Ioritz Gonzalez: "Legez bermatu behar dugu edukiak euskarazkoak izatea"

Ane Olaizola 2022ko abe. 9a, 12:22
Ioritz Gonzalez, Ibaiondo kalean. (Argazkiak: Ane Olaizola)

Ikus-entzunezko edukietan euskarak duen presentzia "anekdotikoaz" eta horren ondorioez kezkatuta, Pantailak Euskaraz mugimendua sortu zuten hainbat eragilek 2020an, eta euskarazko eskaintza digitalak bermatu ditzaten, erakundeak mugiarazten dihardu ordutik. Lantaldeko kidea da Ioritz Gonzalez azkoitiarra.

Ogibidez zientzia irakaslea da Ioritz Gonzalez (Azkoitia, 1980), baina euskararen erabileraren gaiak larritu egiten du. Gazteen euskara maila gero eta baxuagoa dela sumatzen du egunerokoan; bestela esanda, uste du gaztelaniaren eragina zuzena dela haien euskaran. Egoera hori ikus-entzunezko sektoreak hartu duen joerarekin lotu du azkoitiarrak: "Gazteei pantailetatik asko iristen zaie egun, eta handik jasotzen duten guztia erdarazkoa da". Egoerari buelta eman nahian ari da lanean Pantailak Euskaraz.

Ikus-entzunezkoen munduan euskarak duen presentzia eskasarekin arduraturik dauden eragileen mugimendua da Pantailak Euskaraz. Zein da egoera?

Euskararen presentzia ez zelako pantailetan ikusten, ildo berean ari ziren lanean ikus- entzunezkoen sektoreko hainbat plataformatako eta taldetako eragileak. Netflix Euskaraz, Disney Euskaraz edota Zinemak Euskaraz plataformetako bozeramaileak bildu egin ziren, eta Pantailak Euskaraz taldea sortzea proposatu zuten 2020an. Haien kezka handiena zen euskarazko oso eduki gutxi daudela; batetik, oso gutxi sortzen delako; eta bestetik, oso gutxi bikoizten delako. Zentzu horretan, taldeak azterketa txiki batzuk egin ditu, eta konturatu gara duela 20-30 urte baino eduki gutxiago bikoizten dela; aldiz, ikusten dugu haurrek eta gazteek askoz gehiago kontsumitzen dituztela ikus-entzunezkoak. Mundu digitalean ia anekdotikoa da euskararen presentzia, eta behar-beharrezkoa ikusten dugu horri buelta ematea. Izan ere, haurren zein nerabeen erreferente guztiak erdaldunak dira, eta horrek eragin zuzena du haiengan. Uemak egindako kale erabileraren azken datuek ere hori baieztatzen dute. Finean, umeek zein gazteek nonbaitetik jaso behar dute jolasteko zein beren hizkera informala eratzeko, eta helduengandik zerbait jasoko dute, baina pantailetatik asko iristen zaie egun. Pantailetatik jasotzen duten guztia erdarazkoa da.

Ikus-entzunezkoetan euskararen presentzia urria dela diozue. Zein dira datuak?

Streaming plataformak aztertzen ditugu, hala nola Netflix eta Dysney, eta tartean behin datuak argitaratzen ditugu sare sozialetan. Esaterako, plataforma nagusietan 2021ean eta 2022an euskarazko zenbat eduki egon diren zenbatu dugu: Filmin plataforman, euskarazko edukien kopurua 65etik 83ra igo da urtebetean; Netflixen, euskarazko hiru eduki izatetik 40 izatera igaro dira; Amazon Primen, bitik 44ra igo da euskarazko eduki kopurua; Rakutenen, aldiz, euskarazko edukirik ez zegoen iaz, eta aurten hamazazpi daude; eta Disneyn oraindik ez dira hasi horretan. Badirudi plataformak pixka bat mugitzen hasi direla, eta hainbat arrazoi egon daitezke horretarako. Noski, horietako bat da egoeraz jabetuta dauden Pantailak Euskaraz bezalako taldeak sortzen ari direla. Plataforma pribatuak dira horiek, ordea, eta guk ezin dugu beren interesen arabera aritu. Egiturazko aldaketa eman behar da ikus-entzunezkoetan, eta legez bermatu behar dugu edukien gutxieneko bat behintzat euskarazkoa izatea. Bestela, plataformen interesen arabera egoten jarraituko dugu, eta modu horretan, gaur-gaurkoz egoera ona izanda ere, baliteke bihar ezer ez egitea erabakitzea. Plataformek ez ezik, kate publikoek ere eskaini behar lituzkete gutxieneko eduki batzuk euskaraz; ez soilik euskara bermatzeko, baizik eta euskararen zein erdararen arteko berdintasunerantz jotzeko. Euskal Telebistak, esateko, arlo horretan asko hobetu dezake.

Ikus-entzunezkoen sektorea irauli dute streaming bidezko plataformek. Zenbaterainoko eragina izan dute horiek kontsumo ereduan?

Zaila da hori neurtzea, aldagai asko baitaude. Baina duela gutxi ikerketa baten emaitzak kaleratu zituzten, eta azterketa haren arabera, gazteek gehien kontsumitzen zuten plataforma Netflix zen; %80k kontsumitzen zuten. Datuak lortzea oso zaila da, baina ziur nago plataformek eragin zuzena dutela. EHUk egindako beste ikerketa baten arabera, gazteek oso-oso gutxi kontsumitzen dute EITB. Ez dakigu zenbakiak jartzen, baina guztiz erabakigarria da euskarak plataformetan duen presentzia, euskarri horiek erabiltzen dituztelako gazteek.

"Lehen, eduki eta aukera gutxiago zegoenean, bikoizketak gehiago funtzionatzen zuen"

Berria egunkariak oraintsu jakinarazi duenez, ETB1ek azkeneko lau hilabeteetan ez du pelikula bakar bat ere eman, ETB3k haurrentzako hainbat film eman ditu, eta aldiz, ETB2k 130 pelikula eskaini ditu, guztiak gaztelaniaz. Zer irakurketa egiten duzu?

Pantailak Euskarazen irakurketa argia da: gaztelaniari askoz ere garrantzia handiagoa ematen zaion joera nabaria da. Sumatzen dugu audientziak eragin handia duela, eta horrek mugitzen duela ETBren joera. Aldarrikatzen duguna, ordea, zera da: euskararen normalizaziorantz joan behar baldin badugu, ETB1ek ETB2k adina garrantzi izan behar duela, ekonomikoki zein edukien aldetik. Dirua nora bideratzen den jakitea lausoa izaten da askotan, baina ez da pertzepzio hutsa gaztelaniazko saioetan euskarazko zenbaitetan baino askoz ere indar gehiago egiten dutela. Ikusi besterik ez dago ETB1en audientzia ordu nagusietan zer saio izaten diren. Edukien kalitatea ere aipatzekoa da, eta arlo horri lotutako azken datuak negargarriak dira. ETBk ez badu euskarazko filmik ematen... Guztia esaten du horrek. Ezinbestekoa da kalitatezko bikoizketara ere dirua bideratzea. Izan ere, nork ikusiko du mundu guztiak dagoeneko gaztelaniaz ikusita duen eta duela hamar urtekoa den film bat euskaraz? Ez da batere ikusiko. Superprodukzio batzuk sistematikoki euskaraz estreinatu beharko lirateke, ahal den heinean behintzat. Duela 30 urte ETBk apustua egin zuen eduki batzuekin; esaterako, guztion oroimenean daude Dragoi Bola marrazki bizidunak. Orain ez dago halakorik; gazteek ez dute erreferentziarik Euskal Telebistan.

Edukien kalitatea aipatu duzu. Euskaraz dagoen eskaintza gainontzeko kateetako programazioarekin lehiakorra al da?

Ez dugu ez denik egiten esan nahi, baina askoz gehiago egin daiteke, eta aipatutako filmen datua oso adierazgarria da. Nahi edo ez nahi, ETB1 eta ETB2 konparatu egiten ditugu, eta esan bezala, gaztelaniazko kateko programazioan euskarazkoan baino askoz ere indar gehiago jartzen da.

Euskarak ikus-entzunezkoetan duen presentzia zuzenean dago lotuta bikoizketarekin. Euskal Herrian bikoizketan lan egiten duten profesionalak bi elkartetan daude bananduta: Bieuse eta EHBE elkarteak. Greban ari dira biak. Egon al da aldaketarik alor horretan?

Horietako bat, Bieuse, Pantailak Euskarazen parte da, eta ez, ez da aldaketarik eman bikoiztaileen artean. Egoera negargarria da: lehen, eduki eta aukera askoz gutxiago zegoenean, bikoizketak gehiago funtzionatzen zuen. ETBk, ordea, erabaki batzuk hartu zituen gero, eta joera aldaketa egon zen. Horrek eragin zuen bikoiztaileen elkarteak grebara jo izana, eta gaur egungo egoera da guztiak langabezian daudela. Gainera, bikoizten den gutxi hori, ikusi egin behar da nola egiten den: zein enpresari ematen zaion lan hori edota langileek zer baldintzatan lan egiten duten. Azken urteetako bidea, zentzu horretan, oso desegokia izan da, eta horren isla da bikoizketa lan oso gutxi eta kalitate baxukoak egin izana.

"Plataforma eta kate publikoek gutxieneko zenbateko bat euskaraz eman beharko lukete"

Bestalde, Espainiako Kongresuak ikus-entzunezkoen lege orokorraren proiektua onartu zuen maiatzean. Pantailak Euskarazek salatu zuen neurri horrek hizkuntza gutxituen berdintasuna ez duela bermatzen. Zergatik?

Lege hori aurrera atera ahal izateko, Katalunian dezente estutu zuten Espainiako Gobernua. Eskatzen zuten legeak euskarazko, katalanezko eta galegozko gutxieneko eduki kopuru jakin bat berma zezala ikus-entzunezkoetan. Espainiako Gobernua, printzipioz, ados agertu zen proposamenarekin, eta legea bere horretan aurrera aterako zela zirudienean, bira bat emanda onartu zuten; soilik Espainiako estatuko plataformei zuzenduta atera zuten aurrera legea. Beraz, legeak, esaterako, Movistar plataformari eragiten dio, baina ez jendeak gehien kontsumitzen dituen Netflixi, HBOri edota Amazon Primeri. Ez zen hori guk aldarrikatzen genuena. Praktikoki, ezerezean geratu da legea.

Erakunde publikoen zer-nolako babesa du Pantailak Euskarazek?

Momentuz, txikia. Harreman batzuk izan ditugu, eta mugimendu batzuk egon dira, baina oraingoz, ezer gutxi.

Katalunia aipatu duzu. Han, alderdi politikoak zein eragileak ari dira plataformek edukiak katalanez eman ditzatela eskatzen.

Nahi edo ez nahi, Katalunia beti erabiltzen dugu konparatzeko ispilu moduan. Katalunian, gure aldean, gauzak argi dituztela sentitzen dugu, bai, behintzat, estamentu publikoaren zati bati dagokionez. Publikoki esan dute askoz ere gehiago egin behar dela, presio gehiago egiten dute eta jendeak askoz ere kontzientzia handiagoa du. Hemen, ez dugu halakorik sumatzen. Egia da Katalunian gu baino biztanle gehiago direla, baina pauso bat aurrerago doaz.

Ba al duzue katalanekin harremanik?

Bai. Taldekide batek harreman zuzena du hango eragileekin, eta une zehatzean elkarri laguntzen ibili izan gara.

Uemak orain dela gutxi kaleratu ditu gaztetxoen eta nerabeen ikus-entzunezkoen kontsumo datuak. Azterlanak egoera makurra azaleratu du euskarazko kontsumoari dagokionez, erdararen oso azpitik baitago. Datuok kezkatzen al zaituzte?

Bai. Hilabeteak egon gara emaitzen zain, eta datuek aipatutako joera negatiboa erakutsiko zutela espero genuen, baita euskararen arnasguneetan ere. Orain, intuizioa egia bihurtu da. Datuetan ikus daiteke erreferentzia erdaldunek zer eragin duten. Horixe da egiten dugun irakurketa, eta horregatik eskatzen dugu neurriak lehenbailehen hartzeko.

"Estamentu publikoen babesa falta zaigu, eta hori sumatzen dugu faltan"

Azterketaren emaitzak aurkezterakoan, zera ondorioztatu zuen Uemak: "Arlo estrategikoa da ikus-entzunezkoena, eta, beraz, hizkuntza politikaren ikuspegitik ezinbestekoa da benetako erabaki sendoak hartzea arlo honetan".

Alde batetik, bertako telebista publikoak euskara, edukien kalitatea eta bikoizketa indartu behar ditu, eta plataformei legez exijitu behar zaie euskarazko edukiak sortzea. Horrek, ordea, erabaki sendo bat hartzea eskatzen du; aldaketa bat egitea hizkuntza bermatzeko, eta momentuz, ez dugu halakorik ikusten. Ez dakit ikus- entzunezkoak garrantzitsuak ez direla uste duten edo ez duten nahi horiei garrantzia ematerik, baina aldaketa politikoa behar da, eragin negatibo horiek dagoeneko begi bistakoak direlako, hizkuntzaren erabilerari lotuta, batez ere.

Ogibidez irakaslea zara, eta nerabeekin egiten duzu lan. Erdarak haiengan duen eragina antzematen al duzu egunerokoan?

Hizkuntzaren erabileran, bai. Zientzia irakaslea naiz, eta egunero aritzen naiz hizkuntzagatik ikasleekin borrokan. Erabiltzen duten euskara gero eta maila baxuagokoa da, eta gaztelaniaren eragina zuzena da haien eguneroko euskaran. Esaterako, hitz erdaldun asko sartzen dituzte batere beharrik gabe, eta gisa horretan, herrietan beti erabili izan diren hitzak baztertzen ari dira. Horrek gure betiko hizkera galtzea eta kanpokoa sartzea ekarri du, euskaraz ari direnean. Nahi gabe egiten dute, ez dira kontziente eta ez diote garrantzirik ematen; hori da tristeena. Ziurrenik, guri ere gauza bera esango zigun gure aurreko belaunaldiak, baina esango nuke azken urteetan joera asko indartu dela: egun erdarak duen eragina askoz ere handiagoa da.

Urtebete baino gehiago da Pantailak Euskaraz sortu zenutela. Orain artekoaren zer balorazio egiten duzue?

Era guztietako iritziak egongo dira, baina nik nahiko balorazio positiboa egiten dut. Taldean oso pertsona jantziak daude, eta gizartean eragin dugula uste dut; estamentu publikoekin kontaktuak izan ditugu, eta euskalgintzako taldeen eta ikus-entzunezko arloko pertsona ezagunen babesa jaso dugu. Dena den, erakunde publikoen alorra lantzea falta zaigu; horixe sumatzen dugu faltan. Uste dut jendea kontzientziatu dela, eta orain arte jabetu gabe zegoena hasi dela gaiak duen garrantziaz konturatzen. Gure lanaren fruituak ikusten ari direla esango nuke, horrek ez du esan nahi, ordea, lanean jarraitu behar ez dugunik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide