Sanandresak 2022

Badatozela

Nerea Uranga 2022ko aza. 29a, 10:20

Nerea Uranga kazetariak azaroko Maxixatzen aldizkarirako idatzitako iritzi artikulua: 'Badatozela'.

Badatoz sanandresak, festa ederrak, nolanahi ere. Jai egun bakar bat izatetik, ospakizunak egun gehiagotara luzatu dira urteen poderioz. Azaroaren 30ari, San Andres egunari, lotutako ekintzak hil honen erdialdeko astebururako hasten dira, eta nahiko txistorra eta talo jan osteko egunaren ondorengo egunetan ere izaten da aleren bat edo beste. Dela kontzertua, dela herri lasterketa, dela helduen danborrada, xake txapelketa, idi probak, txorizo pintxoen eta taloen postuak, herri kirol erakustaldia, dantzarien eta musikarien kalejirak... Askotariko ekitaldiek osatzen dituzte sanandresak.

Gaueko jaiari uko egiten diodanik ezin esan, baina eguneko festa egunak ditut gogokoen; tartean, San Andres egunekoa. Iaz, egun hori, behar bezala ospatzeko aukerarik ez genuen izan; pandemia madarikatua izan zen horretarako oztopoa. Festa eguna baino bost egun lehenago erabaki zuen Udaleko Bozeramaileen Batzordeak San Andres eguneko kaleko ekitaldiak bertan behera uztea. Erabaki hori hartzeko arrazoia, Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratutako COVID-19aren intzidentzia datuen arabera, herrian "egoera gaiztotu" egin zela izan zen. Txistorra eta taloa etxean edota beste nonbait jan behar, zer erremedio.

Sanandresetan Euskaraldia ariketa kolektiboa murgilduta egongo gara

Orduz gero, kendu ditugu musukoak –ea garraio publikoan noiz!–, gelak eta dena delakoak. Desikasi ditugu garai hartan ikasitako gauza asko ere, hala nola inguruko bazterrak ezagutzea, eguneroko pasierak egitea, inorako presarik gabe gauzak astiarekin egiteko tartea hartzea, herrian bertan erosketa gehienak egitea edota bertakoari balioa ematea.

Bolada hura, ordea, pasatu da. Aurrenekoak balira bezala gozatu ditugu musukoa kendu orduko ospatu diren festak. Eta zer arraio! Festak zertarako dira gozatzeko eta ondo pasatzeko ez badira!

Baina festarako kaletarrok baserritarrez mozorrotzen garenean gogoan izan dezagun, ez gaitezen ahaztu, baserritarrak ezinbestekoak direla azoka plaza bizirik mantentzeko, inguruko mendiak, basoak eta larreak zainduta eta garbi mantentzeko nahiz herriko hizkerari —Azkoitiko hitz berezixei, besteak beste—, euskarari, eusteko.

Ez gaitezen ahaztu, sanandresak ospatzen ditugun egun horietan euskararen erabilera sustatzeko Euskaraldia ariketa kolektiboan murgilduta egongo garela –azaroaren 18tik abenduaren 2ra artean da–; egin arigune festarako gunea, izan belarriprest edota ahobizi sanandresetan ere.

Ondo pasatu sanandresak!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide