehiakideek; bost puntu saskiratu zituen etxeko taldeak eta 11 ISBk. Halere, errenta polita eskuratu zuen atsedenaldirako Lizarralderen taldeak, zazpi puntukoa, hain zuzen (25 eta 32).

Aldageletatik bueltan, andaluziarrek estuago hartu zituzten ISBko emakumeak, eta markagailuko errenta jan zion Azkoiti-Azpeitiko taldeari, bi puntura hurbilduz (46 eta 48). Estu-estu eta guztia erabakitzeko zegoela iritsi zen neurketa azken laurdenera. Lizarralderenek, ordea, gogor borrokatu zuten putzutik irteteko behar-beharrezkoa zuten garaipena lortzeko, eta hortzak ondo estututa, lortu egin zuten. Azken emaitza, 57 eta 61 izan zen, Domusa Teknik ISBren alde. 

Atzo, Josephine De Barros izan zen ISBko jokalari onena, 22 puntu saskiratuta eta 21 puntuko balorazioa eskuratuta. Datorren larunbatean, azaroak 12, Alter Enersun Al-Qazeres Extremadura taldearekin neurtuko dituzte indarrak ISBko emakumeek Elkargunean, 17:00etan hasita. Sailkapenaren goiko postuetan dabilen aurkaria izango dute ISBko emakumeek, kontrario zaila.

Juaristi ISBk ezin Alacanten

Bigarren garaipenaren bila joan zen ostiralean Juaristi ISB Alacantera (Herrialde Katalanak), baina ez zuen lortu helburua. Lehen hiru laurdenetan eutsi zion etxeko taldeari Mikel Odriozolaren taldeak, baina azken laurdenean markagailua hautsi eta ihes egin zuen HLA Alicantel. 

Ondo ekin zioten bi taldeek lehiari, pare-parean. 18 eta 17 amaitu zen lehen laurdena etxekoen aldera. Bigarren laurdenean, aldea handitu zuten etxekoek, eta atsedenaldira sei puntuko errentarekin joan ziren (42-36). Aldageletatik bueltan, HLA Alicante baino gehiago izan zen ISB kantxan, eta hiru puntura hurbildu zen markagailuan (57-54). Azken laurdenean, ordea, okertu egin zen guztia Odriozolaren taldearentzat. Neurketa osoan zehar, gainera, etxeko taldeak 40 jaurtiketa libre egiteko aukera izan zuen, eta horietatik 33 saskiratu zituen; aukera gehiegi izan zituen, beraz, Alacanteko taldeak puntuak eskuratzeko. Amaieran, 84 eta 73 markagailuan etxeko taldearen alde. 

Atzo, Khadim Sy nabarmendu zen Juaristi ISBn. 20 puntu saskiratu zituen pibot senegaldarrak, eta 21 puntuko balorazioa eskuratu. Sei jardunalditan garaipen bat pilatuta, sailkapeneko beheko postuetan jarraitzen du Juaristi ISBk. Datorren asteburuan, ISBk ez du neurketarik izango. Hurrengo partida azaroaren 20an, igandea, jokatuko du Elkargunean. Endesa Ligatik Urrezko LEB Ligara jaitsi berri den Morabanc Andorra taldea izango dute aurkari 19:00etan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide