Aizkibel liburutegiaren zientzia tailerretarako plazak libre daude oraindik

Andoni Elduaien 2022ko aza. 5a, 09:00
Liburutegian egindako zientzia tailer bateko irudia. (Udala)

Bi tailer eskainiko dituzte asteazkenean eta ostegunean liburutegian, eta LH3, LH4, LH5 eta LH6 mailetako haurrek parte hartu ahalko dute horietan. Asteartean, hilak 8, itxiko da izena emateko epea.

Aizkibel liburutegiak Zientzia Astea egingo du datorren astean, eta hori aitzakia hartuta, bi zientzia tailer antolatu ditu. Asteazkenean, azaroak 9, Eraiki zure zelula izeneko tailerra eskainiko dute liburutegian, eta ostegunean, hilak 10, Hidrogeno berdea izenekoa. Egun bakoitzean tailer bakoitzaren bi saio izango dira; 17:30ean hasiko da lehen saioa, eta bigarrena, 18:45ean.

Tailerrok LH3 mailatik LH6 mailara arteko haurrei daude zuzenduta, eta parte hartzeko izena eman beharko da aurrez liburutegian. Hain zuzen, asteartean itxiko du Aizkibelek izena emateko epea. Horretarako, liburutegiko harrerara joan beharko da edo 943-85 08 98 telefono zenbakira deitu.

Bi tailerrei buruz

Eraiki zure zelula tailerra biologia zelularraren arloan kokatuko dute. Umeek zelularen osagai ezberdinak birsortu eta haien funtzio desberdinak era dinamiko eta aktiboz ulertuko dituzte jolas hunkigarri baten bidez. Era berean, ikasitako guztia zelularik originalena egiteko baliatuko dute, eta hura Petri plaka batean sartu ondoren, etxera eraman ahal izango dute. Hidrogeno berdea izeneko tailerrean, bestalde, ikasleek energiari buruzko erakusketa bereziak ikusiko dituzte, baita ekintza desberdinak egin ere. Energia berriztagarrien inguruko ezagutza garatzeko aukera izango dute haurrek tailer horretan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide