Anaitasunak eta Deustok hutsean berdindu dute Txerloian

Andoni Elduaien 2022ko aza. 6a, 18:27
Mikel Aramendi, Deustoko jokalari baten zaintzapean. (Anaitasuna)

Pare-pareko partida jokatu zuten atzo arratsaldean gorritxoen gizonen lehen taldeak eta deustuarrek Txerloia futbol zelaian. Gol aukera gutxi izan ziren bi ateetan, baina onenak Xabi Artetxek zuzentzen duen taldearenak izan ziren. Emakumeek, berriz, galdu egin dute Erandion (Bizkaia).

Anaitasunak beste puntu bat batu zuen atzo, larunbata, Txerloia futbol zelaian. Deusto taldearen aurka neurtu zituzten indarrak gorritxoek, eta oreka nagusitu zen zelaian. Sailkapenaren goiko aldean dabilen taldea da Deusto, eta gauzak zail jarri zizkion Xabi Artetxeren taldeari.

Arriskurik ez zuten hartu atzeko lerroan ez Anaitasunak eta ez Deustok. Erasoan, berriz, bi taldeak behin baino gehiagotan iritsi ziren aurkariaren area zapaltzera; halere, abagune arriskutsuak sortzeko zailtasunak izan zituzten biek ala biek. Garbiena, beharbada, Ander Pastrian izan zuen. Lan nekaezina egin zuen Anaitasunako aurrelariak, eta area ertzean baloia kontrolatu, bira erdia eman eta jaurti ostean zutoinaren aurka kolpatu zuen hark baloia.

Atsedenaldiaren ostean, deustuarrek izan zituzten markagailuan aurretik jartzeko aukerak. Gorritxoen akats baten ondoren, Deustoko aurrelariak Gorka Masach Anaitasunako atezaina atzean utzi zuen, baina azken unean gola ekiditera ailegatu zen Markel Eskurtza kapitaina; hori izan zen lehena. Bigarren aukeran, berriz, atezainak berak gelditu zuen baloia geldiketa ona eginda. Anaitasuna saiatu zen baloia Deustoren zelaian jartzen, baina oso arrisku gutxi sortu zuen. 

Puntu banaketa justua egin zuten Txerloian. Anaitasunak sailkapenaren erdialdean jarraituko du hamar punturekin, jaitsiera postuetatik puntu gutxira. Datorren asteburuan, atseden astea izango dute gorritxoek. Hurrengo partida, Barakaldo liderraren etxean jokatuko du Artetxeren taldeak azaroaren 19an edo 20an. 

Emakumeek, galdu

Anaitasunaren emakumeen lehen taldeak Erandion (Bizkaia) jokatu du gaur arratsaldean, eta gorritxek hiru eta huts galdu dute San Lorenzo zelaian. Neurketa bakarra galduta iritsi da Erandioko Betiko Neskak taldea Anaitsunaren aurkakora, eta gaur ere gauzak zail jarri dizkiote aurkariari. 

Etxekoek goiz hartu dute aurrea markagailuan; 6. minuturako atzetik zen Anaitasuna. Orduerdia bete denean egin dute bigarren gola etxekoek, gorritxoei neurketa guztiz zailduz. Aldageletatik bueltan, parekatuagoa izan da lehia, baina norgehiagoka luzapenean sartzear zenean iritsi da bizkaitarren hirugarren eta azken gola. Amaieran, Erandioko Betiko Neskak taldeak 3, Anaitasunak 0.

Datorren asteburuan, sailkapeneko punta-puntan dabilen Alaves B taldearen aurka neurtuko ditu indarrak Mikel Barqueroren taldeak. 16:30etik aurrera, San Juan futbol zelaian jokatuko dute partida gorritxoek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide