Abenduaren 4an jokatuko dute XXVII. San Andres Xake Txapelketa

Andoni Elduaien 2022ko aza. 5a, 14:27
Martin zinegotziak eta klubeko xakelariek aurkeztu zuten txapelketa. (Anaitasuna-Kakute)

Anaitasuna Kakute xake taldeak sanandresetako txapelketa aurkeztu du. 150 parte hartzaile inguru espero dituzte, horien artean batzuk "maila oneko jokalariak".

Abenduaren 4an, igandea, jokatuko dute Anaitasuna Kakute xake taldeak antolatutako XXVII. San Andres Xake Txapelketa. Elkarguneko Herriko plaza aretoan jokatuko dute lehia, 10:00etan hasita. Klubeko zenbait xakelarik eta Angel Martin Kirol zinegotziak aurkeztu zuten txapelketa, eta han adierazi zuten klubak hiru helbururekin antolatzen duela txapelketa. "Zuzendaritzaren betiko helburuak dira gure xakelariek etxean txapelketa motibatzaile bat izatea, Euskadiko jokalari onenei aurre egitea eta Azkoitian xakearen egun handi bat izatea da".

Duela hilabete batzuk hasi zen kluba banakako xake txapelketa prestatzen, eta egun, azken hariak lotzen ari dira. 150 lagun inguru parte hartuko dute txapelketan, eta zuzendaritzaren esanetan "maila oneko jokalariak" espero dituzte. Halaber, sari ugari banatuko dituzte parte hartzaileen artean. Hain zuzen, lehen hamar sailkatuek jasoko dituzte sailkapen orokorrari dagozkion sariak. Dena den, rankingaren araberako beste hainbat sari ere banatuko ditu klubak: 20 eta 16 urtez azpiko jokalari onenek, emakume, beterano eta federatu gabeko jokalari onenek eta Anaitasuna eta Xaputarrak klubeko jokalari onenek jasoko dituzte sariak. Txapelketako talderik onena ere sarituko du txapelketaren antolakuntzak. 

Epaileak ere zehaztuta eta lotuta dituzte Anaitasuna-Kakuteko kideek. Mikel Almansa nazioarteko epaileak Aitor Arran, Juan Manuel Villanueva eta Aingeru Virto epaileen laguntza izango du txapelketak irauten duen bitartean. Aitor Sarasketak, berriz, hizlari lanak egingo ditu Elkargunean. Era berean, Anaitasuna Kakutek jakinarazi du omenaldiak ere egingo dituela abenduaren 4an. Horrez gain, adierazi dute lehen sei xake partidak Internet bidez ikusteko aukera izango dela.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide