Joxe Mari Korta saria jasoko du Maritxu Errazkinek

Julene Frantzesena 2022ko urr. 31a, 12:52
Maritxu Errazkin.

Aldalur Anaiak autobus enpresaren sortzaile azkoitiarrak azaroaren 22an jasoko du saria, Gasteizen egingo den ekitaldian. Eusko Jaurlaritzak banatzen ditu sariok, eta epaimahaiak adierazi duenez, Azkoitiko enpresak jakin du "garapen teknologikoen abangoardian" egoten. Autobuseko gidabaimena atera zuen eta horiek gidatzen aritu zen Gipuzkoako lehen emakumea izan zen Errazkin.

Eusko Jaurlaritzak gaur jakinarazi ditu aurtengo Joxe Mari Korta sarien garaileen izenak. Aurtengoan lau sari banatuko ditu erakundeak, eta horietako bat Azkoitiko emakume batek jasoko du: Maritxu Errazkin Aldalur Anaiak autobus enpresaren sortzaileak. Gainerako hiru sariak, berriz, Ana Belen Juaristi Engranajes Juaristi enpresako zuzendari kudeatzaile zarauztarrarentzat, Gonzalo Anton Izadi upategiaren sortzaile arabarrarentzat eta Faes Farmaren presidente Mariano Ucar bizkaitarrarentzat izango dira.

Autobuseko gidabaimena atera zuen eta horiek gidatzen aritu zen Gipuzkoako lehen emakumea izan zen Errazkin. Roque Aldalur senarrarekin batera Alfa Romeo etxeko bi furgoneta erosi eta familia enpresa eratu zuen. Gaur egun martxan da enpresa, eta han lan egiten duten hamahiru lagunetatik sei enpresaren sortzaileen seme-alabak dira. Gaur egun, hemezortzi autobus ditu Azkoitiko Aldalurrek, eta sarien epaimahaiak adierazi duenez, enpresak jakin du "garapen teknologikoen abangoardian" egoten. Errazkinek eta Aldalurrek garraioaren merezimendu domina jaso zuten 1995ean, Fenebusen eskutik.

Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapia buru zuen epaimahaiak saritutako pertsonek lanpostuak eta aberastasuna sortzeko gaitasuna izan dituztela azpimarratu du, baita haien "ezaugarriak" eta horiek eginiko "esfortzua" ere. Bizitzako edo enpresa ibilbidean nabarmendutako enpresaburuei ematen dizkiete sari horiek 2000. urteaz geroztik, ETAk Adegiko presidente zen Korta hil zuenetik. Azaroaren 22an izango da sari banaketa ekitaldia Gasteizen, eta ekitaldiaren buru Iñigo Urkullu lehendakaria izango da.

Honako lotura honetan irakur daiteke iazko maiatzean Andoni Elduaien kazetariak Maritxu Errazkinekin Maxixatzen aldizkarirako egindako erreportajea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide