Iraurgi Berritzenek eraikuntzaren sektoreari eta gremioei zuzenduriko jardunaldia egingo du hilaren 15ean

Anartz Izagirre 2022ko aza. 6a, 08:50
Intsausti jauregia. (Alex Berasategi)

Jardunaldi horren helburua errentagarriak diren negozioak ixtea saihestea da, eta saioetan eskualdatzearen gakoak landuko dituzte. Azaroaren 15ean, asteartea, 19:00etatik 21:00etara izango da saioa, Intsausti jauregiko lehen solairuan.

Iraurgi Berritzen garapen agentziaren Ekintzailetza arloak eraikuntza sektoreari eta gremioei zuzenduriko jardunaldia antolatu du datorren azaroaren 15erako, asteartea. 19:00etatik 21:00etara izango da saioa, Azkoitiko Intsausti jauregiko lehen solairuan.

Jardunaldi horren helburua errentagariak diren negozioen itxiera ekiditea da, eta horretarako, kontuan hartu beharreko informazioa emango dute jardunaldian; hain zuzen ere, Iraurgi Berritzenek azaldu du planifikazio egoki batetik hasi eta erakintzaren jarduerara bideratuta dauden baliabideen berri emango dutela saioan. "Jubilazioa gertu baduzu edo aurre jubilazioaren ideia buruan izanez gero, egindako inbertsioari etekin ekonomiko bat ateratzea edo langileek jarduerari jarraipena ematea nahi izanez gero, jardunaldi hau zuretzako prestatu da, betiere eraikuntzako edo gremioko jarduera baduzu", nabarmendu dute.

Eskualdatzeko arazoak

Iraurgi Berritzenek jakinarazi du azken bizpahiru urteetan merkataritza eremuko eskualdatzearen gaia lantzen aritu direla Ekintzailetza arloan, eta "orokorra" dela eskualdatzearen arazoa. "Eraikuntza lanbide bezala hartzeko prest dagoen jende falta nabaria da, eskatzen duen dedikazioa eta sakrifizioa tarteko", gehitu dute. Arrazoi horrengatik antolatu du garapen agentziak eraikuntza sektoreari eta gremioei zuzenduriko jardunaldia, eta bertan izango dira PKF Attest, Arotzgi (Gipuzkoako Arotzen Elkartea) eta Instagi (Instalatzaileen Gipuzkoako Elkartea). Eskualdatze zerbitzuen berri emango dute horiek saioan.

Izena eman nahi dutenek telefonoz edo posta elektronikoz eman beharko dute izena, Alazne Larrañagarekin edo Ione Eizagirrerekin. Honakoak dira harremanetarako bideak: alarranaga@iraurgiberritzen.eus edo ieizagirre@iraurgiberritzen.eus eta 688 71 87 77 edo 688 60 12 99 telefonoetara.

Hona hemen jardunaldiaren programa, osorik:

  • 19:00-19:15. Sarrera.
  • 19:15-20:15. Zer eduki behar dut kontuan eskualdatzea nahi badut?
  • 20:15-20:45. Arotzgi eta Instagi elkarteen aurkezpena.
  • 20:45-21:00. Itxiera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide